Ondarroak kontzertu oso berezia izango du maiatzaren 12an, Antxoa Eguna amaitzeko.
Kontzertua doakoa izango da, eta Arrigorri hondartzan egingo da, gaueko hamaiketatik aurrera. Bertan parte hartuko duten bandak Potato, Habana Blus Band eta El Combo Linga izango dira. Zalantzarik gabe, kultura-mestizajearen koktel ezin hobea.
Adin guztientzako eskaintza da hori, baina, batik bat, musika eta giro onaren zaleentzat. Azken batean, gozagarri ederra, ska, reggae, salsa, flamenko eta rumba erritmoekin dantzatzeko. Aukera aparta gau magiko batez gozatzeko.
Potatok, sustraiak Euskadi Tropikal mugimenduan dituen talde gasteiztar historikoak, bere ibilbideko errepertoriorik onena aurkeztuko du, zaleengandik agurtzeko egiten ari den biran, 23 urteko ibilbidearen ostean.
Ska eta reggae soinuen banda beteranoak Aianai, bere sortzailea, izango du partaide. Modu horretara, publikoak zuzenean disfrutatu ahal izango ditu taldearen abesti arrakastatsu guztiak, bai eta taldeak musika ulertzeko duen joera berezia ere, gehiegi konplikatu gabe, baina dibertsioa eta konpromisoa adierazten dituen mezu argia helaraziz.
Kubatik Arrigorri hondartzan lehorreratuko da Habana Blues Band, “Habaneando 2007” biran bete-betean murgilduta.
Eskarmentu handiko musikari kubatarrez osatutako talde ikaragarri hori sortu zen Benito Zambrano zinema-zuzendari espainiar ospetsuaren “Habana Blues” filmeko soinu-banda zuzenean interpretatzeko.
Hain zuzen, filmeko soinu-bandaren arrakasta ikusi eta gero, Espainian gehien saldu den diskoetako bat izan baita —40.000 aletik gora—, taldea gizarte-fenomeno bihurtu da.
Ez da harritzekoa, taldeko partaideek musika latinotik onena bateratzen jakin baitute. Horrela, Kubako erritmo tradizionalak, hala nola, salsa, son eta guajira, uztartu dituzte rock ukituekin eta hiriko estilo modernoekin.
Dayan Abad (gitarra), Kiki Ferrer (bateria), Haruyoshi Mori (baxua), Pedro Pablo Rodríguez (perkusioa), Eduardo Pineda (teklatuak), Boris Larramendi (ahotsa eta gitarra) eta Athanai (ahotsa eta gitarra) musikarien maila kontuan hartuta, zinez, ikuskizun handi baten atarian gaude.
Bukatzeko, El Combo Linga taldeak askotariko estiloak eskainiko ditu. Banda horrek soinu alai eta dantzagarriez beteko du Ondarroako hondartza.
Talde alternatiboa dugu berau, orain dela hamar urte bost madrildarrek eratutakoa. Adibide polita globalizazioa beste era batera ulertzeko, herri desberdinen kultura-aberastasuna errespetatzeko alegia.
Bada, horren berri ematen digute taldearen soinu adierazgarriek, bi gitarra espainiar, baxuak, perkusioak eta ahotsak oinarri dituztela. Flamenko, samba, son, rubma, funk edo musika afrikarraren itxuran, soinuok amets egiteko, kultura desberdinetatik bidaiatzeko aukera ematen digute.
Horrek guztiorrek eragin du banda honek ospe handiko jaialdietan parte hartzea, besteak beste Kanarietako eta Cacereseko Womad, Doctor Music Festival, Etnosur edo Actual jaialdietan, edo bere abestiak soinu-banda izatea “Año Mariano” eta “El penalti más largo del mundo” filmetan. Azkenaldi honetan, halaber, TVEko “Vamos a cocinar con José Andrés” programaren musika egin du, eta nazioartean biran ibili da Bebe abeslariarekin eta El Tío Calambres taldearekin, besteak beste, Mexiko D.F., Buenos Aires, Los Angeles eta Parisen.
Labur esanda, oraingoan ere, Ondarroako Antxoa Egunak kalitate handiko eta kolore anitzeko kontzertuarekin gozatzeko aukera dakarkigu.