Ez dakit zer duten azterketek (sentitzen dut, garai honetan askok hitz egiteko dugun gai ia bakarra da) baina ordenagailuaren aurrean denbora gehiago pasatzea eragiten dute, edo ordenagailuaren tokian jarri telebista, komuna ala hozkailua, esaldiak baliogarri izaten jarraituko baitu. Ez zait niri bakarrik gertatzen gainera, ikusi bestela
Sareren kasua: bi hilabete zeramatzan blogean ezer idatzi gabe, asteleheneko azterketa gainean sumatu duenean zer eta bi sarrera idatzi ditu bi egunetan!
Astelehenean hasiko naiz ni ere jakin beharrekoak ba al dakizkidan demostratzen. Oso zentratuta ez nabilen arren, esfortzu txiki bat egin beharko da hasierako aste gogorrena pasatzeko.
Unibertsitateko ikasgelak bigarren bizilekutzat izango ditut, espezie bereko beste hainbatekin batera. Hiri handian oilarren kukurruku hotsaren faltan telefonoaren iratzargailua erabili beharko dut goizean goiz jaiki eta eserleku libreren bat hartu ahal izateko.
Leku kuriosoa izaten da.
Noizean behin altxatu eta komunetik bueltan zatozenean ohartzen zara barruan dagoen tigre usainaz.
Ingurura begiratu.
Bakoitzak hurrengo azterketa noiz daukan antzeman daiteke buruak apunteekiko zein distantzia duen aztertuz. Makurtuen daudenei ez molestatu faborez. Lasai-lasai egunkaria irakurtzeko denbora hartzen dutenek badituzte oraindik egun batzuk. Eta taldean etortzen diren horiek, zarataka, batzuk muxugorriekin, beste batzuk oraindik izerditan, horiek azterketa bat egin berri dute eta ez dute berriro liburu aurrean esertzeko asmo handirik izango ordu batzuez gutxienez.
Zorte on behar duzuen guztioi!