Artxiboak: Ekaina 2006

2006-06-28

Permalink 19:03:23, Atalak: Malekoitik  

Tranbiak larru gainean

herrialde berrietara arribatu gara
maletetan gordetako lanbroa ostendu
eta eskuak larruaren atelierretatik
igarotzen diren tranbiak bihurtu direnetik

amaitu dira
itsaso beltzetan egindako bidaiak
eguzkitan etzanda igaroko ditugu hilabeteak

eta estrata sargori hauetan libre ibiltzen utziko dizut
baina paperak eman behar dizkidazu zure bihotzean.

----------

2006-06-23

Permalink 15:21:45, Atalak: Malekoitik  

Sua bihotzean

Urteko gaurik laburrena da hau. Baina bereziena ere izan daiteke. Ama Lurraren alabak gara, suaren magiak sorgindu gintuen aspaldi, eta ordudanik, sua dugu bihotzean. Sua eskuetan. Sua begietan. Eta suaren inguruan biltzen gara. Iraganeko mamuak eta espiritu gaiztoak erretzeko. Biharko oroitzapenak eta ametsak pizteko. Gau magikoa da gaur. Ilargiari begiratzen diogu, eta sua sortzen da gure begietan.

Aspaldi erre zituzten sorginak gara. Bizirik gaude oraindik. Eraikin erraldoien, errepideen eta mapetatik ezabatu dituzten herrien azpitik uluka atera gara gaur, sua, dantza eta musika besarkatzeko. Errautsetatik sortu gara berriro, usadio zaharrak gogoan, kondaria berriak idazteko asmoz. Begiratu gauari. Suaren begiak ditu gaur. Suaren magia dakar gaur. Zatoz gurekin. Zatoz ilunpean dantza egitera. Zatoz lurralde galduetara. Ilargia edango dugu elkarrekin. Eta berriro sua piztuko zaigu bihotzean.

----------

2006-06-05

Permalink 10:04:37, Atalak: Malekoitik  

Itsasoa ez da inoiz gelditzen

[Argazkia: Peio Romatet, www.fotonatura.org]

hil naizen bakoitzean
euria egin du
disko zaharretan bezala

baina atertzen duenean
gorriagoak dira teilatuak
kolore gehiago du bizitzak
eta zurea bezalako ostadarrak
agertzen zaizkit begietan

itsasoa ez da inoiz gelditzen
beti dago olatu eder bat
noizbait berriro aterkiak zabaltzeko.

----------

2006-06-02

Permalink 20:07:42, Atalak: Malekoitik  

Musuak herrialde euritsuetan

ilargia bezala erori nahi dut zure begietan
eraman nazazu berriro taberna ilunetara
eskutik hartu eta sagar heldu berrien bila

lehertu ditzagun olatu basatienak ezkutuan
goazen herrialde euritsuetan jolastera
eta tentazioaren bidean ibiliko gara erromes
kalamuaren kaligrafiarekin putzuak eginez

lanbroa besterik ez da ageri bazterretan
baina bildutako musuekin nahikoa dut gaur

zure ezpainak dira aberririk gorriena.

----------

malekoia

Anari, Doctor Deseo, Cesaria Evora, Ive Mendes, Yann Tiersen, Joseba Sarrionandia, Eduardo Galeano, Vincent Van Gogh... Taupadak, malekoi zaharretik...

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution