Azken asteotan gertatu direnen ostean sinesteari utzi diodala uste dut. Nihilismo puntuak eta itxaropen ematen didante zinismo puntu horrekin. Oraingoan harrikadak nire teilatuaren aurka botako ditut behingoz bukatzeko.
Ez da bakarrik erakunde armatuak egindako azken lekuz kanpoko (eta zentzugabeko) ekintza dela eta. Aspalditik datorren zeozer da. Estatuak eta bere kolaboratzaileek eragindako ilegalizazio eta errepresioak ez sinistearen prozesu hau atzeratu zuten, baina, iada, geldiezina zait. Ez dut sinisten Euskal Herriaz eta bere askatasunaz hitz egiten duten pertsonetan (bai eskuinekoak zein eskerrekoak). Ez dut sinisten ezta eurek sinisten dutela ere. Ez sinisteagatik Euskal Herrian sinisteari utzi diot. Ideia (u)topiko oso polita da, munduan gosearekin bukatzea eta gudarik ez egotearen parekoa, hau da, Miss edo Mister lehieketa batean botatzen diren topiko horietako bat.
idatzi dudan bezala ez da soilik the organization-en azken okurrentziaren ondorioa.
Baita ere Euskadi vs Euskal Herria eztabaida antzu hori, ni ez naiz horretan eztabaida batean sartuko, niretzat biak ala biak zuzenak dira, euskal nazioa eta euskal izaera. Eta purista jartzekotan, Euskal Herriak izan beharko luke izen zuzena (gogoratzen txikitatik abesten genun hori "Zazpi Euskal Herriek bategin dezagun..."). Niri izenak bost, niretzat izaerak du garrantzia. Niretzat eztabaida futbol partida horrek zeozertako balio al duen da; urte askotan joan nintzen eta, hara, urte batzutatik hona ez noa Alderdiaren beste txiringito bat bilakatu dela uste dudalako, euren futboltzokia mantentzeko egiten den diru-bilketa bat. Eta are gutxiago partida horren esannahia edota esaten diren ahohandikeri horiek benetazkoak diren ez dut uste. Beraz, partida horretan sinisteari utzi nion.
Unibertsitatean (UPV/EHUz ari naiz) gertatutakoak ere pisu handia izan du. Nire lasaitasunerako behintzat Esteban ez zen irten eta hori da garrantzitsuena. Baina argi daukat ezker abertzalean gertatutako banaketak (eta, ixilpeko akusazioak) etorkizunean dirudiena baino min handiagoa egingo duela. Ez da logikoa hiru sektoreetako ordezkariek Esteban ateratzea ekidin behar zela argi esatea, ikasleen ordezkariek horrek berdin diola esatea eta ezker abertzalearen posizioa ez bustitzea izatea (ez dut Garak egindako papeloiaz ezer esango). Ez dauka ez hankarik ez bururik. Eta ikasleen ordezkari batzuen jarrera, "gero eta txarrago, hobeto" laburbilduta, negar egitekoa. Azkenean potro eta botere kontu batean bilakatu dutela iruditzen zait, eta nik beste gauza batzuetara geundela uste nuen. Baina, tira, badirudi ikasleon ordezkariak beste mundu batean bizi direla eta mendira joatea oso gogoko dutela. Eurak oso ondo dakite zer komeni zaigun, ideologia berbereko UPV/EHUko irakasle, kontratatu eta langileek kontrakoa uste badute ere. Unibertsitatean egindako egoera barregarri honek, niri behintzat, min asko egin dit. Eta, gainera, lehendik gatoz Ezetzaren blokean sartuta, sektore atzerakoien tranpan jausita eta eureen jokoa jarraituz. Honekin bai, sinisteari utzi diot. Guztiz. Hain nazkatuta nago ze ez dudan uste abertzaltasun, konfrontazio eta burrukaz ari diren horiek benetan euren berbak sinisten dituztela ere. Erdal blogosfera modan jarri zen "cancasuma" saltzaileak direla (euskeraz azpijoko ei da) gero eta argiago daukat. Eta eurak bezala ezker abertzalean dagoen asko.
Eta iada sinisteari utzi banion Durangoko azokak Sastreri (edo Hiru argitaletxeari, berdin zait) egindakoa errematea izan da. Bere garaian zentzua zuen eta oso ausarta zen proposamen bat, eduki barik, hutsa, diru elkartruke ziztrin batean gelditu da. Euskal Herriaren metafora.
Azkenean hori baita geratzen dena: Euskal Herria eduki gabeko lema bat dela, trantsazio ekonomikoak egiteko aitzakia bat, beste merchandising produktu bat, target komertzial bati zuzentzeko erabilitako aitzakia. Guztiz sinisteari utzi diot.
Eta sinisteari utzi diodanez eta benetan sinisten duenari traba ez egiteko nire etxean geldituko naiz. Gaurtik aurrera ez dut harrikadarik botako, ez dut enbarazurik egingo, ez dut ezer egingo, ez dut parte hartuko, ez dut ezer esango. Nahikoa daukat genetika arloan teknika bioinformatikoen bidez tesi bat euskaraz idaztearekin eta bederatzi hilabetetan horrekin bukatzearekin. Nahiko nazio eraikuntza dela iruditzen zait, ekarpen nahikoa iruditzen zait, bakarrik frustrazioa eta nekea sortzen dizkidan beste gauzetan sartzeko, besteei jarraitzeko. Nire etxean geldituko naiz nire etxea atontzen eta kaletik ibiliko naiz inorri traba egin barik (metafora zibernetikoa ere bada). Ez daki/ez du erantzuten bat gehiago izango naiz, ezertan bustitzen ez den horietakoa, ezer sortzen ez duen horretakoa.
Sinisteari utzi diot.
Hori bai, zorionak izatea opa dizuet.
pd: beti diodana, ez hartu egi baten moduan, nire gogoeta da, nire ikuspuntu miopetik, nire esperientziatik. Inork ez dezala txar hartu.