Urtero bezala
Eurovision Song Contest lehiaketa jarraitu nuen; urteko larunbat gau bakarra telebista nahita ikusten dudala. Kasparen, gauza zaharkituen, kutrearen festa honek liluratzen nau. Europar Batasunaren izpirituaren esentzia.
Lehengo lau abestiak galdu nituen (afaria sakratua da), horien artean RTVE (Espainiar Estatua)-ren hautagaia (ez zen nahita izan, bostgarrenak izango zirela uste nuen), bozkaketaren emaitza ikusita ez nuen askorik galdu. Lehiaketa honetan beti Malta animatzen dut, aurten finalerditakoa ez duenez pasatu nor animatu gabe nengoen NTU (Ukrania)-ko hautagaia ikusi arte, paregabea, Verka Serduchka eta bere abestia,
Dancing Lasha Tumbai paregabeak, hori bai show-a, gauak aurrera doan heinean eta alkoholak zugatik aritzen denean dantza egiten den horietakoa. Udarako primerakoa. Azkenean bigarren bukatu zuen. Ia.
Serbiak irabazi zuen, benetan ez zitzaidan deigarria suertatu, lehiaketa honetan dagoen beste abestien parekoa. Espainolak, haserre, ekialdeko herrialdeen (Serbia balkanetan dago oraindik lekuz mugitu ez badute) konspirazioaren ondorio zela zioten, horrela lehiaketarekin akabatuko dutela (ejem, lehiaketa hau nahiko akabatuta dago) eta bozketa sistemak eurei kalte egiten diela: mugakide diren herrialdeen artean bozkatzen direla eta, horrek, Espainaren kalterako da. Baina eurak oso pozik zeudela abesti bikaina eta performance ezinhobea egin zutelako. Horrexegatik Andorrak ez zien punturik eman.
Yurobision den modukoa da, jendeak gustatzen zaiona bozkatzen du. Eta eskualde jakin batekoek antzeko gustuak dituzte, hortaz, ez da harritzekoa abesti horiek bozkatzea. Inertzia hori apurtzeko modu bakarra nabarmentzea da, edozein modutan iaz Lordi-k egin zuen bezala edo aurten Serduchka-k moduan. Konspirazioa ohitura eta antzekotasun kulturalak baino ez dira. Eta, gainera, arauek lau handiak (Alemaniako NDR, France Television, RTVE eta BBC) finalean zuzenean egotea bermatzen dute, beraz, edo dena aldatzen da edo ez kexatu.
Datorren urtean berriro ere gauza berbera gertatutko da: mugakideak euren artean bozkatu, nornor nabermenduko da eta espainarrak negar egingo dute. Ezer berririk ez Yurobisionen.