Nafarroa, VWren doinura dantzan
Berria, 2006/05/11.
Landabengo zuzendaritzak ekoizpena lekualdatzeko mehatxua egiten die langileei, eta ez dira txantxetakoak horrek Nafarroaren ekonomiari ekarriko lizkiokeen ondorioak.
Pablo Lopez Calle Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko soziologia irakaslea da. 2001ean, Juan Jose Castillo lankidearekin batera, Volkswagen autogile alemaniarrak Nafarroan eratu duen produkzio sarea aztertu zuen Lan Ikusezina Espainian proiektuaren barruan. Ikerketaren emaitzak Los Obreros del Polo (Poloaren langileak) izeneko txostenean bildu eta argitaratu zituzten.
VOLKSWAGENEN ITZALA NAFARROAN. Gaur egun, 4.300 lagunek egiten dute lan Landabenen, 2002an baino 700 gutxiagok. Lopezen esanetan, ordea, ia ezinezkoa da Poloaren fabrikazioan parte hartzen duten langileen kopurua zehaztea. Izan ere, azken hamabost urteotan, jardueren etengabeko lekualdatze prozesu batean murgilduta egon ei da lantegia. Hala, 4.300 langile horiei gutxienez 280 enpresatan banatuta dauden beste 20.000 langile nafar batu behar litzaizkiekeela dio. Baliteke, baina, askoz gehiago izatea, zenbait ikuskatzailek Nafarroako biztanleria aktiboaren %40k zuzenean edo zeharka automobilgintza sektorean diharduela baieztatu izan baitute.
Kate horren muturretara gerturatu ahala, langileek orduan eta esku lan gogorragoak egiten dituztela, eginbeharrak zatituago daudela eta lanpostuek kualifikazio txikiagoa eskatzen dutela baieztatzen du Lopezek. «Ondorioz, askoz txikiagoa da haiek ekoizten dituzten produktuen balio erantsia».
Landabengo lantegiaz hitz egitea, hortaz, Poloaren fabrikazioan parte hartzen duen zati txiki batez jardutea da. Gaur egun, prentsa-lantegian egiten dituzten zenbait eraldaketa lan kenduta, muntaketan bakarrik aritzen dira han, Lopezen arabera. «Lantegiak dituen gastuen %80 kanpoan egiten dituzten erosketetatik dator. Ia egunero 11.000 pieza iristen dira Landabenera».
«Nafarroaren esportazioen %90 autogintzatik datoz eta Nafarroako Foru Erkidegoak egiten dituen inbertsioen erdiak baino gehiago sektore horri lotuta daude».
MENPEKOTASUN KUALITATIBOA. Baina, agian, Nafarroak VWrekiko duen menpekotasuna «kuantitatiboa baino gehiago kualitatiboa» dela uste du soziologia irakasleak. Eta ekoizpen ereduaren ezaugarriek eta bilakaera historikoak autogile alemaniarrak hartutako erabaki estrategikoekiko lotura hori areagotu baino ez dutela egin dio.
«VWren hornitzaile asko hark agindutako pieza jakin bat fabrikatzera mugatu dira, eta soilik horretantxe espezializatu. Bestalde, jarduerak gero eta zatituago daude, eta horrek lanpostu bakoitzak eskatzen duen kualifikazioa nabarmen apaldu du. Beraz, VWk Nafarroatik alde egiten badu, hango enpresa askori oso zaila izango zaie aurrera egitea».
Aipatutako prozesuaren erruz, lanaren kostuak eta lan baldintzak dira langileek lekualdatzearen aurka lehiatzeko erabil ditzaketen arma bakarrak. «Baina ez soilik Landabengo beharginentzat, VWk Nafarroan duen sarea osatzen duten lantegi guztietakoentzat baizik, VWren hornitzaile nagusiak hasiak baitira euren produkzioa toki merkeagoetara lekualdatzen». Errealitate hori azken hamarkadan Landabengo langile taldeak eta ekoizpenak izan duten hazkundearen atzean ezkutatu izan da, irakaslearen hitzetan. «Are gehiago, lekualdatzeko mehatxuen aurrean maiz esan izan da Landabengo lantegiak han irauteko arrazoia produktibitatearen hazkunde hori dela». 1994tik 2002ra bitartean, esaterako, autoko 86 langile behar izatetik 56 behar izatera pasatu zirela dio.
ESKULANA NAGUSI. Ekoizpen prozesu osoari erreparatuz gero, ordea, guztiz bestelako egoera ikus daiteke. Gaur egun, Poloaren fabrikazioan, askoz lan gehiago egiten da eskuz, teknologia erabiliz baino. «Multinazionalak osagaien ekoizpena eskulana merkeagoa den eskualde edo herrialdeetara lekualdatu du, teknologia berriak ordezkatzeko».
Azken hilabeteotan Landabenen gertatzen ari dena ez da izozmendiaren punta besterik Lopezentzat. «Azken boladan indartuz joan den prozesu hautemanezin baten isla apala». Haren arabera, osagaiak fabrikatzen dituzten enpresa handienen artean, asko dira ateak itxi dituztenak, edota langileak kaleratzen ari direnak, «euren jarduerak Europa ekialdera edota Afrika iparraldera lekualdatzeko». Delphi Unicables adibide bat baino ez da. Nafarroan hiru lantegi zituen, bakoitzean 500 langilerekin. Azken bost urteotan guztiak itxi eta Tangerren lantegi berria eraiki du, hamar mila langilerekin.
Egoera horretan, Poloaren produkzioan parte hartzen duten langileak euren soldatak murriztera eta lan baldintza kaskarragoak onartzera behartuak egon direla ziurtatu du soziologia irakasleak. «Landabengo langileen soldatak, esate baterako, %13 txikitu dira zortzi urtean, eta lanaldia malgutzeari baietza eman behar izan diote. Trukean, hamarkada honen amaierara arte Landabengo produkzioa bermatuko duten inbertsioak egiteko konpromisoa hartu zuen enpresak».
ZAHARRAK BERRI. Lan hitzarmen berri bat sinatu behar duten bakoitzean egoera bera errepikatzen ei da. «Hiru edo lau urtetik behin, Polo eredua aldatu behar duten bakoitzean». Beraz, ez da berria gizartean sortu duen alarma egoera. Komunikabideek egunero ematen dute multinazionalak egiten dituen mehatxuen berri. Eta ordezkari publikoek behin eta berriz berresten dute langileena dela mehatxu horiek egia bihurtzeko edo ez bihurtzeko ardura. «Baina ez dute arazoa konpontzen. Alderantziz, lekualdatu eta larriagotu egiten dute».
«Lanpostuari eusteko borrokan arma bakarrak soldatek sortutako kostuak eta lan baldintzak izateak industria politika baten ahulguneak azaleratzen ditu. Baina hori baino larriagoa da horrek guztiak dakarrena. Pixkanaka, ekoizpen baliabideak gero eta gutxiago izatea ekarriko du, egunen batean agortzen diren arte».
Nafarroako esportazioen %90 autogintzatik datoz eta inbertsioen erdiak ere sektoreari lotuta daude
Nafarroak Volkswagenekiko duen menpekotasuna, kuantitatiboa baino gehiago, kualitatiboa da
PABLO LOPEZ CALLE, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea
Zenbakia: 24.000
Poloa ekoizten duten langileak. Landabenen 4.300 lagunek egiten dute lan, baina kopuru horri gutxienez beste 280 enpresatan banatuta dauden 20.000 langile nafar batu behar zaizkio, ekoizpen sarearen parte baitira.

Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Landabeneko langileei elkartasuna adierazteko sortutako bloga.
Deia zabaldu!