Artxiboak: Maiatza 2009

2009-05-31

Permalink 12:41:57, Atalak: Biogailuak  

Nire bozka, Iniziatiba Internazionalista

Ekainaren 7an europear parlamenturako hauteskundeak daude. Nire bozka argi daukat: Iniziatiba Internazionalista. Analisi eta gogoeta osatuago eta sakonagoak daude baina hemen daude nire arrazoiak:
1) Sorrera manifestuan 5 oinarri finkatzen dituzte: justizia soziala, askatasun demokratiko osoa, genero diskriminazioari ez, eskubide politikoak eta kapitalaren europaren aurka. Ez da bakarrik edozein abertzale ezkertiar, abertzale edo ezkertiar oinarri hauekin ados dagoela, arrazoizko edozein pertsonak egon beharko luke. Ez dira minomo demokratikoak soilik, minimo etikoak dira. Egia da edozein proposamenek gehiago sakondu behar duela. Hala ere, bizi garen egoeragatik, krisi ekonomikoa (langileok ordaintzea nahi dutena eta askok horrekin ados egon behar dugula saltzen digute), jazarpen ideologikoa (alderdien legea, ilegalizazioak, kartzela) eta tsunami atzerakoi orokor bat (politikoa, ekonomikoa zein gizartean), minimo hauekin planto egitera behartuta gaude. Gure lerro gorriak dira eta minimo hauei eutsi behar diegu. Larrialdizko egoera batek ezohizko neurriak behar ditu: ñabardurak eta ezberdintasunak alde batera utzi eta oinarrizko minomoak defendatzen ditugunok batu behar gara.
2) Iniziatiba Internazionalistako kideek Euskal Herrian dauden sasialderdi askok baino duintasun, adore, osotasun eta elkartasun handiagoa erakutsi dute. Hori gure bozka baliagabetu digutenoi nahikoa zaigu. Zazpi urte ostean benetako lagunak nortzuk diren ikusi dugu. Eta guztiz eskertuta nago. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko. Nire bozka besarkada hori itzultzeko modu bat da.
3) Alfonso Sastre. Zerrendaburua nahikoa da bozka emateko. Gaur Garan bere bizitza laburbiltzen digute. Pertsona handi honek ziurtasun guztiak ematen ditu. Ezin zaio bozka ukatu. Eta, gainera, zerrendan ere Xosé Luis Méndez Ferrín dago. Bata gaztelanian, bestea galegoz, bere hizkuntzan bizirik dauden idazle onenak. Edozein hautagaitzak ezin dezake hori esan.
4) Ilusioa. Bai euren ideiengatik, bai euren ekintzengatik, bai diren pertsonengatik, ilusioa piztu dute. Horrenbeste grisen artean, itxaropen baten esnatzea.
5) Kikilduta daude. Kriminalizazioaren ostean, isiltasuna, mesprezua eta gutxiespena etorri dira. Boterean daudenei zerrenda batek min egiten dienean, zerrenda horrek gauzak ondo egiten dituela esan nahi du. Abortua pederastia baino krimen larriago bat esaten duenaren defendatzaileak, frankista gainera, zerrenda honen aurka egiten duenean, zilegitasuna nork duen agerian gelditzen da. Eta adibide asko daude, guztiak norabide berdinean. Izorratzen die. Bozka bakoitza zaplasteko bat izango da. Eta atsegin handiz zaplastekoa, ostikada eta ukabilkada emango diet. Zaunk egiten dute, beraz zaldiz gabiltza.

Hauek nire arrazoiak dira. Ez dakit norbait konbentzitu dudan, baina Iniziatiba Internazionalistari eskerrak eman behar nizkion.

Alfonso eta Doris Europara!
----------

2009-05-21

Permalink 21:36:17, Atalak: Biotekila  

Greba Orokorrari buruzko gogoeta

Greba Orokor eguna bukatzear dago eta nire iritzia ematen ausartuko naiz.
Jarraipena lekuz-leku ezberdina izan da. Inbidia handiagaz irakurri/ikusi ditut greba benetan jarraitu dituzten herriak. Niri, aldiz, grebarik egin ez duen herri batean bizitzea suertatu zait. Eguerdian Basaurin ez zegoen greba girorik, dena zabalik zegoen: dendak, tabernak, merkatua,... Mercabilbaoraino hurbildu naiz eta han normaltasuna. Gauza bera alboan dagoen Artundoagako poligonoan. Baita ere herrian egiten ari diren obra ezberdinak aurrera jarraitu dute. Arrastian manifa egin dugu. Jende nahikotxo joan gara baina dendak eta beste guztia zabalik jarraitzen zuen.
Egun honetan, nire ustez, hiru puntu dira aipagarrienak.
Lehena parte hartu ez dutenak. Atzokoan idatzi nuen eta gaurkoan mantentzen dut: euren erabakia da baina euren ekintzen erantzule izan behar dira. Nik argi daukat, inor krisiaz, gauzak ze txarto doazen kexaka hasten baldin bazait edo inork ez duela ezer egiten esaten baldin badu "greba egin zenuen?" galdetuko diot, eta erantzuna "ez" bada, "orduan zertaz kexatzen zara?" esan eta gaiez aldatu.
Bigarrena poliziaren presioa izan da. Jazarpen poliziala. Ez dituzte piketeak "kontrolatu", zuzenean eurekin joan dira euren lana oztopatzeko. Inoiz ikusi diren zerbitzu minimo handienak ezarri dira eta egoera polizial batean bizi izan gara. Gaurkoan poliziaren helburu bakarra greba zapuztea zen, grebari buruz informatzea ekiditea eta ahalik eta jarraipen gutxien izatea lortzea. Lotsagarria, guztiz lotsagarria. Inpunitatean bizi dira eta horretaz baliatu dira piketeen lana oztopatzeko.
Hirugarrena komunikabide herrikoien garaipena. Greba honetan norbaitek irabazi badu herria izan da. Herriak herriarentzat informatu du internet-ek ematen dituen baliabideei esker. Adibiderik onena www.grebaorokorra.info ekimenean izan dugu. Falsimedia eta komunikabide ofizialen paper zerbitzailea gaindituz grebari buruzko benetako informazioa lortu izan dugu. Ez bakarrik zer gertatzen zen jakin dugu, baita ere irudi eta bideoen bidez ikusi dugu. Etiketa batekin eta pertsona askoren aportazioarekin edozein komunikabidek baino informazio gehiago plazaratzea lortu du. Eta horrek oso pozik egoteko arrazoiak ematen ditu. Sakontzen eta garatzen jarraitu behar den ekimen bikaina.

Eta, azkenik, gogoeta bat baino, desio bat: bihartik aurrera lanean jarri behar gara egoera eraldatzeko. Gaurkoak dinamika/prozesu baten abiapuntua izan behar du gizarte duinago eta berdintsuago bat lortzeko zeinean aberastasuna denon artean banatzen den.

Guztiok lanera!
Technorati:
----------

2009-05-20

Permalink 23:07:15, Atalak: Biotekila  

Greba Orokorraren atarian

Greba Orokorra hasteko ordu bat pasatxo falta dela, grebari buruzko gogoeta txiki bat egin gura nuke. Nire inguruan greba girorik ez dago. Bai lantokian zein autobus/metroan nindoala jendeak lanera joan behar duela entzun dut, piketeen eragina salbu.
Norbera bere ekintzen erantzule da. Eta norberak, barnetik, greba batean parte hartu ala ez erabaki. Baina, baita ere, erabaki horrekin koherentea izan. Ez da posible bihar grebarik ez egitea eta gero lan baldintza kaxkarretaz kexatzea, edo gure diruarekin krisia ordaintzen dutela esateaz. Bihar gure eskubideen aldeko eguna da, borrokatzeko eguna, baina parte hartzen ez duenak, bere eskubideen alde burrukatzen dionari traba egiten dionak, gero kexatzeko edo eskuak burura eramateko zilegitasunik ez dauka.
Gainera, hamen, Bizkaian, hipokrisia pairatu behar dugu. Pasaden astean jende asko ez zen lantokira joan kriston atxurra/ajea zeukalako eta ez zuen dudan jarri lantokira ez joatea. Baina, bihar, ufa, tentu handiz asko dabiltza. Badirudi futbol talde batek ez egindakoa ospatzea norberaren eskubideen alde borrokatzea baino garrantzitsuagoa dela.
Penaz diot, baina ez dut uste biharkoan arrakasta handirik egongo denik. Jendea, orokorrean, ez da bakarrik salduta dagoela, iada garaituta dago. Langileak garela onartzea kostatzen zaigu. "Klase-erdia" berba asmatu zen langile kontzientzia puskatzeko, eta, hara, lortu dute.
Hala ere, besteek egiten dutena, niri bost. Nik greba egingo dut, nire (gure) eskubideak oso garrantzitsuak dira. Baina gure burrukaz eskirolak eta salduak be irabaztea, geu zangotrabatzen, ez zait batere gustatzen.

Bihar elkar irakurri dugu greba nola doan kontatzen.

Greba on!


Technorati:
----------

Kudeaketa

Koldotxuren txokoa

Eguneroko gauzei buruzko nire gogoetak, burutazioak eta alrebeskeriak. Edo behintzat asmoa hori da.


koldotxu[a bildua]gmail.com
Creative Commons License

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution