Jar gaitezen pixkat kurtso berriari begira... sentitzen dut, gainean da.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle garenontzat aurten berrikuntza moduan automatrikula internet bidez egiteko aukera jarri digutela ikusi dut web orrian. Esleitutako egun eta ordu zehatzean egin behar da matrikula lehentasunak errespetatzeko, noski, baina etxetik egin daiteke orain arte ez bezala. Epe baten barruan entregatu behar dira gero beharrezko dokumentuak.
Proposamen ona iruditzen zait eta unea iritsitakoan jarraitu beharreko pausuak ezagutarazteko aurkezpen hau prestatu dute. Gomendagarria ikustea. Egia esan, gomendagarria da bai etxetik egitekotan edo baita unibertsitatera hurbiltzekotan bagara... enborreko, derrigorrezko, hautazko eta aukera askeko irakasgai guztien artean nahastea, edota baten bat ahaztea, ez baita zaila.
Berrikuntzak berrikuntza, ni, dena den, aurten ere unibertsitatera bertaratuko naiz (iazkoa bezain esperientzia desastrosoa ez izatea espero dut), hanka sartzerik egiten badut apurotik atera nazakeen arduradunen bat inguruan eduki nahi dut eta.
Nire burua ikusten dut egun eta ordu zehatz horretan etxeko ordenagailua piztu ezinean. Edo interneterako konexioak ez du ibili nahiko. Agian irakasgai bat beste baten ordez hartuko dut eta "atzera" botoia aurkitzeko gai ez naiz izango.
Arazorik egotekotan ere (nahiko ezkorra dirudit, bai, baina gero beti gertatzen da zerbait), etxeko bakardadean direnak eta ez direnak madarikatzea baino nahiago dut momentua ni bezain galduta senti daitezkeen albokoekin konpartitzea. Zuek ez?
Mizpirondo: Errosazeoen familiako zuhaitz hosto erorkorra, hosto handi eta eliptikoak eta lore handi zuri eta bakartiak dituena. Fruitua MIZPIRA da Mespilus germanica, 3cm-ko diametroko pomo hori-gorrixka eta jangarria dena. HARLUXET Hiztegi Entziklopedikoa dixit. Behin ustelduta dagoenean jaten da.