Artxiboak: Maiatza 2006

2006-05-31

Permalink 09:05:24, Atalak: Malekoitik  

Zalantza

Benetako besarkadak
eta bihotzean
sortutako zelaiak garen

ala hutsuneak
betetzeko eskulturak
besterik ez

hori da galdera.

----------

2006-05-30

Permalink 14:48:28, Atalak: Malekoitik  

Arrainez betetako musuak

estiborretik igo zintezkeen kubertara
eta isilpean ekarri
arrainez betetako musuak,
baina lentan ibiltzen ez dakien
atoiontzia zara
odola behar duen banpiro sutsua

berdin da

hondoratuko gara bihar
oraindik urradurarik ez duten lurretan
desagertuko da
elkarrekin isuri dugun haragi guztia

baina gaur behintzat
bihotzera amildu zaidan
batel ederra da zure irribarrea.

----------

2006-05-25

Permalink 11:16:18, Atalak: Malekoitik  

Behin batean udazkena

Behin batean udazkena, eta gaua mendeetan zehar.
Isiltasuna atertu gabe orbainetan,
herdoilak hartutako fabrika zaharrak,
eta iluntasuna besterik ez
larrua aldatzera behartutako sugeen begietan.

Abandonatutako geltokiak izan gara noizbait,
behinola eguzkitan egon eta gero
sustraien albora eroritako hosto lehorrak,
inork begiratzen ez duen argazki zaharra,
malkoei atseden emateko ere lurrik ez duen herria,
falta zarenetik lanbroak arratsero idatzitako biografia.

Medikuntza apunteetan ere ikas daiteke.
Bizitza gordinagoa da
bihotza josteko makinatik pasatu ondoren.

----------

2006-05-22

Permalink 13:02:55, Atalak: Malekoitik  

Zer diren igande arratsaldeak

Zer diren igande arratsaldeak zure bisitarik gabe,
zer ezkutatzen duten eman gabeko musuek,
zergatik ibiltzen garen bizikleta urdinetan,
zein itsasotan ote dabiltzan marinel zaharrak,
zergatik gustatzen zaizkigun enarak,
zer diren mareak latitude hotz horietan,
zertarako giltzapetzen dituzten parkeak gauero,
zertan aldatu garen azken urteotan,
zerbait ekarriko duen haizeak hegoaldetik,
zein amets dituzten portura itzuli ez direnek,
zer ikusten den zure leihotik,
zenbat gutun gehiago idatzi behar dizkizudan.

Zergatik den ilunagoa gaua egunsentia baino lehen.

----------

2006-05-21

Permalink 16:48:51, Atalak: Malekoitik  

Bossa nova balkoietan

Bazter auzo honetara aldatu ginen udazkenean,
alokairua merkeagoa delako hemen,
eta etxea apur bat eguzkitsuagoa.
Hala ere, ez genuen kalkulatu
lehortzera esekitako koloreak eta tirantedun elastikoak,
eguneroko bossa nova salsa samba eta kunbia festak,
bizilagunaren sabel dantza ikastaroak
eta balkoian erre ohi zituen zigarroak galduko genituenik.

Hilaren amaierara errazago iristen gara orain,
baina faltan sumatzen dugu leihotik begiratu
eta Brasilgo turismo bulegoa zabalik ikustea.

----------

2006-05-19

Permalink 09:00:27, Atalak: Malekoitik  

Gutunak

Badirudi gauak ez duela barroterik
hemen,
galsoroak zabalagoak direla
kanpoan,
eta eskolako koadernoa besterik ez dela
geografia.
Baina ez da horrela.

Han idazten duzun bitartean,
zure gutunen gatibua naiz.

----------

2006-05-15

Permalink 11:17:10, Atalak: Malekoitik  

Reggae gau bat

Mapetan aurkitu ezin diren borrokak izan gara gu ere
harik eta ezpainetan reggae gau bat tatuatu zenidan arte.
Ez dakit zenbagarren tabernan ikusi zintudan.
Ez dakit zenbagarren bizitzan besarkatu ninduzun.
Akaso beste norbaiten horoskopoa irakurri nuen egun hartan,
baina basamortuko bidaiariak ginen orduan,
samurai gazteak iruditu zitzaizkidan zure bularrak,
eta herri aske bat aurkitu nuen zure begietan.

Harrezkero ez dago beste itsasorik.
Bizitza da soinu bandarik ederrena.

----------

2006-05-12

Permalink 11:22:28, Atalak: Malekoitik  

Botanika ikasgaia

Naturaren mintzoa da,
askatasunaren balada botanikoa:
hainbeste mimorekin zaindu
ureztatu eta maite izan duzun loreak
nahiago du kanpoko euria.

----------

2006-05-03

Permalink 16:52:01, Atalak: Malekoitik  

Doctor Deseoren abesti bat zara

[Argazkia: Imanol Gabilondo].

Azken portuan aurkitu zaitut gaur
eta ezin izan diot zure irribarreari ihes egin.
Ketaminari, speedari eta kokainari lotuta bizi zarela,
nire begiak zeharo putakumeak direla
eta hemeretzi urte izan arren
laster hilko zarela esan didazu.
Infernua ezagutu duzula dagoeneko,
duintasuna gramoka saldu zenuela aspaldi
taupada zurien ordainetan,
eta azken hiru hilabeteotan hilekorik ez zaizula iritsi.
Ezaba dezaket zure musuen zaporea ezpainetatik,
kendu dezaket zure geografia oroimenaren mapetatik,
baina ez eskatu gau hauetan entzundakoa ahazteko.
Gordinegia da bizitza
nire bihotzean inoiz sartu den
doctor deseoren abesti samurrena
musikarik gabe uzteko.

----------

malekoia

Anari, Doctor Deseo, Cesaria Evora, Ive Mendes, Yann Tiersen, Joseba Sarrionandia, Eduardo Galeano, Vincent Van Gogh... Taupadak, malekoi zaharretik...

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution