Artxiboak: Otsaila 2006

2006-02-13

Permalink 01:25:39, Atalak: Gure hizkuntza  

Leloa zarai leloa... I

GEG ekuazioa (ikus Ekuazioa artikulua) ontzat emateak dakartzan ondorioetan badira sakon-sakonak direnak, nahiz eta sinpleki adierazten ahal diren. Gehienetan, denboretan zehar erabili diren deklarazioak antzaldarazi egiten dituzte. Sarritan oso barneraturik dauzkagun lelo eta esamolde ohikoak hustu, tautologia bihurtu edo hankaz gora jartzen dizkigu hark, hots, delako ekuazioa aplikatzeak.

Baten bat ikusi dugu lehenago (ikus Biziberri artikulua), baina uste dut merezi duela beste batzu aztertzera ekartzea eta, tipulari dakiokeen bezalaxe, gure hizkeraren muina biluztea, daramagun mozorroa kentzen hasiz.

Uste dut mozorroa daramagula ia beti; mozorro bat, gauzak argi ikustea galarazten diguna, aitzakitzat sarritan darabilguna, aitzina urratsak ematea saihestea ondorio izan ohi duena. Mozorro deitzen dudana, lehengoan pertsonaia izendatu nuena besterik ez da. Hizkuntza, nolabait esateko, guregandik kanporatu genuen: bizitzaren aspektu askotan, gehiegitan, sortu genuen zerbait gutaz kanpoko, hizkuntza OBJEKTU bihurtu genuen.

Handik aurrera, Euskarari edozer gauza gertatzen ahal zaio, Euskararen egoera -kontzeptu kritikoa- aztergai da, Euskararen alde edo kontra aritu daiteke norbait, Euskarak hura eta bestea behar ditu, Euskara bultzatu, sustatu, defendatu, maitatu, inposatu, babestu eta beste hamaika gauza egin daiteke, eta hori guztia merke-merke, hots, euskaldunoi ezer kostatu gabe, mugitu gabe, gure bizitzetan aldaketarik nimiñoena ere gertatu gabe.

Zentzu horretan, paradigmatikoa izan daiteke "Hemen gaude, Euskararen alde" delako lelo ezagun edo ezinago ospetsua, biltzen baititu gure hizkuntzarekiko bereizkuntza formala eta euskaldunon pasibitate erabatekoa, urteak eta mendeak joan baitira Etxeparek Euskara aurkeztu zigunetik, armairutik atera zedila eskatu zueneko hartatik, hain zuzen ere.

Baina eta, ekuazioa aplikatuz gero, galde egin dezakegu: nolatan ez gara egonen "geure buruaren alde"? Tautologiko suertatzen zaigu beraz: "Hemen gaude geure buruaren alde".

Pasibotasunari dagokionean, akaso egotea bera aldekotasunaren adierazlea da? Eta kontrakoa? Bertan ez egotea Euskararen aurkakotasun erakusgarria da? Sinplekeria galanta litzateke hori. Izan ere, lelo hori adierazpen sinple bat besterik ez da, baina badu alde negatibo hori: horretaraz gero, gu eta Euskara bi gauza desberdin gara. Eta honela planteatuta, Euskarak bere bidea segi dezake, eta guk gurea; ez dute zertan bilakaera berdina izan. Euskara joan daiteke larritasunera, desagertzeko zorian jartzeraino, eta guk jarrai dezakegu gure bizitza lasaian.

Bai, Euskara galtzen ari dela eta, oso sentikorrak gara, baina egin egin ez dugu ezer askorik egiten. Eskatu bai, ea inork, beste inork, altxatzen dizkigun oztopoak eta zailtasunak. Eta manifestazioetan, elkarretaratzeetan, horretarako arrazoiak publiko egiten ditugu: “Hemen gaude, Euskararen alde!”.

----------

2006-02-09

Permalink 01:46:07, Atalak: Bote korrituan  

Bi paretak

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak kaleratzen duen Administrazioa Euskaraz aldizkarian, azken zenbakian, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak honako baieztapenak egin dizkigu:

“Azken batean, erabileraren erronka irabaziko badugu, lortu beharra daukagu euskara jendearentzako erakargarri izatea. Duela urte batzuk euskara zabaltzeko helduleku nagusia militantismoa zen. Etorkizuneko gizartean oinarri nagusia militantismoa barik, erakarmena izango da, eta hori lortzeko printzipio nagusiak kalitatea eta bikaintasuna dira”

Ez da lehen aldia horrelako ideiak plazaratzen direna; “euskara erakargarri bihurtzea”. Hori omen helburua. Alabaina, zertaz ari gara? Euskara erakargarri bihurtu? Norentzat? Euskal hiztunontzat agian? Erdaldunentzat menturaz?

Hitz horien atzean ikus dezakegu non gauden, zeren eta, munduan ba al da hizkuntzarik bera darabilten hiztunentzat erakargarri ez denik? Hizkuntza oso eta hiztun oso direnen kasuetan, eta bizitza normaltasun halako batez garatzen denetan, zer erakargarritasun berezia behar du izan hizkuntzak erabilia izan dadin? Norentzat ari da, bestela, Patxi Baztarrika?

Ez dut jaun hori kritikatu nahi, hala ere; haren hitzak beste askok erabiltzen ditu. Baina iruditzen zait gezurra berriro ere agerian geratu zaigula. Baztarrikak Euskara erakargarri bihurtu nahi izateak zera esan nahi du, ala euskaldunontzat gure hizkuntza ez da aski, edo zama edo zigorra da, ala uste du erdaldungoa erakarriko dugula gure hizkuntzara, -hau zernahi dela ere-, produktu bikainak eginez.

Bietan ere tranpan gaude: lehena dugu arazo larria, eta zerikusia du euskal hiztunok dugun hizkuntza gaitasunarekin, ziuraski behar baino eskasagoa, edo ditugun lotsa edo konplexuekin. Bigarrenak erdia ustela du. Nola izanen da inoiz gure hizkuntza erakargarria gu geu erakargarriak ez bagara, gure hizkuntza horretan gaitasun eskasa badugu, “erabileraren erronka” irabazi ez badugu?

Izan ere, Baztarrikarena irakurri eta gero, beste baten iritzia ailegatu zait begien aurrera, eta kasik nik emateko nuen erantzuna eman dit. Horri ere nire kritikak egingo dizkiot, baina pasa gaitezen irakurtzera:

“EUSKARA NOLA SALDU
Hizkuntza baten hiztun komunitatearen izaera eta irudia oso garrantzitsuak izan daitezke pertsona batek hizkuntza jakin horren aldeko jarrera positiboa izan dezan. Eta alde horretatik, hizkuntza komunitateak interesgarri eta erakargarri suertatzen asmatu behar du. Zentzu horretan, pizgarri polit eta indartsuak dira euskaraz sortutako liburu, disko eta film gozagarriak, baina baita hizkuntz horretan egoki moldatzen diren kirolari, umoregile eta telebista aurkezle ezagunak ere. Maila guztietan lortu behar du erakargarri suertatzen hizkuntz komunitate batek, eta horretarako, dituen (eta ez dituen) guztiak ondo komunikatzen asmatu behar du, gainontzekoek entzun, ulertu eta baloratzeko moduan gainera. (...) Literaturan eta telebistan, musikan eta publizitatean, zineman eta komikietan, han, hemen edonon eta nonahi, eremu eta maila guztietan behar ditugu berean onak, arrakastatsuak, eredugarriak diren euskaldunak. Hizkuntz komunitatea ez ezik, euskara bera ere aberats eta erakargarriagoa egin eta erakuts dezaketelako. Garrantzitsua da hori, oso: garena komunikatzeari heldu behar diogu. (...) Bada garaia euskararen alde lan egiteko bide atsegin, erakargarri eta eraginkorragoak har ditzagun. Ahaztu ditzagun harridura markak, aginduak, esijentziak, manamenduak. Eta saia gaitezen pertsuaditzen, seduzitzen, jendea euskarara erakartzen”.
(Iñigo Fernandez Ostolaza: Euskara eta publizitatea bloga)

Ikusten denez, Iñigok nahastekatzen ditu kontzeptuak, gaur egun oso arrunta zaigun hizketa-moldean (esan nahi dut Euskara eta komunitatea, biak ere subjetu gisa erabiltzen dituela), eta erantzun garrantzitsuak ematen baditu ere, gaitzean berriro ere sartzen da, “euskara bera ere...” aipatzen duelarik, esate baterako.

Dudarik ez dago zerbait erakargarria izanen bada ez dela “hizkuntza bera”, baizik eta bera darabilen hizkuntza komunitatea. “...izaera eta irudia oso garrantzitsuak izan daitezke...” dio; nik "dira" esango nuke. Gainera, ezinezkoa iruditzen zait ezer erakargarria Euskaraz produzitzea euskaldunok hura kontsumitzen ez badugu. (ETB1 akaso? Maiztasun batez agertzen dira polemikak horren kalitatearen inguruan; eta, zertarako nahi dugu kalitate handiko telebista bat hiztunon zati handienak erdipurdikoa bilatzen duen bitartean?).

Komunitate erakargarria eraiki behar dugu, baina horrek ez du esan nahi erakusleihoan paratu behar dugunik, kanpoan dabilen populuarentzat ikusgarri eta erakargarri. Komunitate dinamikoa, abegikorra, bizkorra eraiki behar dugu. Euskara eroso eta gustuz baliatuko duena. Kalitatea bilatu behar dugu; jakina, lehendabizi guregan. Kalitatezko hiztun izan behar dugu. Arazoak arazo, gure gaitasuna eskasa, neurgarria, zalantzazkoa den bitartean, alferrik sortuko ditugu maila altuko kultur produktu "homologagarriak". Baina gure neurrikoak behar ditugu.

Iñakik Euskara jartzen du hizkuntza komunitatearen gainetik. Nik alderantziz. Baztarrikak ez du komunitatea aipatzen. Niretzat oinarria da. Ez da inor gure komunitatera hurbilduko, ez Euskal Herriko eta ez etorkin, gure hizkuntz komunitatearen bizia arriskutan dagoen bitartean, edota “Nafarroan Euskara egoera larrian dago, eta zer esanik ez Iparraldean” behin eta berriz aireratzen badugu. Inor ez da sartzen hondoratzen ari den itsasontzi batean.

Bi iritzietan ere, honako arriskuaren oihartzuna aurkitzen dut: guretzat izan ez ezik, Euskara besteri saldu beharra, edo arrotz jendea gurera erakarri beharra, eta horretarako gezurrezko dekoratu bat ez ote den prestatu nahi dena; publizitate teknikak baliatu, biltzeko papera ezin dotoreagoa erabili, baina barrukoa hutsik, erdi hutsik, guretzat erakargarri ez dena kanpotarrentzat erakargarri bihurtu nahian.

----------

MusdeH blog

Honako honetan gogoeta egin eta ideiak balizko irakurleekin konpartitu nahi ditut. Ideiak astindu, bide berriak bilatu, kritikak zabaldu. Eta erantzunak jaso. Guztiaren beharrean gaude.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Mikel Haranburu

musdeh

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution