Larunbata. Euskararen Eguna. Eta munduko denbora guztia egunkariak irakurtzeko.
Ohikoak, lehendabizi: gureak hizkuntzaz eta gureak arimaz. Ondoren, besteak: hemengo geografian kokatuak aurrena, eta atzerrikoak, azkenik.
Orrialde-pasa, ohi bezala, atzekoz aurrera.
Eskularruekin irakurtzen diren horietako batean, hausnarketa interesgarri bat 34. orrialdean, egunkariaren irakurle naturalek irakurriko ez dutena, luze-trinkoa izateaz gainera, euskaraz baitator.
Pare bat lerroalde azpimarragarri:
“Euskararen sustapen aktiboa garatuz, euskara erabiltzeko aukerak gizarte-bizitza zabalean egiazki bermatuz, diskriminazio positiboaren aldeko pedagogia soziala eginez: hori da herri-aginteen egiteko nagusia, horrek izan beharko luke Eusko Jaurlaritzaren ezaugarria”.
“Ezinbestekoa da herri aginteek erabilera bermatzeko neurriak eta arauak finkatzea eta betearaztea”.
Hurrengo orrian, egunkariaren editoriala, “Euskera vivo”, egunkariaren irakurle naturalek irakurriko dutena, labur eta gaztelaniaz idatzita baitator. Baina izenburuaren anbiguotasun formalak susmo eta interpretazio euskaltzalerik izan ez dezan, letra xumeagoko azpi-izenburu batez lagunduta datorrena, gauza ezohikoa editorialen historian: “El futuro de la lengua vasca depende de su uso y no tanto del apoyo institucional”.
Mezu garbia, fronte espainolisten planteamendu euskarafobikoari argi ematera datorrena.
“La sociedad vasca no puede transferir indefinidamente su responsabilidad respecto al euskera a la Administración, a su aprendizaje académico en las distintas etapas educativas, al mantenimiento de medios públicos de comunicación e incluso a la perpetuación de iniciativas subvencionadas de dudosa utilidad”.
Lerroalde berean, orain arte euskararen oinarrizko normalkuntza bermatu duten erakunde guztien kontrako torpedoa: euskararen ikaskuntza ziurtatzen duten hizkuntza ereduen kontrakoa, euskarazko irrati eta telebista publikoen aurkakoa eta, badaezpada ere, mugagabean adierazita uzten diren euskarazko “ekimen subentzionatu” guztien aurkakoa (literatur sariketak, kultur jarduerak, etab.).
Hurrengo lerroetan, konklusio gisa, mezua era positibo neoliberalean jarrita:
“Es imprescindible que su futuro (euskararena, alegia) sea depositado en manos de la creación literaria, de la producción cultural, de su consumo y de su disfrute”.
Laissez faire!, ez beldurrik izan, gutxi batzuk baino ez dira eta.
Eta jarraian eta amaitzeko, editorialgilearen jolas literarioa, buztan inperialista glotofagikoa ezin ezkuta dezakeen irudi etimologiko batean bilduta : “de manera que los recursos públicos vayan destinados a la lengua viva en tanto que ésta sea vivida”.
C’est à dire, euskaldunen zergetatik datozen iturri guztiak itxi eta, behin haiekin ordaintzen diren azpiegitura eta zerbitzu horiezaz gabeturik gero eta gutxiago izango direnez euskaraz mintzatu eta biziko direnak, berez joango zaizkigu euskaldunak eta hizkuntza arazoak. Eta, ondorioz, hartara doazen diru-apurrak ere bankuak eta “merkatuak” asebetetzeko bideratu ahal izango dira azkenean.
Merveilleux!
Jakina, argumentazioaren harian ez da ohiko lerdo-lerde ilustratua ere falta: “la instrumentalización del euskera como símbolo ideológico”. Haiek urrea monopolizatzen duten moduan monopolizatu ahal izango balitz bezala hizkuntza baten erabilera!
Nolako editorial zoragarria Euskararen Eguna ospatzeko El Correok eskaini diguna!
Egunkari espainol hori erosten hasiko gara geu ere. Erosten duten gainontzeko euskaldun zozoak bezala.
(J.U.)
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Honetaz, horretaz eta hartaz.
