Artxiboak: Apirila 2006

2006-04-26

Permalink 09:52:22, Atalak: Malekoitik  

Lasaitzeko mapa bat

Lasaitzeko mapa bat erakutsi nahi dizut gaurko hitzekin.
Gorde malkoak egutegiak ospelagoak direnerako.
Ahaztu berokirik gabe hotzegiak diren hiriak.
Lehen ere badakigu elurtutako kaleetan bidea egiten.
Nahi duenean azaltzen den amorante ankerra besterik ez da langabezia,
baina ez kezkatu, sasoia heltzean beti urmeltzen da negua.
Begira, ilunabar eguzkitsu bat idatziko dizut gaur.
Oraindik badugu ogia erosteko eta gasa ordaintzeko adina,
eta farola nahikoa ere bai malekoian elkarrekin ibiltzeko.
Ez gara galduko zenbaki gorrien geografian.
Errenta sakonago batean kotizatzen dute gure musuek.
Goazen izter arteko zelaietan marrubiak biltzera,
gelditu dezagun denbora hurrengo fakturak irisi arte,
eta hilaren amaieran poema sorta bidaliko dugu bankura.
Idatziz erantzun dezatela hipoteka ordaintzeko ez dutela balio.

----------

2006-04-24

Permalink 18:39:01, Atalak: Malekoitik  

Todo coração é uma célula revolucionária

Lanbroak ezkutatzen ditu oraindik gure bazterrak,
baina hala ere this is the end beautiful friend
abesten du irratiak
waiting for the summer rain, yeah.
Baina hau ez da amaitu.
Ez da inoiz amaituko.
Ez duzue ezer ulertu.
Ez duzue ulertu nahi.
Jedes Herz ist eine revolutionäre Zelle.
Horregatik idazten ditugu poemak.
Horregatik egiten dugu negar.
Horregatik maite ditugu lanbroak ezkutatzen dituen bazterrak.
Horregatik gaude bizirik.
Bihotz bakoitza zelula iraultzaile bat delako.

----------

2006-04-20

Permalink 15:27:36, Atalak: Malekoitik  

Konkistatu beharreko lurraldeak

Aspaldi erroldatu ginen zalantzaren erresuman
eta ordudanik apalagoak dira egunak,
udazkenaren kolorea dute urtaro guztiek
eta sarerik gabe aritzen gara trapezioan.
Bizitzari autopsia egin eta herdoila aurkitu ziguten bihotzetan,
eta orain ez gara hain inozoak,
malko gehiago kontatzen ditugu
inbentarioa egiten dugu bakoitzean,
baina hala ere tranbia koloretsuak dira ametsak.

Garaipena gehiago gozatzen duten gerlariak gara
musuak egunero konkistatu beharreko lurraldeak direnetik.

----------

2006-04-13

Permalink 17:05:39, Atalak: Malekoitik  

Hiri setiatua


Amore ematera kondenatuta nago.
Ezin dut atera kateme azala duen
gordeleku honetatik,
baina bandera zuriak osatuko ditut
musuek eztanda egin ondoren
erantzitako arropekin,
ea nolabait ihes egiten dudan
postariari azken mezu hau emateko:

hiri setiatua naun hire besoetan.

----------

2006-04-04

Permalink 19:14:38, Atalak: Malekoitik  

Ispilu hautsien gainean

Ispilu hautsien gainean errari
ibilitako erromesak izan gara noizbait.
Kristal zatiak ditugu biriketan,
baina ikasi dugu amarrak askatzen,
eta memorian ubeldutako uberak
aingura herdoilduak
besterik ez dira dagoeneko.

Hotz egiten du oraindik, baina eguzkia atera da.

Argia amatatu eta leihoak zabaltzeko garaia da.
Sugandilak ere atera dira epeltasun bila,
eta trenbidearen beste aldean
zain ditugu goldatu beharreko lurrak.

Begira zenbat hondar ekarri duen itsasoak
hurrengo itsasbeheran bion izenak idazteko.

----------

malekoia

Anari, Doctor Deseo, Cesaria Evora, Ive Mendes, Yann Tiersen, Joseba Sarrionandia, Eduardo Galeano, Vincent Van Gogh... Taupadak, malekoi zaharretik...

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution