Foruzainek beste bi langile atxilotu dituzte apirilaren 11ko istiluengatik
ERREDAKZIOA - IRUÑEA
Aste Santuko oporraldia amaitzearekin bat, aurretik zuten dinamikari eutsi diote Volkswagenek Nafarroan duen lantegiko langileek. Herenegun agindu bezala, langile batzordeak mobilizazio berriak antolatu ditu datozen egunetarako. Eta halaxe jakinarazi zion atzo Nafarroako Gobernuko Industria sailari.
Datorren asteazkenean, txanda bakoitzeko langileek lan egiteari utziko diote bina orduz. Helburu oso zehatza dute: enpresaren zuzendaritzak lan itunaren inguruko negoziazioei berriro ekitea.Bigarren mobilizazio eguna, berriz, ostiralerako deitu du Landabengo enpresa batzordeak. Orduan ere, txanda bakoitzean bina orduko lanuztea egitea aurreikusten dute. Arrazoia, ordea, erabat bestelakoa izango da, enpresaren jarrera salatuko baitute orain gutxi sei langile kaleratu zituelako. Langileen parte hartzea erabatekoa izango dela eta, enpresa batzordea prest dago zuzendaritzarekin gutxieneko zerbitzuak negoziatzeko.UGT sindikatuak ez du hilaren 26ko ekimenekin bat egingo, konforme baitago zuzendaritzak egindako azken proposamenarekin. Aldiz, hilaren 28ko lanuzteetarako deia egin du.Aipatu ekimenen atzean enpresa batzordea dagoen arren, lan ituna negoziatzeko erabateko borondatea agertu dio Landabengo zuzendaritzari. Eta gatazkatsuenak diren puntuen inguruan akordiora iritsiz gero, gainerakoetan amore emateko prest dagoela jakinarazi dio.Bestalde, Nafarroako Foru Poliziak beste bi langile atxilotu zituen atzo Aoizen eta Iruñean, hilaren 11n Nafarroako Parlamentuaren atarian jazotako istiluak tarteko. Beraz, dagoeneko zazpi dira aginpideari eraso egitea eta ordena publikoa apurtzea leporatuta atxilotutako langileak. Nafarroako Foru Poliziak Landabengo langileekin izandako jarrera salatu du Askatasunak, eta UPNren zerbitzura dagoela gaitzetsi du.
Moldaketa mintzagai
Volkswageneko zuzendari nagusi Bernd Pischetsriederrek, berriz, otsailaren hasieran iragarritako enpresa berregituraketa izan du hizpide. Eta erabaki guztiak zuzendaritzaren, enpresa batzordearen eta IG Metall sindikatuaren artean hartuko dituztela agindu du.
Brasilen dituen lantegietan egiturazko aldaketak egingo dituela eta Bruselako lantegia egitasmotik at dagoela ere adierazi du. Ez, ordea, Alemaniakoak. Datozen hiru urteotan 20.000 langile kaleratuko ditu, Alemaniako zenbait egunkarik 40.000 izango direla ohartarazten badute ere; bikoitza, alegia.
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Landabeneko langileei elkartasuna adierazteko sortutako bloga.
Deia zabaldu!