Iruzurkundeak 08 (eta VII)
Iruzurkundeak, M9ko hauteskundeetako begira ultrapertsonala.
Bost egun beranduago begirada hauek ixteko ordua heldu zait. Bizkaian kolokan zegoen diputatuak hauteskunde osteko gogoeta eta beste arrazoi batzuk atzeratu dute.
Egunotan gogoeta eta anilisi ugari egon dira, interesgarriak batzuk, besteak ez horrenbeste. Deigarriena, agian, EAJren galera, PSEren igoera eta abstentzioaren kopurua da. Hala ere, niretzat, mundu guztia garaile moduan bere burua aurkeztea, pozik agertzea emaitzekin edota horren emaitza onak ez lortzea kanpo faktoreen eraginez izan dela deigarriena suertatu zait. Nire amak txikitatik esaten dit errua beti besteena dela. Badirudi politikariak nire amaren iritzi berberekoak direla.
Azken gogoeta aurreko mezuaren eta Xabierrek egin zizkidan iruzkinen haritik dator. Ulertzen ez dudan arrazoiren batengatik, azkenean, iruzur egiten digutenoi eman behar genien baino garrantzia handiagoa ematen diegu, gure iritziak eta grina euren menpe utziz. Askotan, badirudi, gure artean tentsioa handitzen dela geu eta geure arazoak inporta ez zaien pertsonen ondorioz, gure arazoak eztabaida gaia izateaz utziz eta alde honetan edo bestean edo gure arteko moraltasuna/gizatasuna eztabaida sutsua pizten da, arazoak konpondu beharki lituzkeenak eskuak garbitzen dituzten bitartean.
Nere partez, eta azkenaldian gertatu zaizkidan gauza batzuk lagunduta, azken gogoeta pertsonal bat, nire buruari buruz, egin nahiko nuke. Eztabaida, iritzi elkartrukea, hitz egitea, oso gustoko badut ere gorputzak denbora batez urruntzea eskatzen dit. Gauza gogor gehiegi irakurri eta entzun ditut azken astean, oraindik liseritu ezin ditudanak. RSS jarioei irakurtzeari ere utzi diot. Nahikoa daukat daukadanarekin zeozer hobetzen, gauzak sortzen edo ahal dudan heinean parte hartzen saiatu ostean guztia traba baldin bada. Nik nire egitasmo pertsonalekin jarraituko dot eta, noizbehinka, nire zilboresteari begiratzeari utziko diot, burua pixkat altzatu, begiratu zer dagoen eta berriro nire zilborestera begiratu.
Atsegin handia izan da guzti hau baina, batzutan, gelditzen jakin behar da.
Chek zioen galtzen den borroka bakarra utzi egiten dena dela baina, batzutan, aukeratzen jakin behar da.
Gure abestiak dioen moduan "arrainak itsasoa behar du eta herriak zu behar zaitu" baina, batzutan, burua eta bihotza beste leku batean dituzu.
Ondo segi. Eta eutsi goiari.
Erantzunak, Pingback-ak:
Erantzun: