[ argazkia: asier nuñez ]
zurekin ezberdina da
oharkabean kausa galdua bihurtu da negua
eta lotsa galdu dute sahatsek dagoeneko
biziminak harrapatu balitu bezala
gure antzera
ilargi beteak zenbatzeko
eta loreontziak betetzeko garaia da orain,
egun batez desertoreak izango gara
amaitu nahi ez duen guda honetan
eta marea handiek eramango gaituzte
gutun batetik bestera
bitartean
isilik nabil eskuetan lehortzen zaizkigun lekuetan
errari nabil izterretan lehertzen zaizkigun lakuetan
eta ez dakit zerk eusten nauen
haragiz eta hitzez osatutako izara hauetan
ez dakit
baina zurekin ezberdina da
zure begietatik itsasoa ikusten da.