
[Argazkia: Hodei Esteban].
Azaroan erbesteratuta
dabil gaur ere hego haizea.
Uso mezulariak bihurtu ditu hostoak,
kaleak koloretako gutunekin hartuta,
eta zure hitzak ekarri dizkit leihoraino.
Sutan dagoen basoa
izango da laster ilunabarra.
Noizbait izan gaitezkeenaren memoria
idatziko du keak ohera iristen denean,
eta oraingoan ezingo ditugu ezabatu
bisitarik gabe geratutako musu guztiak.
Berriro ere
zure ondotik aldendu behar badut,
sukaldetik trufa izoztuekin
itzultzeko soilik izan dadila.

Gorde udazken zati bat agendan.
Hutsik duzun ilunabar horretan,
zuretzat idatzi ditudan
lekuen mapak eman nahi dizkizut.

[Argazkia: Marina Cano].
Itsasoaren beste aldera
ihes egin zuten marinelek
hemen utzi zituzten loreak
miresten ditut.
Sua ikusten da gehienen begietan,
beste inon baino gaziagoak
dira musuak bazter hauetan,
eta izozmendi arriskutsuak
bihurtzen dira gauak zurekin.
Erraza da
lurralde honetan hondoratzea.
Ez gara inoiz
falta direnen ametsak
baino ederragoak izango.
"Quando se olha muito tempo para um abismo, o abismo olha para vocĂȘ".

Anari, Doctor Deseo, Cesaria Evora, Ive Mendes, Yann Tiersen, Joseba Sarrionandia, Eduardo Galeano, Vincent Van Gogh... Taupadak, malekoi zaharretik...