Berria, 2006/05/11
«Zenbaki hutsak baino ez gara»
jose joaquin remiro Volkwageneko langilea izandakoa
Volkswagenen zenbait lan eritasun onartzen ez direla salatu du Remirok, eta kaleraturiko langileak horren ondorioz bota dituztela iruditzen zaio. Ez du garbi ikusten zein izan daitekeen lan gatazkaren irtenbidea.
Hamalau langile kaleratu dituzte azken asteotan Volkswagenek Iruñean duen enpresan, eta Jose Joaquin Remiro da horietako bat (1959, Iruñea). 1990ean hasi zen VWn beharrean, eta hamasei urtez lanean aritu ondoren kaleratu dute. Apirilaren 19an sinatu zuen kaleratze gutuna.
Hamalau langile kaleratu dituzte denbora gutxian. Zergatik uste duzu kaleratu zaituztela ?
Gaixo agiria hartu izan dudalako izan da. Hori da, gutxienez, enpresak dioena. Baina, azpi-azpian VWn arazo bat dago, eta horregatik kaleratu gaituzte. Moldaketa bat egin nahi dute, eta nire egoeran dagoen jendeaz aprobetxatu dira. Kontua da zenbait lan eritasun ez dituztela lan eritasuntzat jotzen, nahiz eta argi dagoen hala direla. Hala, lan eritasun horiek genituenok ezin izaten genituen zenbait lan burutu, eta lan gutxi egiten genuela leporatzen ziguten. Baina hori gezurra da, guk ahal genuena egiten genuen.
Hortaz, lan gutxi egiten zenuela esan zizuten?
Nire eritasunak zirela eta, ezin izaten nuen lan batzuetan normal aritu. Batzuetan, zama handiko gauzekin lan egin behar izaten genuen, eta berehala eskumuturrak edota belaunak hazten zitzaizkidan.
Ez al zenuen gunez aldatzeko eskatu?
Nik niretzat egokia zen lanposturen batean lan egin nahi nuen, baina badirudi 4.200 langile dituen enpresa batean ez dela lan hori existitzen...
Zu han zinela zer-nolako giroa zegoen?
Arduradunek ez zuten bat bera ere pasatzen uzten. Etengabe zirikatzen gintuzten, ia lehertzeraino. Nik uste, hori guk erantzun txarren bat emateko egiten zutela; horrela, interesatzen ez zitzaizkien langileak kaleratzeko aitzakia izateko. Horren atzetik egon dira beti. Nik uste jotzea besterik ez zaiela falta izan. Oso tratu txarra jasan behar izan dugu, psikologikoki ere suntsitzen saiatzen ziren.
Zer dela-eta tratu hori?
Eurei interesatzen zaien bakarra ekoizpena eta dirua irabaztea da. Langileak zenbaki hutsak baino ez gara, eta behar adina ekoizten ez dugula iruditzen zaienean, ez gara beren interesekoak. Enpresak honela egiten ditu planteamenduak: hainbat pertsona, hortaz, hainbat auto. Gu ez gara makinak, pertsonak gara. Lotsagarria da duten jarrera.
Gertaera horien induruan babesik jaso al duzu?
CGT sindikatuaren aldetik babes handia jaso dut, baina gainontzeko sindikatuek eta langileek ere eskaini didate laguntza. Besteek ere bazekiten zer gertatzen ari zitzaidan, eta bidezkoa ez zela ikusten zuten. Baina, batzuetan, enpresak beren kontra har zitzakeen neurriak zirela eta, babes hori ere mugatua izaten zen. Enpresa beti mehatxutan dabil, eta jendea beldurturik dago. Gezur asko esaten dituzte VWn. Mafia bat da. Dirua irabazten duten bitartean denak balio du, eta langileak gara galtzen ateratzen garenak.
Harremanetan jarraitzen duzu VWko langileekin?
Lehenengo egunetik joaten naiz kontzentrazio eta mobilizazioetara. Gatazka gero eta handiago egiten ari da, eta laster gelditzen ez bada... Ez dakit honek zer-nolako amaiera izango duen.
Langileen borrokak emaitzarik emango duela iruditzen zaizu?
Ez dakit, baina enpresak benetan hemendik alde egin nahi badu, alde egin dezala, baina jendea bakean utz dezatela. Nik uste, azkenean, gatazka honek eztanda egingo duela. Ez dakit nondik, baina hau lehertu egingo da. Langileekin jolasean ari dira, baina langileek ere badituzte beren mugak.
Orduan, enpresak politika aldatu beharko lukeela uste duzu?
Nik uste enpresak ekoizten jarraitu nahi duela, eta azkenean konponbide batera iritsiko dira. Baina 2008an VWk hemen jarraituko duen? Ez dakit. Dena dela, hemen auto asko ekoizten dira, eta hori interesatzen zaiela pentsatzen dut, ez dut uste berehalakoan alde egingo dutenik.
Dena dela, zu orain Volkwagen enpresatik kanpo zaude. Zein da zure egungo egoera?
Langabezian nago orain, eta oraindik VWn zama gainean daramadala dirudi. Lana bilatzen hasi naiz, baina jendeak ez du VWtik kaleratu duten inor hartu nahi, eta hori bertatik bertara ikusi dut. Lan eskaintza bat nuen, baina VWtik kaleratu nindutelako ezezkoa jaso nuen. Jendeak VWtik lana egin nahi ez genuelako bota gintuztela uste du, baina benetan gure lan eritasunak onartu nahi izan ez zituztelako kaleratu gintuzten.
Volkswageneko gatazkan «ahalik eta gutxien» parte hartzeko esan dio Miguel Sanzek Montillari
Protagonismo bila ari dela esan dio Chivitek Sanzi, bai eta beste erakundeei trabak jartzen ari dela ere
Espainiako Industria ministro Jose Montillak Volkswageneko gatazkan ez parte hartzea nahi du Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzek. «Hobe Montillak ahalik eta gutxien parte hartzen badu». Iradoki zuenez, VWko ekoizpenaren zati bat Herrialde Katalanetara eraman nahi du Montillak.
Hala, UGTk harturiko bidetik ikusten du Sanzek konponbidea. Hala ere, UGTk onartutako hitzarmena urtebetez luzatzea komenigarria litzatekeela iruditzen zaio, horrela, CCOOren proposamenen bat gehitu ahal izateko.
Dena den, lan gatazka geldirik dagoela adierazi zuen Sanzek. «Enpresa eta sindikatuak ez daude beren jarreratik mugitzeko prest, eta UGT eta gainontzeko sindikatuen arteko gatazkak ere badirau». Gainera, ez du enpresak nahi beste ekimen abia ditzakeenik uste; izan ere, «UGT agerian uzteko» arriskua ikusten du. Dena den, VW joan den astean baino egoera hobean dagoela uste du. «Egoera kezkagarria da, baina ez dago joan den asteko ultimatumik».
MANIFESTAZIOA, HILAREN 20AN. VWko gatazkaren konponbidean Sanzek protagonismoa eduki nahi duela salatu zuen PSNko idazkari nagusi Carlos Chivitek, eta «arduragabekeriaz» jokatzea egotzi dio. Haren iritziz, Montillari gatazkan ez parte hartzeko esatean «protagonismorako gogoa» adierazi zuen, eta gatazkak gainditzeko gaitasunik ez izatea egotzi zion Sanzek. «Negargarria da Sanzi bere irizpidea ezarri nahi izatea ikustea, eta gainontzeko erakundeei oztopoak jartzen aritzea».
Bestalde, VWko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, eta txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak egin zituzten atzo. Dena dela, lan ituna negoziatzen hasteko aldarrikatzeko beste neurri batzuk hartzea erabaki dute, eta CCOO, LAB eta CGTk manifestazioa egingo dute hilaren 20an.

Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Landabeneko langileei elkartasuna adierazteko sortutako bloga.
Deia zabaldu!