Pisuko giltzak entregatzeko epea atzeratzeari etekina atera behar zitzaion. Bilboko eginbeharrak bukatuta, Urola aldera bueltatzeko presarik gabe, gau bat zintzilik geratzen zitzaidan. Garai hauetan bakarrik gogoratzen gara santuekin, Juan, Pelaio, Pedro... Eta Pedro Deunaren aitzakiarekin hain gogoko ditudan Bizkaiako jai batzuk dastatzen geratzea erabaki nuen. Azken bi urteetan parranda-lagun finena bihurtzen ari zaidanak, noski, ez zidan ezetzik esango.
Tabernaz taberna giro oso polita... txosnatik txosnara beste hainbeste. Aspaldian probatu gabeko txurroak, azukre gutxiegi zuten agian, baina gustora bidali genituen hestegorritik behera, beranduago hartutako bokadiloaren antzera.
Nire asmoen berri emana nion askok ezagutzen duzuen
bati. Berak gu baino bizkorrago ezagutu genuen guk bera. Kontzertuan bertan nire lagunak kamiseta gorria zeraman mutil belarritakodun bat topatu zuen. Hiruretan puntuan adostutako txosnarantza abiatu zen. Hark izan behar zuen dudarik gabe. Aurpegi eta ahotsa jarri nizkien hainbeste denboraz ordenagailuko pantailan irakurritako letrei. Berak hemen idatzitakoei benetako izen bat ere jarri zien, gogoratzea beste kontu bat izango da.
Ez dira garai onenak gipuzkoar batentzat Athletic zale artean ibiltzeko baina ikusten da beraien artean ere badituztela adarjotze galantak irlen jabego, teila jaurtiketa eta beste hainbat komeriarekin. Azkar pasa ziren gauaren azken orduak. Zenbat eta denbora gutxiago falta, ordea, orduan eta gehiago kostatzen zitzaien batzuei kalimotxo basoa amaitzea.
Autobus geralekuraino lagundu gintuen anfitrioi blogariak eta galtzetinen testa pasa ondoren (kalifikazioa ez dut ezagutzen oraindik) Bilborantza abiatu nintzen autobusean bakarrik,
iazko konpainia bezalakorik izan gabe aurtengoan, baina Bizkaiako festei diedan aprezioa noan bakoitzean igotzen den inpresioarekin.