Oso igande gutxi pasa izan ditut Bilbon. Aurreko astekoa izan zen bat. Eta arratsaldea pasatzeko (ez dut ajerik aipatu), bazkal ondoren paseo luzetxo bat ematera irten nintzen helmuga bakarra afaltzeko pisura bueltatzea izanez.

Inoiz zapaldu gabeko auzoetan zehar ibili nintzen eta geratzen zaizkit oraindik txoko asko ikusteko, Begoñara igotzeko asmoa adibidez, bertan behera utzi bainuen banku batean zerbait irakurtzera eseri eta altxatzerako eguzkia ezkutatzen eta nire hatzak eta sudur punta hozten hasi zirela konturatu nintzenean.
Pisukide ilegorriaren koloreak ditu udazkenak. Etorri berritan hemengo tenperaturei buruz galdetzen zidan, eta nik lasai egoteko esaten nion, 3 graduren azpitik oso gutxitan jaisten dela termometroetako merkurioa. Atzo eta gaurko hotzen ondoren, pisuko leihoen hermetikotasun eta estufen funtzionamentu bikainaz batera, ni neu madarikatzen ariko da gajoa.
Gaztaina erre batzuk egiteko labea edukiko bagenu sikiera... Mikroondasak ez du balio, ezta?
Astunetan astunena geratzen zait. Egunak, esperantza eta motibazioa galtzen hasita liburu tartetik burua gero eta gehiagotan altxatzen dut. Izan ere, orriak aurrera eta atzera pasatzeak hobekuntza nabaririk ez duela eragiten konturatzen hasia naiz eta ezer lortzekotan amabirjinari eskertzeko zerbait litzateke... Bazkal ondoren kafea ia beharrezkoa zait kopeta orrien gainera ez erortzekotan. Inoiz ez naiz izan kafezalea eta ohitura handirik ez daukat, baina ikusgarria da egiten duen efektua. Alferrik hala ere, burua frexko edukitzeak ez baitu letra, zenbaki eta garapen horiek guztiak bertan kabitzea bermatzen.
Baina pasako da (berriro itzultzeko bada ere) eta datozen asteak gustora hartzeko modukoak dira.
Laugarren urtea Bilbon. Hegan doa denbora.
Aurten pixurako fitxaketa berria daukagu, kanpotarra gainera, joko pixkat emango du.
Kuadrilako lagunik onenetako bat ere bilbotartzekotan dabil.
Eta lehen ostegunerako klaseko afariaren plana ia hitzartuta dagoeneko.
Jar gaitezen pixkat kurtso berriari begira... sentitzen dut, gainean da.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle garenontzat aurten berrikuntza moduan automatrikula internet bidez egiteko aukera jarri digutela ikusi dut web orrian. Esleitutako egun eta ordu zehatzean egin behar da matrikula lehentasunak errespetatzeko, noski, baina etxetik egin daiteke orain arte ez bezala. Epe baten barruan entregatu behar dira gero beharrezko dokumentuak.
Proposamen ona iruditzen zait eta unea iritsitakoan jarraitu beharreko pausuak ezagutarazteko aurkezpen hau prestatu dute. Gomendagarria ikustea. Egia esan, gomendagarria da bai etxetik egitekotan edo baita unibertsitatera hurbiltzekotan bagara... enborreko, derrigorrezko, hautazko eta aukera askeko irakasgai guztien artean nahastea, edota baten bat ahaztea, ez baita zaila.
Berrikuntzak berrikuntza, ni, dena den, aurten ere unibertsitatera bertaratuko naiz (iazkoa bezain esperientzia desastrosoa ez izatea espero dut), hanka sartzerik egiten badut apurotik atera nazakeen arduradunen bat inguruan eduki nahi dut eta.
Nire burua ikusten dut egun eta ordu zehatz horretan etxeko ordenagailua piztu ezinean. Edo interneterako konexioak ez du ibili nahiko. Agian irakasgai bat beste baten ordez hartuko dut eta "atzera" botoia aurkitzeko gai ez naiz izango.
Arazorik egotekotan ere (nahiko ezkorra dirudit, bai, baina gero beti gertatzen da zerbait), etxeko bakardadean direnak eta ez direnak madarikatzea baino nahiago dut momentua ni bezain galduta senti daitezkeen albokoekin konpartitzea. Zuek ez?

Bootxok etxekolanak bidali dizkit. Irakurtzen ari naizen liburuaren 179. orriko bigarren parrafoa idatzi behar dut hemen. Bestela burusoil bihurtu, bizi osorako neskazahar geratu, azterketa hori inoiz ez gainditzeko edo auskalo zer gertatzeko arriskua omen daukat.
Zoritxarrekoak 179 orri baino gutxiagoko libururen bat irakurtzen dabiltzanak. Beldurtu egin naiz une batez. Zer idatzi behar dut ba nik hemen, uda amaitu zenetik literatura liburu bakar bat ere ukitu ez badut? Orain irakurtzen ari naizen liburua aspaldi eduki behar nuke irakurrita, bi astetan irakurri eta goitik behera ikasita eduki beharko dut eta. Baditu 179 orri baino dexente gehiago. Baina zenbatu gabe daude! Zer egin behar dut orain? Ilea erortzen hasi zaidala uste dut...
Logelako apaletan ditudan hiztegi, argazki album eta karpeta tartean badauzkat liburu batzuk. Aiba! Behin irakurtzen hasi baina bukatu ez nuen liburu bat. Ederra pagotxa! Liburukote potolo bat orrialde horituekin. Julio Verneren La esfinge de los hielos.Zeeeeeeer? Hau bai ez nuela espero. 382 orritan bi marrazki bakarrik ditu. Ezetz asmatu non dagoen bietako bat. Ez da broma.
Kasualitatea zer den ba...
Hilabeteren bat edo beste izango da txikitan amonarekin puntua egiten ibiltzen nintzela gogoratu nintzenetik. Artile eta orratzak erosi eta berriro zerbait egiteko gogoa piztu zitzaidan baina asmo hutsean geratu zen.
Gaiaz berriro ahaztu samartuta nenbilela, asteburu honetan etxera itzulitakoan zer entzungo eta neba eskolan punto egiten ikasten hasi dela eskulanetako ikasgaian. Amak erosi dizkio aste honetan bi orratz handi eta artile bola borobil-borobil bat, eta 12 urteko zokormazo traktorezale honi egiten dien ilusioa ikusita, laister niretzat izango diren ustea dut.
Datorren negurako bufandaren bat egiten ea asmatzen dudan!
Gaur urtebete bete du blog honek. Hogei gehiago, atzo, bere arduradunak baina hori beste kontu bat da.
Azkar pasatzen da denbora, bai.
Zerbait berria probatzeko hasi nintzen hemen idazten eta gustua hartu diodala onartu beharra dut. Inspirazio momentuak boladaka etorri eta joaten dira, bistakoa da, baina txikitan noizean behin idazten nuen egunerokoari baino jarraipen ordenatuagoa ematen ari natzaio gutxienez.
Eskerrik asko txoko hau sarritan bisitatzen duzuenoi, erantzunak uzteko denbora hartu edo hartzen duzuenoi, hemendik pasatu baina erantzunik uztera animatu ez zaretenoi, nahi gabe bilatzaileren batek bidalita hona iritsi direnei, noizbait sartu eta gehiago bueltatu nahi izan ez dutenei...
Ea oraindik denboraldi luze batez hemen jarraitzeko aukera dudan.

Poltsiko gaixoa. Egundoko sarraskia egin diot aste honetan. Alemaniarako bidaia zela eta aurrezki kutxatik ateratako xoxek aste honetan emigratu dute nire karteratik beste norabaitera.
Munichen bertan ez genuen diru gehiegi gastatu. Gosaltzeko supermerkatutik pasatzen ginen edonora joan aurretik txokolatezko napolitana lehor bat eta tamaina industrialeko marrubizko irabiatua (katxia) harrapatzeko. Azken egunean izan ezik, orduan esnegainez estalitako txokolate beroa eta croissant egin berriak jan baikenituen sofa eder batzutan eserita. Gainontzeko jatorduetarako ez genuen diru asko gastatu, eskatzen genuena kartan irakurrita zer izango zen asmatzen nahiko lan! Zenbaki eta euroentzat eskerrak hizkuntza bera erabiltzen dugun... merkeena topatu eta huraxe jateko. Souvenir saltzailerik ere ez da aberastu gure bisitarekin, detailetxoren bat edo beste erori da baina huskeriak azkenean.
Aste honetan ordea, sobratu zitzaizkidan 50 euroko bilete guztiek egin didate alde...
- Lauhilabete berriko unibertsitateko apunteak. Damututa nago karrera hasi nuenetik fotokopiatan gastatu dudan dirutzaren kontua eraman ez izanaz. Grazia egiten didate gainera irakasle batzuek moldatzen dituzten liburuek. Power Point-eko diapositibak, orrialde bakoitzean diapositiba bakarra, letra handi-handiz, 300 orritik gorako totxoa, ala! bizkar, sorbalda eta lepoak motxilan zerbait daramazula nabari dezaten.
- Argindarraren faktura. Kurtsoa hasi genuenetik ordaindu gabe genuen ba. Kontadorea begiratzera etortzen ziren bakoitzean etxetik kanpo izaten ginen eta... gero Iberdrolari deitu behar zaiola baina, "deitu zuk", "ahaztu egin zait", "geroago", "bihar deituko dut"... ba horixe.
- Arratsaldeetan ezer gutxi izaten da egiteko orain eta paseotxoak ugaritzen dira. Alde Zaharra dela, Korteingles dela, beherapenen azken apurrak geratzen direla... Konturatu aurretik arroparen bat eta bainujantzi berria poltsara, igerilekura bueltatu bainaiz bi hilabeteren ondoren! Itzulera diskretua izan zen, hori bai, uretara sartu eta bi luze egin orduko nire forma fisikoaren egoera apartaz jabetu bainintzen.
- Aspaldi eskilatu gabe nengoela eta ileapaindegitik buelta ere egin dut.
- Ni eta nire flekilo berria ahizparen pisua ezagutzera joan ginen ostegunean. Bilbon irtetzeko bertako lagunek nahiko pega izaten dituzte eta Gasteizera alde egitera behartuta geunden. Eta autobusak merketik gutxi du. Noizko Wikifarra bat Bilbon?
Pisuan bakarrik pasatako egunak nahiko arraroak izaten dira. Astearte iluntzetik ostegun goizera arte ez nuen hitz bakar bat bera ere esan. Ogia erostera jaitsi izan banintz sikiera, baina hori ere ez. Normalean unibertsitatera joaten naiz ikastera baina hotz eta hezetasun honekin etxetik irtetzeak ez du grazia handirik egiten. Goiko bizilagunak jarritako King Africaren Paquito Chocolatero entzuteak ere ez, baina hori gertatuko zenik ez nekien etxean geratu nintzenean. Egin beharreko azterketen bilduma ari da poliki-poliki txikitzen, behintzat. Emaitzak datorren urtea baino lehen ezagutuko ote ditugu...

Ostiraleko etxerako buelta kolore txurikoa izan zen Sareren kapritxo batengatik. Treneko leihotik kanpora begiratuz, aste honetan hurbilen ikusi dudan elurrak itsutu zizkidan begiak (Bilbon tximista eta trumoi zarataratarataratatsuez gain ezer gutxi) eta leihoetatik barrura begiratuz, fokoen argiak. Fokoak bai, bideoklip bat grabatzen ari baitziren gure bagoian, bidaiarion begirada kuxkuxeroen aurrean. Ez dezala inork ametsik egin... kamerak ez ninduen aurrean harrapatu eta.
Nik dakidala.
Lakua txukuntzen ari zinetela erantzunak idazterakoan jarri behar den kodea ur azpian galdu zaizuelakoan nago... Niri behintzat ez zait irudia inon agertzen.
Konponbidea aurkituko duen urpekariren batek hau irakurriko duelakoan, agur bero bat eta eskerrik asko!
Nire enklaustramentua hastear dago. Azterketen garaia beti izaten da denboraldi berezi xamarra. Bere txarrean ere, ordutegi jakinik eduki gabe, goizean esnatu eta presarik gabe gosaltzea posible izaten da.
Edo ez... Hori bakoitzaren kontu geratzen da, ezagutzen ditut (ulertu ez) 5etan ikasteko esnatzen diren batzuk. Ordu horietan esnatuta niri makarrek ez lidakete begirik irekitzen utziko!
Aste arrunt bakarra geratzen da. Arruntarena hitz egiteko modu bat da, hala ere. Materia bukatu ezinik 8 gaietatik 4 azken bi asteetan eman dituen irakasleari buruz zer kontatuko dut ba... Aste bakarra geratzen da goizean 8etarako klasera joan eta arratsaldea ahal den gehien luzatzeko, apunte eta fotokopia pila horietatik zerbait belarri tartean gera dadin.
Afal ondorengo orduak... ikasmahaiaren aurrean jarrita begiak lausotu arte, karrera euskaraz ala grekoz egitea, zer aukeratu nuen zalantzan jarriz.

Baina ez da guztia hain estresantea. Lau aste hauek bukatzen direnerako plan polit bat antolatuta baitaukat lagun batzuekin... Erasmus express izango da. Xehetasun gehiago hurrengo kapituluan.
Mizpirondo: Errosazeoen familiako zuhaitz hosto erorkorra, hosto handi eta eliptikoak eta lore handi zuri eta bakartiak dituena. Fruitua MIZPIRA da Mespilus germanica, 3cm-ko diametroko pomo hori-gorrixka eta jangarria dena. HARLUXET Hiztegi Entziklopedikoa dixit. Behin ustelduta dagoenean jaten da.