GEG ekuazioa (ikus Ekuazioa artikulua) ontzat emateak dakartzan ondorioetan badira sakon-sakonak direnak, nahiz eta sinpleki adierazten ahal diren. Gehienetan, denboretan zehar erabili diren deklarazioak antzaldarazi egiten dituzte. Sarritan oso barneraturik dauzkagun lelo eta esamolde ohikoak hustu, tautologia bihurtu edo hankaz gora jartzen dizkigu hark, hots, delako ekuazioa aplikatzeak.
Baten bat ikusi dugu lehenago (ikus Biziberri artikulua), baina uste dut merezi duela beste batzu aztertzera ekartzea eta, tipulari dakiokeen bezalaxe, gure hizkeraren muina biluztea, daramagun mozorroa kentzen hasiz.
Uste dut mozorroa daramagula ia beti; mozorro bat, gauzak argi ikustea galarazten diguna, aitzakitzat sarritan darabilguna, aitzina urratsak ematea saihestea ondorio izan ohi duena. Mozorro deitzen dudana, lehengoan pertsonaia izendatu nuena besterik ez da. Hizkuntza, nolabait esateko, guregandik kanporatu genuen: bizitzaren aspektu askotan, gehiegitan, sortu genuen zerbait gutaz kanpoko, hizkuntza OBJEKTU bihurtu genuen.
Handik aurrera, Euskarari edozer gauza gertatzen ahal zaio, Euskararen egoera -kontzeptu kritikoa- aztergai da, Euskararen alde edo kontra aritu daiteke norbait, Euskarak hura eta bestea behar ditu, Euskara bultzatu, sustatu, defendatu, maitatu, inposatu, babestu eta beste hamaika gauza egin daiteke, eta hori guztia merke-merke, hots, euskaldunoi ezer kostatu gabe, mugitu gabe, gure bizitzetan aldaketarik nimiñoena ere gertatu gabe.
Zentzu horretan, paradigmatikoa izan daiteke "Hemen gaude, Euskararen alde" delako lelo ezagun edo ezinago ospetsua, biltzen baititu gure hizkuntzarekiko bereizkuntza formala eta euskaldunon pasibitate erabatekoa, urteak eta mendeak joan baitira Etxeparek Euskara aurkeztu zigunetik, armairutik atera zedila eskatu zueneko hartatik, hain zuzen ere.
Baina eta, ekuazioa aplikatuz gero, galde egin dezakegu: nolatan ez gara egonen "geure buruaren alde"? Tautologiko suertatzen zaigu beraz: "Hemen gaude geure buruaren alde".
Pasibotasunari dagokionean, akaso egotea bera aldekotasunaren adierazlea da? Eta kontrakoa? Bertan ez egotea Euskararen aurkakotasun erakusgarria da? Sinplekeria galanta litzateke hori. Izan ere, lelo hori adierazpen sinple bat besterik ez da, baina badu alde negatibo hori: horretaraz gero, gu eta Euskara bi gauza desberdin gara. Eta honela planteatuta, Euskarak bere bidea segi dezake, eta guk gurea; ez dute zertan bilakaera berdina izan. Euskara joan daiteke larritasunera, desagertzeko zorian jartzeraino, eta guk jarrai dezakegu gure bizitza lasaian.
Bai, Euskara galtzen ari dela eta, oso sentikorrak gara, baina egin egin ez dugu ezer askorik egiten. Eskatu bai, ea inork, beste inork, altxatzen dizkigun oztopoak eta zailtasunak. Eta manifestazioetan, elkarretaratzeetan, horretarako arrazoiak publiko egiten ditugu: “Hemen gaude, Euskararen alde!”.
Honako honetan gogoeta egin eta ideiak balizko irakurleekin konpartitu nahi ditut. Ideiak astindu, bide berriak bilatu, kritikak zabaldu. Eta erantzunak jaso. Guztiaren beharrean gaude.