Artxiboak: Otsaila 2007

2007-02-28

Permalink 10:59:46, Atalak: Ekitaldiak, 164 hitz  

Hernaniko Gazte Eguna: independentzia eta sozialismoa

Datorren larunbatean martxoak 3, Independentzia eta Sozialismoa lelopean Gazte Eguna antolatu dute hainbat lagunek Hernanin. Kontrakantxa gaztetxeak parte hartzeko erabakia hartu du ahal duen neurrian eta bertaratzeko gonbitea luzatzen die gazte independentista eta ezkertiar guztiei. Ekitaldiak ia bere osotasunean Atsegindegiko plazan burutuko dira.   

                                   AHTrik ez!

Egitaraua:  

  • 11:00etan AHTren inguruko hitzaldia.
  • 13:00etatik aurrera barrikotea eta bazkaria.
  • 15:30etan Txan magoa.
  • 17:00etan talde jokoak.
  • 20:00etan kontzertuak: ANIA, KLORATITA eta BISAI taldeekin.
  • 01:00etatik aurrera eta egunsentirarte, Aritz Sound Systemen eskutik musika Kontrakantxa gaztetxean.

            Kloratita, etikaz mintza gaitezen

                                    Bisairen lehen diskako aurreazala 

2007-02-23

Permalink 09:57:28, Atalak: Adierazpenak, 183 hitz  

Kontrakantxa gaztetxea babesteko ekimenak

Gaur otsailak 23 ostirala asteburuan burutuko ditugun hainbat mobilizaziori hasiera emango diogu, arratsaldeko 20:30etan gudarien plazatik irten egingo den manifestazioarekin. Larunbatean eta Igandean berriz Hernaniko kaleetan herriaren babesa erakusteko sinaduren bila ibiliko gara! Jarraian manifestaziora joateko deialdiaren oharra zabaltzen dugu:

Manifestazioa burutzeko helburua Hernaniko udaletxearen joko zikina salatzea da. Pasaden ostiral goizean, inauterien bezperan, Kontrakantxa gaztetxeko atea eta leihoak tapiatu zizkiguten inongo abisurik eta azalpenik eman gabe. Eraso honi aurre egin genion ateko txapa berriz irekiaz. Gure aldetik, betiko martxa eramateko asmoa dugu. Eragozpen handiak ditugun arren asanbladetako ekintza ezberdinak aurrera eramateko (haur jolasak, bideo emanaldiak...) udaletxeak kendutako argi indarraren beharra, kanpoko argi falta, hezetasuna, itoginak, etabar luze bat.

Hau guztia dela eta, esan beharra dago urteak daramazkigula gazteon beharrak asetzeko gune edo lokal bat eskatzen eta udaletxeak sekula ez duela borondaterik adierazi gazteokin elkarrizketa bat mantentzeko. Ez gara gazteok bakarrik gaztetxearen beharra ikusten eta eskatzen dugunak, herria gurekin dagoela ere argi erakutsi dezakegu adibidez, sinadura bilketen bitartez. Azkenik, gaztetxearen eguneroko martxan parte hartzera gonbidatuak zaudetela adierazi eta animatzen zaituztegu. Kontrakantxa aurrera!!! 

2007-02-19

Permalink 09:31:09, Atalak: Adierazpenak, 320 hitz  

Gazte Asanbladak mobilizazioak deitu ditu aste honetarako

Hernaniko Gazte Asanbladak deituta pasaden ostiral arratsaldean asanblada ospatu genuen, Kontrakantxa gaztetxeko atea itxi egin zigutelako. Mobilizazioak egiteko erabakia hartu dugu, honela bada astelehenetik ostiralera enkarteladak egingo dira egunero, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Gazte Asanbladak adierazten du atea tapiatu arren, Kontrakantxan berriro ere sartu garela eta jarraitzeko asmoa tinkoa dugula.

                      Kontrakantxa gaztetxeko atea tapiatuta!

Jarraian Alaia Esnaola Kontrakantxa gaztetxeko kideak idatzitako gutuna jasotzen dugu:

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizuegu, Kontrakantxa gaztetxea errealitate izan dadin lan egin duten guztiei eta lanean jarraituko dutenei. Eskerrak eman nahi dizkiegu, baita ere, Kontrakantxako lehendabiziko kontzertura joan zirenei, alkatearen ez joateko gonbidapenaren ondoren, eta babesa erakutsi zuten ehunka gazteei. Lokal hauek azpiegitura ederrak dituzte (komunak, dutxak, sukaldea, eta abar), eta udal agintariek <<urperatu>> egin dituzte. Hernaniko gazteak urteak daramazkigu lokal bat eskatzen eta ez digute jaramonik egin. Lokal horiek galdu ez daitezen ari gara lanean. Erasoak jaso ditugu, San Joanetan, Santo Tomasetan eta orain Inauterietan. Une ahulenak bilatzen dituzte. Baina lokala tapiatu arren, jakinarazi nahi dugu guk berriro ere ireki egin dugula. Argi dago beldurraren ondorioz jokatzen dutela modu honetan udal agintariek, kontrolatzen ez duten taldea garelako.

Hilabeteak daramazkigu ekitaldi ezberdinak egiten eta ez dute, orain arte, gure segurtasunarengatik inongo <<kezkarik>> erakutsi. Kontzertua aurretik bidalitako ohar beldurgarria aurpegi zuriketa besterik ez zen izan. Ekintzak, hitzak baino ozenago mintzo dira, eta udal agintariei, bost axola zaizue gazteon egoera. Ez gaitzazue horrenbeste maitatu eta utzi trabak jartzeari. Jakin ezazue, katarroak ez direla eguzkitako kremarekin sendatzen. Atsegindegik ez du balio. Hernaniko gazteok elkartzeko, antolatzeko, ikasteko, hanka sartzeko, eztabaidatzeko, gozatzeko eta maitatzeko lokala nahi dugu, eta prest gaude, zintzoki, bide horretan laguntzeko prest dagoen guztiarekin hitz egiteko. Baina bitartean hitzetatik ekintzetara pasa bitartean, (hauteskundeak iritsi arte luzatu nahi baitute alternatiba bilatzea) Kontrakantxan jarraitzeko asmoa dugu.

2007-02-16

Permalink 10:33:30, Atalak: Adierazpenak, 422 hitz  

Kontrakantxa gaztetxea dela eta udalari

Iker Blas Hernaniko Gazte Asanbladako ordezkari ohiak Hernaniko Kronikan idatzitako gutuna:

Kontrakantxa gaztetxea sortu aurretik udalak ez zuen gazteekin (18 urte gorakoez ari gara) inolako parte-hartze espaziorik sortu beraiek gidatutako politiketan: ez gaituzte inoiz entzun, ez gaituzte inoiz gure iritzia plazaratzera gonbidatu, ez gaituzte inoiz elkarrekin politikak eraikitzera animatu… Honen aurrean, bat-bateko parte-hartzea bultzatu dute gazteek maiz. Udalak ez ikusiarena egin du eta urteetan gazteriaren parte batek bere beharrak behin eta berriz aldarrikatu dituen arren, politikoek ez dute gazteekin elkar-ulertzea bultzatuko lukeen politikarik abian jarri. Eusko Jaurlaritzatik sustatzen den Gazte Planen estrategia eztabaidagarria den arren, gaiarekiko nolabaiteko ardura azaltzen du gutxienez. Aldiz, Hernaniko udal gobernuak ez du Gazte Plan bat eraiki (herri askotan egin dira, gurean ez). Esanguratsua oso politikari jaunak. Zuen ahotan eta programetan dago parte-hartzea. Ekintzetan aldiz ez. Antza, Hernaniko udal gobernua ez da gai Eusko Jaurlaritzak bultzatutako estrategia apala bere egiteko. Berriz, Hernaniko gazteriaren parte batek, herritar parte-hartzearen aldarrikapen garbia, irekia eta ez dogmatikoa egin du kontrakantxaren okupazio ekintzarekin. Hasieratik gu izan gara udalera hurbildu garenak elkarrizketa bila. Gure ikuspegia nahi genuen azaldu, gobernukideen esatekoak nahi genituen entzun; ezagutuak nahi genuen izan aktore sozial moduan, eta ahal izatekotan adostu nahi genituen zenbait gauza. Proposamena argia izan zen eta izaten jarraitzen du: udala eta gazteen artean prozesu parte-hartzaile bat abian jartzea Udal Jangela zaharrean zer egin erabakitzeko. Baina ez, udalak nahiago du inposatu adostu baino. Garbi uzten du hori beraien gutunak: <<Gogorarazten diegu ez dutela baimenik. Beraz, publikoki eskatzen duten elkar ulertzea zaila izango da>>.

Hori da hori borondatea. Gazte Asanbladako ordezkaria izan nintzen bitartean haien atzetik ibili nintzen eta bildu ere egin nintzen beraiekin. Hori bai, bueltan ez nuen behin ere udaleko inorren deirik jaso. Eta bat-batean larunbatean ordezkari baten falta plazaratzen dute (kontzertua ospatzeko ordu batzuk falta zirela). Seriotasun pixka bat mesedez. Gutun hau sinatzen duenak ordezkari izateari utzi zion atzerrian dagoelako praktika batzuk egiten gaur egun. Ez izan fede txarrekoak aprobetxatuz gizarte mugimendu batek izan dezakeen organizazio erritmo motela eta herriari aditzera eman nahirik gazteak arduragabe batzuk garela. Zorionak estigmatizazio horretan bidea urratzen jarraitzeagatik. Nik aldiz ez zaituztet zuek estigmatizatuko. Kontzertuak Atsegindegiko plazan ospatzea proposatu zenuten hauek burutu baino ordu batzuk lehenago. Hori DEMAGOGIA da. Pena da aurretik ez proposatu izana. Agian hori izan zitekeen irtenbide adostu bat. Elkarrizketaren aldeko apustu garbia egin beharko luke udalak. Oraindik ez da berandu, hitz egin dezagun, ze Kontrakantxa gaztetxea argi indarrik gabe uztea ez zaigu gauzak kudeatzeko modu egokia iruditzen. Eta hala ere, oztopo guztien gainetik Kontrakantxaren lehendabiziko musika jaialdia ospatu zen pasa den larunbatean, zorionak!

2007-02-13

Permalink 10:03:17, Atalak: Adierazpenak, 145 hitz  

Arrakastatsua gaztetxeko lehen kontzertu jaialdia!

Aupa jende!

Pasaden larunbatean Kontrakantxan ospatutako kontzertu jaialdia oztopo guztien gainetik arrakastatsua izan zen eta bertan bildu ginen jendetza zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan genuen. Honela bada Hernaniko Gazte Asanbladak eta Molotoff Irratiak antolatutako jaialdia aurrera ateratzea lortu zuten nahiz eta Hernaniko udaletxeak ostiralean gaztetxeko argia moztu eta Kronikara gutun bat bidali. Kontzerturako argi indarrra generadore baten bidez lortu genuen eta goizalderarte ibili zen jendea dantzan. Taula gainean Suburbio, Hurto, Orreaga 778, Aritz Sound System, Sistah Kata eta Raul Black Jiko ibili ziren                           

                        jendearen artetik

2007-02-12

Permalink 12:37:49, Atalak: kontrakantxa, 50 hitz  

Logo berria Hernaniko gaztetxe blogarentzat!

Aupa lagunak!

Gutxinaka bada ere Kontrakantxa gaztetxeko blogari bizia ematen gabiltza. Azken ekarpena logo berri hau dugu. Erakargarria ez denik ez duzue esango!!!

                            Kontrakantxa gaztetxeko blogeko logoa

2007-02-08

Permalink 09:48:39, Atalak: Ekitaldiak, 83 hitz  

Kontrakantxa Musika Jaialdia larunbat honetan

Kontrankantxan ospatuko den lehendabiziko kontzertu emanaldirako punk eta oi! estiloko taldeak izango dira. Batetik: Hernaniko ORREAGA 778 eta SUBURBIO, eta Iruñeako HURTO. Bestetik, ARITZ SOUND SYSTEM izango da musika beltza jartzen eta mikrofonoan Irungo SISTA KATAH eta RAUL BLACK JIKO kubatarra izango dira. Aurretik, arratsaldeko 19:00etan hasita, sagardo probaketa izango da. Kontzertua gaueko 22:00etan hasiko da eta musika jartzaile eta abeslariak goizeko 01:00etan. Sarrera debalde da. Festa, Molotoff Hernaniko Irrati Librearen laguntzarekin batera antolatua dago. Animatu zaitezte!

2007-02-05

Permalink 16:07:05, Atalak: Ekitaldiak, 66 hitz  

Kontzertuak eta sagardo dastaketa

Larunbat honetarako (otsailak 10) Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxean primerako ekintzak antolatu ditugu herriko produktuekin: sagardoa eta musika.

Kontrakantxan burutuko den lehen kontzertu emanaldi honetarako, herriko musika taldeen aldeko apustu garbia egin dugu.

Honakoa da ordutegia: arratsaldeko 18:30etatik aurrera sagardo dastaketa izango da abian eta gauean 22:00etatik aurrera Suburbio + Orreaga778 + Talde sorpresa + Aritz Sound System ikusi ahal izango ditugu zuzen zuzenean!!

Bertaratzeko gonbitea luzatzen dizuegu!!

Suburbio taldeko kideak

Orreaga778 taldeko diskaren aurrezala

 

Azken erantzunak

Otsaila 2007
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28        

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

kontrakantxa

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution