Ekainaren 7an europear parlamenturako hauteskundeak daude. Nire bozka argi daukat: Iniziatiba Internazionalista. Analisi eta gogoeta osatuago eta sakonagoak daude baina hemen daude nire arrazoiak:
1)
Sorrera manifestuan 5 oinarri finkatzen dituzte: justizia soziala, askatasun demokratiko osoa, genero diskriminazioari ez, eskubide politikoak eta kapitalaren europaren aurka. Ez da bakarrik edozein abertzale ezkertiar, abertzale edo ezkertiar oinarri hauekin ados dagoela, arrazoizko edozein pertsonak egon beharko luke. Ez dira minomo demokratikoak soilik, minimo etikoak dira. Egia da edozein proposamenek gehiago sakondu behar duela. Hala ere, bizi garen egoeragatik, krisi ekonomikoa (langileok ordaintzea nahi dutena eta askok horrekin ados egon behar dugula saltzen digute), jazarpen ideologikoa (alderdien legea, ilegalizazioak, kartzela) eta tsunami atzerakoi orokor bat (politikoa, ekonomikoa zein gizartean), minimo hauekin planto egitera behartuta gaude. Gure lerro gorriak dira eta minimo hauei eutsi behar diegu. Larrialdizko egoera batek ezohizko neurriak behar ditu: ñabardurak eta ezberdintasunak alde batera utzi eta oinarrizko minomoak defendatzen ditugunok batu behar gara.
2) Iniziatiba Internazionalistako kideek Euskal Herrian dauden sasialderdi askok baino duintasun, adore, osotasun eta elkartasun handiagoa erakutsi dute. Hori gure bozka baliagabetu digutenoi nahikoa zaigu. Zazpi urte ostean benetako lagunak nortzuk diren ikusi dugu. Eta guztiz eskertuta nago. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko. Nire bozka besarkada hori itzultzeko modu bat da.
3) Alfonso Sastre. Zerrendaburua nahikoa da bozka emateko. Gaur Garan
bere bizitza laburbiltzen digute. Pertsona handi honek ziurtasun guztiak ematen ditu. Ezin zaio bozka ukatu. Eta, gainera, zerrendan ere Xosé Luis Méndez Ferrín dago. Bata gaztelanian, bestea galegoz, bere hizkuntzan bizirik dauden idazle onenak. Edozein hautagaitzak ezin dezake hori esan.
4) Ilusioa. Bai euren ideiengatik, bai euren ekintzengatik, bai diren pertsonengatik, ilusioa piztu dute. Horrenbeste grisen artean,
itxaropen baten esnatzea.
5) Kikilduta daude. Kriminalizazioaren ostean, isiltasuna, mesprezua eta gutxiespena etorri dira. Boterean daudenei zerrenda batek min egiten dienean, zerrenda horrek gauzak ondo egiten dituela esan nahi du. Abortua pederastia baino krimen larriago bat esaten duenaren defendatzaileak, frankista gainera, zerrenda honen aurka egiten duenean, zilegitasuna nork duen agerian gelditzen da. Eta adibide asko daude, guztiak norabide berdinean. Izorratzen die. Bozka bakoitza zaplasteko bat izango da. Eta atsegin handiz zaplastekoa, ostikada eta ukabilkada emango diet. Zaunk egiten dute, beraz zaldiz gabiltza.
Hauek nire arrazoiak dira. Ez dakit norbait konbentzitu dudan, baina Iniziatiba Internazionalistari eskerrak eman behar nizkion.
Alfonso eta Doris Europara!