Korrika Basauritik 3:50 inguru sartzekoa zen. Ni Arizetik Burros-ak arte egiteko intentzioa neukan, tranpa txiki bat eginez, ibilbideak erdialdean egiten duen loop-a ez egin eta itxaron. Horrela maldak jasateko prest (ez nago sasoirik onenean :-p) Horrela egiteko, badazpada 3:45etan Arizen egotea gomendagarria zan, beraz, esnatu eta joan artean 3:20 inguru esnatu behar.
Ez dot oso ondo lorik egin (urduritasuna ote? :-s) eta azkenean pixkat lehenago altzatu naiz. Kanpoan euria barra-barra eta behe-laino antzeko zeozer. Txakur gaua. Banana bat, kola-kao epel bat eta tostada bat gosaldu, txandala eta zira jarri eta ea! abenturara!
Kaletik ez zegoen inor. Goizeko 3:30tan nor egongo da ba! Gizon batekin gurutzatu naiz eta pasatu ostean "txo! korrika zoaz?", baietz erantzun eta hortik noiz pasako den galdetu, ibilbidea azaldu diot eta animoak eman dizkit. Jatorra tipoa, lorik hartuko ezinik dagoen horietakoa. Metro batzuk aurrerago Mirenegaz topatu naiz. Euskal-txokoan giroa zegoela esan dit, hara hurbildu direla korrikazale asko; bera Burros-etara zioan hangoei petoak eramatera; ados geunden: eguraldi kaxkarra, lau katu egongo gara. Dagoena dago. Arizera jeitsi eta han egon naiz itxaroten Korrika noiz agertuko, txanoko kordelarekin burrukatzen nuen bitartean. Pixkanaka jendea gerturatzen hasi da. Han euskara elkarteen kilometroa hasten zan, 4:12tan pasatzekoa zen Lourdes-ek hartu behar zuen lekukoa. Korrikak Basaurin egiten duen ibilbidea dela nahiko sartu-irten egiten ditu eta leku beretik pasa daiteke birritan. Igo behar genuen aldatxa erdirarte jeisten ikusi dugu tropela. Korrika 'gure' kilometro heltzear zegoen, azkenean han dozena bat euskaltzale gehitu gara tropelera. Lehendakari Agirreko aldapa oso igo "Tipi-tapa, tipi-tapa, ko-rri-ka" izan da ohikatuena, baita ere "Basaurin ere euskararen alde", "Aldapan gora ere euskararen alde", "euripean ere euskararen alde", "euskeraz bizi nahi dugu" eta "heldu euskarari" lemak ohikatu ditugu. Nahiko erritmo lasaian igo dugu aldapa (eskertzekoa) eta Bentan parean (aldapa bukatzerakoan) jende ugari gehitu da Korrikara. Han lekuko aldaketa izan da eta herri mugimenduen txanda izan da. Aldaketa nabaritu da, abiadura arindu da. Metro batzuk aurrerago, Merkatu-plazan tropela utzi dut, indarrak beharhartzeko eta azken txanpa egiteko. Korrikak Autonomia gora Sozial antzokira jarraitu du, gero Kale Nagusitik beherea, ezkerretara biratu, Nafarroa kale zeharkatu eta berriro Lehendakari Agirretik korrika jarraitu. Merkatu-plazan berriro ere hartu dot tropela, langileak lekukoa hartzen duten lekuan eta aurrera jarraitu dugu, trenbide azpitik pasa eta azken aldapa gogorra (niretzat bai behintzat), Burros-ak arte, Kaleroko elkarteek lekukoa hartuko zuten lekuan. Han utzi dut tropela, Kareaga Goikoa zuten aurretik, Udaletxe, San Miguel eta Arrigorriagako bidean.
4:45 inguru, Eskailerak jeitsi eta etxera joan naiz. Arropa guztia kendu, guztiz blai nengoen, dutxa bat hartu eta kronikatxu hau idazten jarri naiz, lo hartu ezinik nabil ta.
Gaurkoan asko euskararen alde busti gara. Literalki. Korrikari bi urte barru arte agur esaten diot. Aurtengoa berezia izan da.
M.O. Argazkiak ateratzekoa nintzen, baina kamera bateriarik gabe gelditu zait... aurreikuspen kaskarra nirea. :-(
korrika korrika15M.O. 2 Eskerrik asko Blogari-ko kideei txoko hau gomendatzeagatik! Zuen komisioa zai dago :-p