Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak kaleratzen duen Administrazioa Euskaraz aldizkarian, azken zenbakian, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak honako baieztapenak egin dizkigu:
“Azken batean, erabileraren erronka irabaziko badugu, lortu beharra daukagu euskara jendearentzako erakargarri izatea. Duela urte batzuk euskara zabaltzeko helduleku nagusia militantismoa zen. Etorkizuneko gizartean oinarri nagusia militantismoa barik, erakarmena izango da, eta hori lortzeko printzipio nagusiak kalitatea eta bikaintasuna dira”
Ez da lehen aldia horrelako ideiak plazaratzen direna; “euskara erakargarri bihurtzea”. Hori omen helburua. Alabaina, zertaz ari gara? Euskara erakargarri bihurtu? Norentzat? Euskal hiztunontzat agian? Erdaldunentzat menturaz?
Hitz horien atzean ikus dezakegu non gauden, zeren eta, munduan ba al da hizkuntzarik bera darabilten hiztunentzat erakargarri ez denik? Hizkuntza oso eta hiztun oso direnen kasuetan, eta bizitza normaltasun halako batez garatzen denetan, zer erakargarritasun berezia behar du izan hizkuntzak erabilia izan dadin? Norentzat ari da, bestela, Patxi Baztarrika?
Ez dut jaun hori kritikatu nahi, hala ere; haren hitzak beste askok erabiltzen ditu. Baina iruditzen zait gezurra berriro ere agerian geratu zaigula. Baztarrikak Euskara erakargarri bihurtu nahi izateak zera esan nahi du, ala euskaldunontzat gure hizkuntza ez da aski, edo zama edo zigorra da, ala uste du erdaldungoa erakarriko dugula gure hizkuntzara, -hau zernahi dela ere-, produktu bikainak eginez.
Bietan ere tranpan gaude: lehena dugu arazo larria, eta zerikusia du euskal hiztunok dugun hizkuntza gaitasunarekin, ziuraski behar baino eskasagoa, edo ditugun lotsa edo konplexuekin. Bigarrenak erdia ustela du. Nola izanen da inoiz gure hizkuntza erakargarria gu geu erakargarriak ez bagara, gure hizkuntza horretan gaitasun eskasa badugu, “erabileraren erronka” irabazi ez badugu?
Izan ere, Baztarrikarena irakurri eta gero, beste baten iritzia ailegatu zait begien aurrera, eta kasik nik emateko nuen erantzuna eman dit. Horri ere nire kritikak egingo dizkiot, baina pasa gaitezen irakurtzera:
“EUSKARA NOLA SALDU
Hizkuntza baten hiztun komunitatearen izaera eta irudia oso garrantzitsuak izan daitezke pertsona batek hizkuntza jakin horren aldeko jarrera positiboa izan dezan. Eta alde horretatik, hizkuntza komunitateak interesgarri eta erakargarri suertatzen asmatu behar du. Zentzu horretan, pizgarri polit eta indartsuak dira euskaraz sortutako liburu, disko eta film gozagarriak, baina baita hizkuntz horretan egoki moldatzen diren kirolari, umoregile eta telebista aurkezle ezagunak ere. Maila guztietan lortu behar du erakargarri suertatzen hizkuntz komunitate batek, eta horretarako, dituen (eta ez dituen) guztiak ondo komunikatzen asmatu behar du, gainontzekoek entzun, ulertu eta baloratzeko moduan gainera. (...) Literaturan eta telebistan, musikan eta publizitatean, zineman eta komikietan, han, hemen edonon eta nonahi, eremu eta maila guztietan behar ditugu berean onak, arrakastatsuak, eredugarriak diren euskaldunak. Hizkuntz komunitatea ez ezik, euskara bera ere aberats eta erakargarriagoa egin eta erakuts dezaketelako. Garrantzitsua da hori, oso: garena komunikatzeari heldu behar diogu. (...) Bada garaia euskararen alde lan egiteko bide atsegin, erakargarri eta eraginkorragoak har ditzagun. Ahaztu ditzagun harridura markak, aginduak, esijentziak, manamenduak. Eta saia gaitezen pertsuaditzen, seduzitzen, jendea euskarara erakartzen”. (Iñigo Fernandez Ostolaza: Euskara eta publizitatea bloga)
Ikusten denez, Iñigok nahastekatzen ditu kontzeptuak, gaur egun oso arrunta zaigun hizketa-moldean (esan nahi dut Euskara eta komunitatea, biak ere subjetu gisa erabiltzen dituela), eta erantzun garrantzitsuak ematen baditu ere, gaitzean berriro ere sartzen da, “euskara bera ere...” aipatzen duelarik, esate baterako.
Dudarik ez dago zerbait erakargarria izanen bada ez dela “hizkuntza bera”, baizik eta bera darabilen hizkuntza komunitatea. “...izaera eta irudia oso garrantzitsuak izan daitezke...” dio; nik "dira" esango nuke. Gainera, ezinezkoa iruditzen zait ezer erakargarria Euskaraz produzitzea euskaldunok hura kontsumitzen ez badugu. (ETB1 akaso? Maiztasun batez agertzen dira polemikak horren kalitatearen inguruan; eta, zertarako nahi dugu kalitate handiko telebista bat hiztunon zati handienak erdipurdikoa bilatzen duen bitartean?).
Komunitate erakargarria eraiki behar dugu, baina horrek ez du esan nahi erakusleihoan paratu behar dugunik, kanpoan dabilen populuarentzat ikusgarri eta erakargarri. Komunitate dinamikoa, abegikorra, bizkorra eraiki behar dugu. Euskara eroso eta gustuz baliatuko duena. Kalitatea bilatu behar dugu; jakina, lehendabizi guregan. Kalitatezko hiztun izan behar dugu. Arazoak arazo, gure gaitasuna eskasa, neurgarria, zalantzazkoa den bitartean, alferrik sortuko ditugu maila altuko kultur produktu "homologagarriak". Baina gure neurrikoak behar ditugu.
Iñakik Euskara jartzen du hizkuntza komunitatearen gainetik. Nik alderantziz. Baztarrikak ez du komunitatea aipatzen. Niretzat oinarria da. Ez da inor gure komunitatera hurbilduko, ez Euskal Herriko eta ez etorkin, gure hizkuntz komunitatearen bizia arriskutan dagoen bitartean, edota “Nafarroan Euskara egoera larrian dago, eta zer esanik ez Iparraldean” behin eta berriz aireratzen badugu. Inor ez da sartzen hondoratzen ari den itsasontzi batean.
Bi iritzietan ere, honako arriskuaren oihartzuna aurkitzen dut: guretzat izan ez ezik, Euskara besteri saldu beharra, edo arrotz jendea gurera erakarri beharra, eta horretarako gezurrezko dekoratu bat ez ote den prestatu nahi dena; publizitate teknikak baliatu, biltzeko papera ezin dotoreagoa erabili, baina barrukoa hutsik, erdi hutsik, guretzat erakargarri ez dena kanpotarrentzat erakargarri bihurtu nahian.
Honako honetan gogoeta egin eta ideiak balizko irakurleekin konpartitu nahi ditut. Ideiak astindu, bide berriak bilatu, kritikak zabaldu. Eta erantzunak jaso. Guztiaren beharrean gaude.