Artxiboak: Urtarrila 2006

2006-01-24

Permalink 01:10:56, Atalak: Gure hizkuntza  

Biziberri

Adibideetan, Euskara pertsonaia ageri den adibideetan, batzu larri samarrak dira. ‘Euskararen Normalizazioa’ deituriko kontzeptu nagusi horren inguruan, inoiz egin diren ekimen handienetako bat dugu, dudarik gabe, Eusko Jaurlaritzaren eskutik heldu dena.

Eta, Ekuazioa (06-01-17) deitu artikuluan esaten nuena ontzat ematen badugu, hots, gu geu garela, euskaldunak alegia, normalizatu beharrekoak, eta ez Euskara, edo eta, Euskara hizkuntza gisa normalizatzerik ez dagoela hiztunok normalizatzen ez bagara, edo eta, azken batean, hizkuntza bat normalizatzea hizkuntza komunitatea bera normalizatzea dela ("recuperar el euskara es recuperar-nos" esan zuen behin Txepetxek), nola deabru onartu daiteke “EUSKARA BIZIBERRITZEKO PLAN NAGUSIA” deitzea instituzio gorenak abiatzen duen xede hartarako ekimena?

Izan ere, euskaldunak BIZIBERRITZEN ez bagara, alferrik saiatuko dira Euskara biziberritzen; euskaldunak baikara bizi garenok, eta soilik euskaldun bizi garen neurrian, neurri berean hain zuzen ere, dugu hizkuntza bizirik.

Baina ez dakit zein puntutaraino gobernu haren ekimenak hartzen dituen bere babespeko euskaldunak xedetzat. Lantegietan ere, azken denboretan behintzat, herrietan, elkarteetan, Euskara Planak ditugu berrikuntza. Eta udaletan, aspaldi dela, Euskara Teknikariak. Hauek guztiak ditugun bezala, sarritan aurkitzen ditugu Euskara gaitzat jotzen duten ekimen eta egitasmoak. Badirudi, ordea, lotsa handia dagoela erakundeen eta elkarteen aldetik euskaldunoi zuzentzeko, beldurra zuzenki eta babesik gabe euskaldunoi biziberritze lanak proposatzeko. Zeren eta, azkenean, edozein plan, egitasmo edo plangintza gauzatzekotan, edo langileek, edo herritarrek, edo ikasleek gauzatu behar izaten dute, beti. Nahiz eta bataioan delako ekimenari “Euskara-zerbait” eman zaion izentzat.

Beldur naiz kontua ez ote den benetan ondorio larriak ekarriko lituzkeela Euskara euskal hiztunak garela onartzeak; ondorio politikoak, noski. Horiek, ordea, beste artikuluren batean azalduko ditut, ene aburuz. Ondorioak erakunde politikoentzat, “Euskara-Erakundeentzat”, “Euskaltzaleentzat” ere.

Gaurko artikulua ez da, seguraski, oso garbia izan; ea hurrengoetan osatu eta aferari argi gehiago ematen diodan. Oraingoz, bego honetan.

----------

2006-01-20

Permalink 00:30:52, Atalak: Gure hizkuntza  

Ezkutuka

Aurreko mezuen hariari jarraiki, esango nuke egunero aurkitzen dudala Euskara izendatu dudan pertsonaia, bizkor eta agerkoi. ARGIAk egunero igortzen didan ‘Euskal Kulturaren Haria’ horrelako agerpenez josirik dago. Dauzkan beste kultur edukiak eta bestelakoak alde batera utzita, niri intereseko zaizkidan hizkuntzaren ingurukoak bildu ohi ditut. 2005 urtean 33 word orrialde bete ditut. Bitxia bada ere –niri hala iduri- atala “Normalizazioa” izenpean garatzen da, nahiz eta atal horretan denetarik agertu ohi den: aldeko berriak zein kontrakoak.

Aurrekoan iradokitzen saiatu nintzenez, euskaldunok Euskara delako pertsonaia horren atzean ezkutaturik geratu nahi dugula ematen du; urrutira gabe, herenegun agertu zuten berria:

Normalizazioa
Gaur zabalduko da Parisko Expolangues azoka
Gaur (18) zabalduko dute Parisen Expolangues azoka. 20 herrialde eta 60 hizkuntza ordezkatuko dituzte bertan. Euskara ere bertan izango da Eusko Jaurlaritzak jarriko duen stand bati esker. Urtarrilaren 18tik 21era egingo da azokaren XXIV. edizioa eta Alemania izango da ohorezko gonbidatua. ("Noticias de Gipuzkoa")
Euskara Parisko 'Expolangues' azokan izango da bihartik larunbatera, Eusko Jaurlaritzak jarriko duen stand-ari esker ("Kaixo!")
El euskera volverá a tener presencia en Expolangues, la feria de lenguas de París ("El Diario Vasco")
El euskera cumple 20 años de presencia en la Feria internacional de Expolangues de París ("Diario de Noticias de Alava")

Badakit hizkerak askotan horretara behartzen gaituela. Badakit askok pentsatuko dutela: “Tira, tira, hori esamoldea besterik ez duk, gauzak esateko modu bat, bazekiagu Euskara ez dela inor, bazekiagu Euskara ez dela trenez Parisera helduko den bidaiaria. Eta bazekiagu hizkuntzak hiztunok egiten ditugula, ez direla berez bizi diren izakiak...”. Badakit intelektualki denok (?) badakigula Euskara hizkuntza dela, baina, aizue, ni nerau asperturik nago dakiguna edo pentsatzen duguna, eta egiten duguna edo gure praxiak agertzen duena hain gauza desberdinak direla ikusteaz.

Ekarri dudan adibide horretan, Euskara eta Alemania maila bereko ageri zaizkigu; eta gero, euskaldunok etxean geraturik, Euskarak hartuko du parte delako azokan, eta urteak beteko ditu gainera.

Askorentzat garrantzi gabekoa, noski. Niretzat, sakonean arazo larri baten sintoma besterik ez da. Ikus beste adibide hau, atzokoa bera:

Normalizazioa
Nafarroako euskalgintzak Gobernuaren hizkuntza politika salatu du
Nafarroako hainbat komunikabide eta euskara elkartek Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika salatu dute. Gobernuak euskara sustatzeko banatzen dituen diru-laguntzak murriztu izana gaitzetsi dute. Laguntza horiek banatzeko moduarekin ere ez datoz bat. Izan ere, urte bukaeran egiten da banaketa eta ordura arte ez dute jakiten zenbatekoa den diru-laguntza.
Diru laguntzak murriztu dituztela salatu du Nafarroako euskalgintzak ("Berria")
Medios euskaldunes navarros critican la escasez de ayudas ("Gara")
El Gobierno reparte "tarde y mal" las ayudas al euskera ("Diario de Noticias de Navarra")
Euskararentzat konponbideak eskatu dituzte Nafarroan ("Erabili.com")

“Gobernuak Euskara sustatzeko” dio; horrek, benetan, “euskaldunoi gure hizkuntza erabil dezagun beharrezko tresnak edo bitartekoak eraikitzeko” esan nahi du. “...las ayudas al Euskara” dio beherago, eta azkenik, “Euskararentzat konponbideak...”. Beti bezala, gu izkutuan. Guk behar ditugu konponbideak, eta diru-laguntzat guk eskuratuko ditugu, eta ez Euskara abstraktu horrek.

Tranpa honetan erori ginen aspaldian, euskaldunok bai, eta “euskaltzaleak” ere bai. Deklinabidea berriro aipatzera nator: hizkuntzari era guztietako formak eratxekitzen zaizkio, eta euskaldunoi gutxi batzu, edo horiek gutxitan, bakanetan ez esatearren. Diskurtsoak irakurrita, ikus dezakegu hizketa moldea berdin aplikatzen ahal geniokeela beste edozein jarduerari, baitezpadakoa ez den edozeini, kirol dela, arte-langintza dela, astronomia dela. Baina hizkuntza besterik da, baitezpadakoa, zentrala gizakiongan, funtsezkoa herriengan, garrantzizkoa gizateriarentzat.

Ez da Euskal Herrian hizkuntza normalizaziorik izango hizkuntzari behar bezalako dimentsioa aitortzen ez diogun bitartean, ez behintzat, Euskara normalizatu bitartean ere deus gertatzen ez balitz bezala bizi nahi badugu. Ez da normalizaziorik izango gu geu ez bagara hizkuntzaz jabetzen, ez bagara behar bezala arduratzen. Euskarari gertatzen zaion oro guri gertatzen ez zaigun bitartean.

Aitortzen hasi behar dugu Euskararen kontu guztiak, guzti-guztiak, gure kontuak direla, eta ez dela ezer ere gurekikoa ez dena.

----------

2006-01-17

Permalink 12:56:51, Atalak: Gure hizkuntza  

Ekuazioa

Euskara gu geu garela onartzeak ondorio handiak dakarzki, nioen lehengoan. Beste ezer baino lehen, ekar ditzadan hona duela lau urte idatzi nituen hitz batzu (Iruñeko Karrikiri Elkartearen Karrika aldizkaritxoan agertu zen artikulukoak, hain zuzen ere):

“Zeure barrenari begira diezaiozun nahi dugu. Gogoeta pixka bat egin. Zer nahi duzu? Bizi nahi akaso? Euskaraz bizi nahi? Euskaldun bizi nahi? Ezin gara Euskararen aldeko izan geure buruaren aldeko ez bagara. Euskara nolatan biziko da gu geu bizi ez bagara? Eta, zer nolako bizitza edo biziera opa diogu Euskarari, geure buruari opa ez dioguna?
(...)
Bizi ditugun egunak aldaketa egunak dira nonbait. Izan dadila aldakuntza geure baitan ere, eta has gaitezen, urte berriarekin batera, Euskaraz bai, baina eta Euskara bizitzen, beste inor edo ezer ez baita Euskara, Gu baizik”.

‘Gu = Euskara = Gu’ ekuazioa garrantzi handikoa da, beraz. Sarritan erabili beharrekoa, eta gainera, ekidin ezinezkoa. Eta haren garrantzia garbiki ikusiko dugu bidean aurkitzen ditugun egokiera guztietan bata bestearen lekuan jartzen badugu:

Esate baterako, eta hitz handienetik hasita –hizkuntza bere osotasunean hartuta behintzat- Euskararen normalizazioa. Hizkuntza normalizazioa (euskal) soziolinguistikaren zutabe da. Adibidez, Soziolinguistika Klusterrak (hasieran Soziolinguistika Institutu izatera zihoana) horretan du bere funtsa, jende asko eta aspaldi dela engaiatua da Euskal Herrian helburu handi horren bidean, hizkuntzaren normalizazio legeak ere egiten dira.

Alabaina, ekuazioa aplikatuz, Euskararen normalizazioa ez al da Euskaldunon normalizazioa? Inondik ere egingarria da Euskara normalizatzea euskaldunongan aldaketa handirik egin eta eragin gabe? Gure bizitzen joana orain arte joan den bezala jarraitzera utziz gero, deus ere Normaliza al daiteke?

Ez, jaun-andreok; Euskara normalizatzea Gu normalizatzea da, euskaldunak normal bihurtzea edo bilakatzea. Hizkuntza, Euskara kasu, ez da normal izanen bera erabiltzen duen komunitate normal bat ez bada. Eta, honetara, errekonozitu behar dugu behingoz anormalak garela, gure hizkuntzan eskasia handiak baditugu, bizitzeko behar ditugunak oro ez baditugu, hutsune itzelak aurkitzen baditugu zernahi alorretan, ez gara normalak. Ez gara normalak gabezian biri garen bitartean.

Zerbait normalizatu beharrean dagoen bitartean, ez gara normalak. Baina geure baitari begiratuta ez gara normalak, eta aitortu behar dugu hori. Hori... edo bestela hipokrisi handian :lalala: bizi garela askotan.

----------

2006-01-13

Permalink 01:33:15, Atalak: Gure hizkuntza  

Etxepareren pare

Honatx orain berean Sustatun irakurri dudan esaten dudanaren adibide garbia (Etxepare deitu dudan mezua idatzi eta berehala):

Jose Felix Diaz de Tuesta ¦ 2006-01-12 ¦ 16:33
Euskarak atzerapenik gabe harrapatu duen lehenengo iraultza komunikatibo eta teknologikoa omen da bloga. Horri buruz bi gauza esango nituzke. Bata, blogarena ez dela, nire ustez, euskarak garaiz harrapatu duen lehen iraultza komunikatibo eta teknologikoa. Agian oker nago, baina autoedizioaren eskutik etorri zen iraultza komunikatibo-teknologikoa garaiz hartu zuen euskarak.

Ez ote dute euskaldunek atzerapenik gabe iraultzak harrapatzeko meritua, Euskarak baino gehiago? Berriro ere Euskarari eratxekitzen zaizkio egoki ez dagozkionak. Hurrengo idazkietan arrazonamendu gehiago, edo hala espero dut, behinik behin.

----------
Permalink 00:54:25, Atalak: Gure hizkuntza  

Etxepare

Amzer adiskideak gauza asko ekarri du mahai gainera, ziuraski azken denboretan egin ditugun elkarrizketetan ongi mamitu ditugulako ideiak. Aurreratu zait kontu batzu aipatzera, nire sarrera mezuan labur-labur aritu bainintzen. Balio du, hala ere, kontuak ateratzea, lehenago edo geroago denak agertuko baitira, gogoeta edo eztabaida egiten bada behintzat.

Nire aldetik, nahiz eta lehorrean ari naizen –zaila egiten zait besterik gabe idazten hastea, haria neronek seinalatu behar dut eta...-, gauzak zertxobait argitzen saiatuko naiz.

Aspaldi da euskaldunontzat Euskara delako pertsonaia asmatu zela. Izan ere, uste dut Etxeparek hanka sartu zuela ederki. Tira, esango nuke bi aldeetakoa egin zuela: batetik urrats handia, nola den kontzientzia ariketa bat hizkuntzari dagokionez. Dakigunez, lehen aldiz agertu zuen euskal hizkuntzaren gaineko kontzientzia, gogoeta egin zuen ordura arteko euskal produkzio idatziari buruz, eta ondorioztatu zuen ez zela behar beste idatzi izan gure hizkuntzan, eta hura ez zela plazetan besteen mailan agertu izan ordura arte.

Baina, beste aldetik, gaur arte irauten duen gaitz bati hasiera eman zion: Euskara asmatu zuen, hizkuntzari mintzatu zitzaion, Euskarari hitz egin zion, atera zedila eskatuz, idatzi izan zedila erregutuz, Euskara gutxietsia besteen pare koka zedila desiratuz, eta orduan okertu zen haren asmo zintzoa. Gaur arte okerturik agertzen zaiguna, bestalde.

Etxeparek ez zien euskaldunei hitz egin, Axular batek egin zezakeen ez bezala, baizik eta Euskarari. Ordudanik dugu Euskara pertsonaia, nahiz eta aktibo ez den. Esan nahi dut gure hizkuntza –beste edozein hizkuntza bezalaxe- ez dela nahikundez plazara atera daitekeena, ez dela nor idatzia izan, inprimatua izan, erabilia izan erabakitzeko.

Alabaina, nire ikuspuntutik akats larria behin eta berriro eginez, hizkuntzari etengabeki egozten zaizkio pertsonei dagozkigun atributuak: Euskarak sufritzen du, erasotzen zaio, duen egoera du, hura eta halakoa merezi du, maitatzen ahal da, gorrotatu ere bai... deklinabide suerte guztiaz eratxekitzen zaizkio: Euskararik gabe... Euskarak aurrera eta atzera eginen omen du, Euskara galdu eta galdu ari da, Euskararen ez dakit zenbat kontu, dirua Euskararentzat, Euskarari erasoka, Euskararengandik jaso, Euskal Herrian Euskaraz. Hauek deklinabide kasu arruntenak, jakina. (Bada bat, oso arrunta, arruntena agian, baina gutti erabili ohi dena: Euskaran; beharbada molde hori erabiltzeko neronek egin nahi dudan planteamendua egina behar lukeelako...)

Horrelako eskema ageri zaigu behin eta berriz, komunikabideetan, pankartetan, kanpainetako leloetan, eztabaidetan..., nonahi. Nire aburuz guztiz oker. Etxepare sortu zenetik, hor bide dugu Euskara, bere bizitza propioa duena. Badirudi hark, hizkuntzak berak, pairatzen duela historian hain ezaguna zaigun bilakaera.

Eta nik zera diot, non gaude euskaldunok bitartean? Zeren eta, ongi jakin zuen ala ez guk ez dakigula, Etxeparek Euskarari berari eskatzen ziona bera ahal den era bakarrean lortu zuen: liburua idatzi eta inprimatu egin zuen. Ez zen Euskara inora atera, Etxepare da plazaratu zitzaiguna, Etxepare bera bihurtu zen Euskara plazan, inprimatuan, eta hori da guregana iritsi dena: Etxepare-Euskara. Ez zegoen beste euskararik Etxepare bera baino. Honela, esan dezaket Gu garela Euskara, kanpoko ezer baino. Hizkuntza hiztunok gara.

Egonen da ideia hau jorratzeko beste biderik; egonen dira bestelako ideiak ondorio berera ailegatzeko bidea adieraziko digutenak. Oraingoz, beste hau esan dezaket: Euskara gu geu garela onartzeak ondorio handiak dakarzki, eta horretara jarriz gero, aldaketa sakonak egin beharko ditugu gure diskurtsoan, baina baita ere gure izakeran, gure moldaeran. Esan nuen bezala, mozorroa kenduz joan beharko dugu.

----------

2006-01-10

Permalink 01:45:39, Atalak: Gure hizkuntza  

Hasteko

Tira, beste zerbait egitea neukan gogoan: liburuska edo txosten edo halako zerbait, baina iruditu zait blog izeneko bitarteko hau egokia dela nire asmorako, eta gehiegi zalantzan ibili gabe, hona hemen lehenengo idazkia. Apaingarririk gabe, lehen hitzak. Irakurlerik balitz, laster ikusiko duke zertaz den blog ekimentxo hau.

Nire tesi nagusia hauxe da, hitz gutxitan esanda: “Gu gara Euskara, eta ez beste ezer. Gure baitan da, gu garelako da, eta ez da gutaz kanpo. Euskara aipatzen dugularik, gutaz ari gara”. Eta hau diot, nonahi agertzen delako Euskara izeneko pertsonaia bat, aspaldi handian gainera, eta pertsonaia horren atzean geratu ohi garelako izkutaturik, izatearen beldur eta lotsaz.

Nire proposamen nagusia hauxe da, hitz gutxitan esanda: “Diskurtsotik, hizkeratik, hizkuntza-hiztegitik, ken dezagun Euskara hitza, bai eta deklinazio moduak ere: euskararen, euskarari, euskarak, euskararekiko. Biluztu gaitezen pixka bat eta ken dezagun mozorroa”

Espero dezadan hurrengoetan ideia kaxkar ('kafkar'?) horiek garatuz joanen direla, irakurleen laguntzaz-eta, garatuz, zuzenduz edo ezabatuz. Nahi dudana zera da, gogoeta publikoa egin. Horren beharrean gaudela uste dut, eta hori dela-eta ausartu naiz bide hau irekitzera.

Laster arte

----------

MusdeH blog

Honako honetan gogoeta egin eta ideiak balizko irakurleekin konpartitu nahi ditut. Ideiak astindu, bide berriak bilatu, kritikak zabaldu. Eta erantzunak jaso. Guztiaren beharrean gaude.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Mikel Haranburu

musdeh

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Blog hau sindikatu

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution