Artxiboak: Urria 2006

2006-10-11

Permalink 01:38:39, Atalak: Bote korrituan  

Sakea eta xakea

Noiznahi aurkitzen ditut nire ikuspuntutik aipagarriak, kritikagarriak, arreta-deigarriak diren hitzak. Egunero irteten dira egunkarietan, aldizkarietan, solasaldietan, blog honetan destripatu nahi ditudan jarrera zaharren etsenpluak, diskurtso ankilosatuen islatzaile, nire ustez. Gaur Baztarrika dela, bihar Aristi, etzi Kontseilua, etzidamu Klusterra.

Ezin ditut denak hona ekarri, ezin ditut denak kritikatu, ezin denei buruz mintzatu; baina bururatu zait gure hizkuntzari buruz hor barrena darabilgun paradigma honen antzekoa dela, ziuraski: xake taula bat, non gelaskak bi koloretakoak diren, baina koloreetako bat bestearen gainean ezarria den, gehitua nolabait. Honela esplika ditzaket azken egunetan han-hemenka jaso ditudan aipamen batzu:

Lehengoan Patxi Baztarrikak honela zioen: "Euskara eta gaztelaniaren artean bizikidetza baketsu eta aberasgarria bilatu behar da", eta gero: “Elebitasunarekin inork ez du galtzen, ez euskarak ez gaztelerak”. Irakurri nuen tokian esaten zenez, “euskararen mundua...” eta abar aipatuak ziren. Edo, bestela, kalean Euskara zenbat erabiltzen den neurtzeko ekimena, (gaur egun) Klusterrak abiarazitakoa.

Horiek eta gisa horretakoak irakurrita, badakigu zein den euskaldungoaren zati gehienarentzat xake taularen hondoko kolorea eta zein gainetik ezarria dena: azken hau gure hizkuntza da. Eta laukitxoak txikiagoak dira beste kolorekoak baino, eta erraz asko garbitu dezakegu taula eta hondoko kolorea gero eta hedadura handiagoan dago.

Izan ere, zergatik ez dugu neurtzen karriketan zenbat erabiltzen den gaztelania (agian beste hizkuntzarik ere bai)? Zergatik ez dugu –oraindik- hondoko hizkuntzatzat gurea hartzen? Zergatik Klusterrak berak, “soziolinguistika” klusterra den aldetik, murrizten du bere misioa “euskararen berreskurapen eta normalizaziorako soziolinguistika ezagutza garatzea” izatera? Ez al da, inolako normalizazio prozesurik gertatuko bada, desordezkapen prozesurik ere gertatu beharko, xake taulan beste hizkuntzari uzten zaion eremua txikiagotuz eta?

Tira, xake taularen koloreen adierazgarri hori ontzat emanda, erraz uler dezakegu nola sarritan hitz egiten den “euskararen munduaz”, edo “lan mundua euskalduntzeaz”, edo “orain erronka erabilera baita”. Izan ere, gu euskaldunok “Unibertso bat” osatu baino, (Euskararen Unibertsoa deitu zituzten halako batean Kontseilua sortzeko egin ziren jardunaldiak), eta horrela “gure mundua euskaraz” garatu baino, “euskararen mundua” bide dugu hor nonbait (badakizu, euskalgintzako jendea, irakasleak, idazle, irakurle, musikari... militante horiek...), eta norbera mundu horretan sartu eta atera egin daiteke nahieran...

Baina, “lan mundua euskalduntzea”, hots, “euskara lan munduan normalizatzea”, ez al da zail samarra izanen, bertan dihardugunok aldi berean normalizatzen ez bagara, eta azken hau nola egingo dugun ez bagara gure bizitzaren alor guztietan normalizatzen? Partzialki edo atalez-atal normalizatu? Ez dut uste.

Eman dudan hirugarren esaldia “erabilera da erronka” zen; eta, horra, hemen ere, badirudi bigarren kolorea nahikundez eman dezakegula taula gainean. Baina hondoko kolorea beti present. Motibazioa eta ezagutza edozein neurritan daudelarik ere, erabilpena gora eta behera ibil daiteke. Hori da gure egoera, gure jarrera, gure jokabidea. Eta horregatik neurtuko dugu kalean zenbat euskara erabiltzen den, beste hizkuntzak paisaiaren oinarri bihurturik, eta Euskara adabaki, gehigarri, esfortzua kostatzen den ariketa-gai.

Beste batean gehiago.

----------

MusdeH blog

Honako honetan gogoeta egin eta ideiak balizko irakurleekin konpartitu nahi ditut. Ideiak astindu, bide berriak bilatu, kritikak zabaldu. Eta erantzunak jaso. Guztiaren beharrean gaude.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Mikel Haranburu

musdeh

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution