Goizeko hamarrak. Kanpin-dendaren ate irekitik aurpegia zipriztintzen zidan xirimiriak esnatu nau jaiki aurreko azken aldian. Etzanda egon naizen aurreko hiru orduetan zehar, inguruko dendetako jendearen hotsek, bozgorailu nazkagarri batzuen zaratek eta aldamenean nituen hiru lagunen postura aldaketa eta nahigabeko ukalondokoek. Neuk ere esnatuaraziko nituen haiek ahozpez egotetik bizkar gainean etzatera saiatzen nintzen bakoitzean; ez nekien lo-zaku bat gorputzean hainbeste kiribildu zitekeenik. Zurrungak ere ez dira falta izan, noski. Non da ur botila? Ilehoriaren gainetik besoa poliki-poliki luzatu ondoren lortu dut tragoxka fresko bat edatea. Handik gutxira Jaikita ginen laurak, laurak begizulo nabarmen eta txima orraztuezinekin, guztia desmontatu, sabela txorizo, txokolate, binbo, pistatxo eta patatekin bete eta etxera buelta egiteko prest.

Bezperan parranda polita egin genuen. Lesaka izan zen aukeratutako lekua. Iristeko komeriak atzean utzita, atzerrian sartu-irten bat ere egin baikenuen nahi gabe, etxetik eramandako bokadiloak afaldu eta gau osoan zehar lagun izan genuen garagardoarekin elkartu ginen. Jiji jaja, aspaldiko eta oraingo ezagunekin eta ezezagunekin berriketaldiak, hanka, gerri eta besoak musikaren erritmoarekin batera astintzearekin txandakatu genituen.
Baina unerik onenetakoa "hanburgesa momentua" izan zen kanpiñerantza bidean. Zein ondo sartzen den edozer gauza goizaldeko ordu horietan!