Bukaera
... eta hamen nago, domeka batetako zortziak inguruan egun osoan lerro hauek idazteari bueltak ematen, ea gomendagarria den asteburu honetan gertatu direnak ostean zeozer idaztea edo, behintzat, baliagarria den, Wilco-ren Kicking television entzuten.
Hasiera
Barikua, ez dira 14:00ak. Etxetik gertu aparkalekua, miraria, kotxea asteburu osoan usteko leku aproposa. SER katea entzuten nabil (ez galdetu zergatik, nire kotxeko irratia eta nire arteko burrukan neu naz galtzailea), aparkatzen dot eta kotxetik ateratzekotan nintzen baina 14:00 jotzen dutenez, motorra itzaltzen dot albistegiaren hasiera entzuteko, ea zer berri dagoen. Eta esatariak azken momentuko albiste batekin zabaltzen du: 18/98-ko auzipetuekin zer ikusia zuen polizia operazioa martxan zebilela Entzutegi Nazionalak hala aginduta, gai hauetarako daukaten kazetariak informazioa zabaltzen du.
Korapiloa Kotxetik atera, etxera heldu, etxean esan eta zabaldura eta twitter-era berria bidaltzen dut. Lehen minutuak dira, iada bost pertsona atxilotuak ei zeuden. Ezjakintasuna eta zurrumurruak dira nagusi. Arin bidali nuen apenas ezebez jakin barik, informazio kaskarra eta ez osatua. Arratsaldea aurrera doala gauzak argitzen doaz eta atxiloketak tantaka doaz. Futbol partidu makabro baten minutuak bezala.
Arratsaldean elkartasun deiak eta atxiloketen salaketak hedatzen dira, blogosferatik ere. Arratsaldeko azken partean 18/98-ko auzipetuak domekarako Bilbon manifa deitzen dute. Han egon behar nuen, beharrezkoa nuen, zeozer egin behar nuen.
Larunbatean goizean goiz esnatzen naiz gauza batzuk egiteko. Atxiloketak tantaka jarraitzen dute. Futbol partidu makabroa bere bukaeratik hurbilago dago. Free18/98 mezua bidaltzen dot, zeozer egin behar nuen. Eguerdi aldera beste berri batek ustekabean hartzen gaitu: guardia zibil bat hilda eta beste bat zauritua frantzian, ETAk egin ei du. Berriak aurreko egunekoan baino are korapilotsuagoak, arraroagoak, nahasiagoak eta funtsik gabekoagoak. Huts egiten ez duena, berriro ere, makinaria mediatikoa da gauzak euren jabeen nahietara moldatzeko. Egunean zehar RSS eta twitter bidez hainbat mezu atsekabetu/etsitu irakurtzen ditut.
Domeka goiza. Bilbora bidean, lehengo lanzadera hartu metrora joateko. Busean jendea dator, "boluetako merkatu txikira" joango dira. Gehienak ez, metroa geltokiz geltoki betetzen doa eta Indautxun usten da. Areiltzako irteera goraina dago. Nik nahiago Urkixotik atera, nire maniak. Autonomiara heldu eta jendea zegoen. Domeka bat izateko eta 48 ordutan antolatzeko ez zegoen gaizki. Burua txalotu eta manifara sartu. Jendetsua dirudi. Baina aurrera begiratzerakoan burua ez zegon gertu. Eta atzekoa ikusi ahal izan dudanean.... ufa... hori jendetza hori. Uste nuena baino askoz jende gehiago zegoen. Autonomia Zabalburutik Aita Donostiara. Eta jendearen artean jende nagusi asko.
Bukakera Guzti honek asko pentsatzeko eman dit. Azken hilabeteetan gertatutakoaz, bai pertsonalki, bai orokorrean. Hainbat gogoeta eta ideak ditut buruan, txokoan botatzeko pentsatzen... eta hamen nago, domeka batetako zortziak inguruan egun osoan lerro hauek idazteari bueltak ematen, ea gomendagarria den asteburu honetan gertatu direnak ostean zeozer idaztea edo, behintzat, baliagarria den, Wilco-ren Kicking television entzuten.
Gogoeta
Amak beti esan dit jende nagusia kalera ateratzen denean zeozer larria gertatu delako dela. Eta gazteon (edo pertsona nagusiekin alderatuta gazteok garenon) mezu atsekabetu/etsituak karrankariak egiten zaizkit. Gure nagusiak kalera ateratzeko prest daude bizi duten gauza guztien ostean (guda, gudaostea, diktadura, errepresioa,...) eta geu nazkatuta/nekatuta gaudela diogu. Ez dakit kontraesana edo harrigarria iruditzen zaidan.
Egia da Euskal Herriko egoera kakastua dagoela eta, askotan, gure iritziei ñabardura asko (gehiegi) jarri behar dizkiegula. Ezin daiteke ezer argi esan norberari arazoak sortu gabe. Kriptikoak eta dentsoak izan behar dugula bai batak zein besteak zein hangokoak gure lepora ez botatzeko. Baina nagusiek argi badute 18/98koa, ilegalizazioak, bidegabekeriak direla... zergatik gure ñabardura eta distantziak?
Nire kasuan, behintzat, eta hau nire jarrera ultrapertsona da, ez dot etsituko. Konponbidea behar beharrezkoa da. Eta, jakin badakigu, konponbidea ez dela etorriko ez Estatutik, ezta erakunde armatutik, ezta politikarietatik. Azken bi prozesuek argi utzi digutena hiru eragile horiek ez direla gai egoera konpontzeko. Nire ustetan bide zibil bat, herritar bat beharrezkoa da hau konpontzeko. Herritarrok konponbidea aurkitu behar dugu hiru eragile horiei protagonismoa kenduz. Gure auzoetan, gure elkarteetan, gure artean konplizitateak sortuz, gutxinaka baino tinkoa den aldaketa bat bilatuz. Inoiz baino beharrezkoagoa da gure nekeak eta etsipenez ahaztea konponbidea bilatzeko. Konponbidea gure eskuetan baitago.
Edo hori uste dot. Badakit ikuspuntu naif-a dela, baina utzidaizue pixkat bat amesten egun gris hautean.
Tagzania: Bilbo
Technorati: free18/98
Eguneroko gauzei buruzko nire gogoetak, burutazioak eta alrebeskeriak. Edo behintzat asmoa hori da.