Artxiboak: Abendua 2006

2006-12-29

Permalink 12:40:50, Atalak: Ekitaldiak, 58 hitz  

Urte zaharreko jarduerak

Abenduak 29 ostirala: Gaueko 21:00etan inaugurazio afaria.

Abenduak 30 larunbata: Arratsaldeko 16:00etan herriari ate irekiak jardunaldia. Umeentzako jolasak ere izango dira.

Abenduak 31 igandea: Arratsaldeko 16:00etan Kontrakantxa gaztetxeko Lehenengo Mus Txapelketa.

Urtarrilak 1 astelehena: Goizaldeko 1:00etan, mahatsak jan ondoren kazerolada Gudarien Plazatik Kontrakantxa gaztetxera. Goizeko 8:00etan urte berriari ongi etorria emateko Kontrakantxan txokolatada. 

2006-12-26

Permalink 12:53:39, Atalak: Adierazpenak, 493 hitz  

«Udalari gazteen parte hartzea bultzatzeko mekanismoak abiaraztea proposatu diogu»

Iker Blas Hernaniko Gazte Asanbladako ordezkariari Hernaniko Kronikan egindako elkarrizketa:

Udalarekin bildu ostean zer ondorio atera ditu Gazte Asanbladak?

Bileran bakoitzak bere ikuspegiak azaldu ditu. Udalak lokalean Gazte Txokoa jartzeko daukan aurreproiektua esplikatu digu eta guk gurea, Gaztetxearena azaldu diogu. Egin diogun lehendabiziko proposamena zera izan da: momentuz Gazte Txokoarena aurreproiektua denez, bertan behera utzi eta gazteen eta Udalaren artean leku horretarako proiektu berri bat sortzea.

Zein izan da Udalaren erantzuna?
Proiektu hori onartu behar dutela eta aurrera ateratzeko prest daudela. Ezin dutela orain bertan behera utzi eta beste proiektu batetaz hitz egin dezakegula.

Zein da Udala eta Gazte Asanbladaren artean dagoen desadostasun nagusiena?
Gure ustez arazo nagusia Udalak herriko gazteei kontsultatu gabe proiektua aurrera eraman izana da. Beraiek esaten dutenez proiektu hori Gazte Txokoa da eta horko arduradunekin hitz egin dute, baina ez dute gazteekin hitz egin. Hor dago lehendabiziko talka inportantea: guk badugula proiektu bat leku horretarako baina inork ez digula ezer galdetu.

Horrek beste arazoak ekartzen ditu momentu honetan: gu bertan argi gabe gaude, ura sartzen da, ingurua obretan dago... Gure ustez leku horrek argindarra eduki beharko luke, baina Udala ez dago prest horretarako, gu hor egotearekin ados ez dagoelako.

Obretan egonda arriskutsua izan daitekeela dio Udalak...
Gu jabetzen gara horretaz. Horregatik konpromiso batzuk aurkeztu nahi izan dizkiogu Udalari, adibidez, langileak obran dauden bitartean inor ez dela egongo Gaztetxean, segurtasunagatik. Bide batez, obrako arduradunarekin hitz egin dugu, eta konpromiso bera eman diegu. Dena dela, Udalak ez ditu konpromiso horiek onartzen, ez duelako zilegitzat jotzen gu bertan egotea.

Hala ere harremana zabalik dago Gazte Asanblada eta Udalaren artean. Aurrera begira hitz egiten jarraitzeko asmoa dago?
Bai, noski. Baina azpimarratu behar da harreman hori martxan jarri duena Gazte Asanblada izan dela. Hor dago, adibidez, Gazte Txabolaren kontua: Udalak inolako argibiderik eman gabe bota zuen. Bertan aukera aproposa zuten herriko gazteekin elkartu eta hori zergatik egin zuten esplikatzeko. Ez zuten horren inguruan eztabaidatu nahi izan. Orain ere, lokal hori okupatu ondoren gu izan gara Udalarekin hitz egiten hasi garenak.

Gazte Txokoa 18 urtekoentzat ere prestatzeko ideia dago. Zer iruditzen zaio hori Gazte Asanbladari?
Berriz ere mugak jartzen ari dira, 11 urtetik 18ra bitartean. Hori ez dator bat guk gazte izatearen inguruan dugun definizioarekin. Guretzako gazteak adin horietatik aurrerakoak ere badira eta horiei ez zaie irtenbiderik ematen.

Adostasunera iristeko modurik ikusten duzue?
Gazte Asanbladak Udala eta gazteen arteko mekanismo parte-hartzaileak bultzatzea proposatu du. Guztion artean erabakitzea zer egin dezakegun hor. Beraiek esan digutenez Udalean zinegotzi asko daude, eta guztiek ez lukete ontzat emango mekanismo parte-hartzaileak martxan jartzea. Dirudienez Udaleko zinegotzi batzuek pentsatzen dute ez dagoela behar hori eta beraiek erabaki dezaketela gazteek zer behar duten.

Eztabaida horiek aurrera jarraitzen duten bitartean lokalean jarraitzen duzue ezta?
Bai, guk ez daukagu inolako arazorik eztabaidatzen jarraitzeko eta hitz egiteko, baina bitarte horretan leku horri bizia emateko prest ere bagaude eta hori argi utzi nahi izan dugu bileran. Hemendik aurrera Gaztetxean jarduerak antolatzen hasiko gara datozen egunetan: Gaztetxearen inaugurazioa, eguberrietako kontsumismoari aurre egiteko truke azoka, urteberri eguneko txokolatada, tailerrak, hitzaldiak...

2006-12-20

Permalink 20:34:25, Atalak: Adierazpenak, 69 hitz  

Bost egun Kontrakantxan

Honez gero 5 egun pasa dira Kontrakantxa okupatu genuenetik, eta bertan jarraitzen dugu ilusioz. Momentuz desalojorik gertatu ez arren, Hernaniko Udaletxeari harremanetan jartzeko gure asmoa azaldu diogu, elkarrizketaren aldeko apustu garbia eginez. Helburua Udalaren eta gazteen arteko elkar aditzea bultzatzea da.

Era berean, herriko gazteen babes soziala erakutsi nahian, sinadura bilketa abian jarri dugu gazteen inplikazioa sustatu eta demokrazia parte hartzailearen mekanismoak abian jarriz. Bien bitartean asanbladak egiten jarraitzen dugu.

2006-12-18

Permalink 17:54:43, Atalak: Adierazpenak, 239 hitz  

Kontrakantxa abian da!



"Herri bat gaztetxe bat" lemaren aldeko borrokan, Hernaniko gazte batzuek joan den abenduaren 16an pauso berri bati ekin diogu, bi urte baino gehiago geldirik daraman Udal Jangela okupatuz. Atsegindegiko arkupean 100 lagunetik gora bildu ziren okupazioa prestatzeko. Okupazioa gauzatu ondoren herri batzarra egin dugu eta jarraian egun guztian zehar Gaztetxean hainbat ekimen antolatu ditugu.

Hernaniko Gazte Asanbladaren oharra:

Joan den uztailean Gaztetxe Martxa Hernanitik pasatzen zela-eta herriko gazteek euren eskuekin literalki eraikitako Gazte Txabola, Udaletxeak behera bota zuen, inongo argibiderik eman gabe. Jendearen ilusioei esker hernaniarrontzako hain enblematikoa den Paradorreko Gaztetxe zaharraren lur soroan sortu zen espazio liberatu hura.

Lan horretan hainbat ekimen kolektibo bultzatu genituen: bizikleta martxak, mendi irteerak, koadrilen arteko bertso bazkariak, manifak... Gazteen aldarrikapen oihuak zabaltzeko asmo argiarekin gainera. Udaletxeak egindakoa gure borrokaren amaiera ez zela izango erabaki eta gure borrokaren jarraipenaren hasiera bezala definitu genuen.

Horregatik inoiz baino beharrezkoagoa ikusi genuen gaztetxe berri baten sorrera eta aldarrikapena. Gaur egungo gazteak bizi dugun testuingurua benetan iluna delako: etxebizitza eskubidea negozio bilakatu da, lan baldintzak inoiz baino eskasagoak dira eta indar polizialak instituzioek ezarritako ordena gehiegikerien bidez inposatzen digute.

Lan horretan tresna bikaina iruditzen zaigu Gaztetxea: gune fisiko bat gazteak eta ez hain gazteak batuko gaituena esparru libre bat sortzeko autogestioan eta burujabetzan. Gure antolaketak eta burutapenek instituzioei egonezina sortzen dietela badakigu eta hori baliatu behar dugu. Guk badugu alternatibarik, guk badugu bestelako gizarte bat eraikitzeko eredurik, eta hori jarri nahi dugu abian, Gaztetxetik hasita Mundura.

Azken erantzunak

Abendua 2006
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

kontrakantxa

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution