Gaur ezagutu dut zer den benetako kaosa, nahiz eta ama nire logela ikusten duen bakoitzean azaltzen saiatzen den. Gaurkoak ez du nire desordenarekin ikusteko ezer izan. Ez, ezta Gordon hurakanarekin ere.
Gaur 2006/2007 kurtsorako automatrikula egitera joan naiz. Gela handi-handi bat, baina jendez bete-betea. Bakoitzari egun eta ordu bat esleitzen digute hara joan eta ordenagailu baten aurrean nahi ditugun irakasgaiak aukera ditzagun. Behin aukera egin eta gero, inprimitzeko botoiari sakatu eta idazkaritzako langileak dauden mahaira hurbildu, ziurtagiria jaso, sinadura bota eta listo. Erraza dirudi eh?
Baina gaurkoan ez dakit zein antolamendu kaxkar egin duten. Niri tokatzen zitzaidan orduan overbooking pixkat gertatuko zen agian. Ikaragarrizko ilara sortu da inprimatutakoa jasotzeko, batzuok arazoak izan ditugu ordenagailuarekin, inprimagailuren batek funtzionatzeari ere utzi omen diola esan didate... Halako batean, abasto eman ezinda zebiltzala ikusita, zera proposatu digute: pasa idazkaritzatik beste egun batean paperak jasotzera. Idazkaritzan ilara luzerik izaten ez denez, hain ordutegi flexiblea dutenez...
Ba horixe, ordu eta erdi pasa ondoren, paperik eta berriro itzultzeko gogorik gabe bueltatu naiz etxera. Gutxienez, internet bidez konprobatu dut eta badirudi matrikula ondo eginda geratu dela.
Mizpirondo: Errosazeoen familiako zuhaitz hosto erorkorra, hosto handi eta eliptikoak eta lore handi zuri eta bakartiak dituena. Fruitua MIZPIRA da Mespilus germanica, 3cm-ko diametroko pomo hori-gorrixka eta jangarria dena. HARLUXET Hiztegi Entziklopedikoa dixit. Behin ustelduta dagoenean jaten da.