
[Argazkia: Terje Smael].
Zatoz gaur ere nire besoetara.
Zure begietan erori nahi dut berriro,
irailarekin batera, inoiz baino gertuago.
Udako hiri hartan
sugandila bat tatuatu nuenetik
gauero eguzki betea eskatzen baitit larruak.

Gure musuen nazioarteko eguna izango da gaur.
Azken telegrama eta taupadetan
lehertu diren hitzak bildu
eta goazen malekoira postalak idaztera.
Itsasoaren kolorea eman nahi diet zure ezpainei.

Mugarik gabeko udazkenak izango gara beti,
biharko marrubi zelaien esperantzan.
Ezkutuan lehortuko ditugu izarak,
dei galduen bilduma izango da gure biografia
eta euria besterik ez zaigu geratuko ezpainetan.
Hala ere oheak itsaso bihurtuko ditugu berriro,
eta mareak gaua eraman baino lehen
bidaliko ditugu mezulariak, zaldi basatiekin.
Hire begiak nire alabarentzat, esaterako.

Kala eta portu berriak ditugu oraindik ezagutzeko.
Zatoz kostalde arrotzetan igeri egitera,
eta biluzik zeharkatuko ditugu egunak
koloretako arrainen atzetik.
Bandera berdea zabalduko dizut
nahi duzun guztietan
eguzkia nire larrutik hartzeko,
musikarik gaziena sortuko du kresalak gure ahoan,
eta sugandilen antzera mugituko gara
olatuek ekarritako izara basatietan.
Uda baino lehen amaituko da turismo beltzaran hau,
baina ez egin negarrik gaua erretiratzen denean.
Bizitza osoa dugu maitaleak izateko.
Anari, Doctor Deseo, Cesaria Evora, Ive Mendes, Yann Tiersen, Joseba Sarrionandia, Eduardo Galeano, Vincent Van Gogh... Taupadak, malekoi zaharretik...