Aspaldiko karpeta batzuk kuxkuxeatzen nenbilela aurkitu dut gaur goizean Superbat Klubeko karneta. Denboraren poderioz horitutako txarteltxoan, nire izen-abizen, datu eta superzenbakiarekin batera, argazki potxolo bat. Ez dirudi umore onez esnatu nintzenik argazki hura ateratzera joan nintzen egunean, jajaja! (ala Kar, kar, kar esan behar al da?)
Ez dizkit ba oroitzapen gutxi ekarri aurkikuntzak: Xaki, Kixkur, patinetetik jaisten ez zen TrikiFlash, Kakapirri... Gaur egungo Betizu saioak ez dauka xarma berbera behi birtual horiekin. Eta zer esanik ez, Xabi Metal gogokoago nuen Nerea Alias baino. Lehiaketan galderaren bat edo beste irabazi nuen bai baina ez dut ahaztuko saririk gabe geratu nintzela banatzaileak nire etxerako bidea aurkitu ez zuelako. Enbidiaz jota geratu nintzen bai, nire ahizparena pare bat hilabete beranduago iritsi baitzen.
Urtebetetzea izaten zen onena, dudarik gabe; lagunak etxera txokolatadara gonbidatu eta, telebistako pantailaren aurrean eserita, zerrendan norbere izena aurkitzeak edonor pozten zuen.
nere urtetan
itzali argi guztiak
eta piztu kandelak...
Mizpirondo: Errosazeoen familiako zuhaitz hosto erorkorra, hosto handi eta eliptikoak eta lore handi zuri eta bakartiak dituena. Fruitua MIZPIRA da Mespilus germanica, 3cm-ko diametroko pomo hori-gorrixka eta jangarria dena. HARLUXET Hiztegi Entziklopedikoa dixit. Behin ustelduta dagoenean jaten da.