Oso igande gutxi pasa izan ditut Bilbon. Aurreko astekoa izan zen bat. Eta arratsaldea pasatzeko (ez dut ajerik aipatu), bazkal ondoren paseo luzetxo bat ematera irten nintzen helmuga bakarra afaltzeko pisura bueltatzea izanez.

Inoiz zapaldu gabeko auzoetan zehar ibili nintzen eta geratzen zaizkit oraindik txoko asko ikusteko, Begoñara igotzeko asmoa adibidez, bertan behera utzi bainuen banku batean zerbait irakurtzera eseri eta altxatzerako eguzkia ezkutatzen eta nire hatzak eta sudur punta hozten hasi zirela konturatu nintzenean.
Pisukide ilegorriaren koloreak ditu udazkenak. Etorri berritan hemengo tenperaturei buruz galdetzen zidan, eta nik lasai egoteko esaten nion, 3 graduren azpitik oso gutxitan jaisten dela termometroetako merkurioa. Atzo eta gaurko hotzen ondoren, pisuko leihoen hermetikotasun eta estufen funtzionamentu bikainaz batera, ni neu madarikatzen ariko da gajoa.
Gaztaina erre batzuk egiteko labea edukiko bagenu sikiera... Mikroondasak ez du balio, ezta?
Mizpirondo: Errosazeoen familiako zuhaitz hosto erorkorra, hosto handi eta eliptikoak eta lore handi zuri eta bakartiak dituena. Fruitua MIZPIRA da Mespilus germanica, 3cm-ko diametroko pomo hori-gorrixka eta jangarria dena. HARLUXET Hiztegi Entziklopedikoa dixit. Behin ustelduta dagoenean jaten da.