Artxiboak: Ekaina 2011

2011-06-29

Permalink 18:14:11, Atalak: klig  

FRONTE DIFAMATZAILEA

Haien neurriko “demokrazia” baten izenean ari badira ere, Bildu suntsitzeko egiten ari direna ez da kritika politikoa.

Areago: kritika izatera ere ez da iristen haien ahoberokeriak publikoki esanarazten diena.

Kode penaletan kontenplatuta dagoen lege-hauste larria da udaletara eta bestelako erakundetara demokratikoki iritsi den Bilduren aurka sistematikoki burutzen hasi direna.

Difamazioa da, difamazio  hutsa eta gordina.

Estrategia politiko bati erantzuten dion difamazio onartezina.

Haien arrazoi politikoen gabezia ezin ageriago uzten duen difamazioa, baina inolaz ere ezin jasan daitekeen difamazioa.

Suposatzekoa da Bilduren inguruan eta hura osatzen duten alderdietan ez dela falta abokaturik, ez eta arazo honetaz ohartzeko sentsibilitaterik ere.

Iritsia da ordua, beraz, Bildu osatzen dutenen eta hari botua eman diotenen aurkako irain eta difamazio guztiei bide judizialetik aurre egiteko.

Bildu difamatzen duten guztiak auziperatzen hasteko ordua da.

Oraintxe bertan! Gaurtik aurrera! Ja!

Horrela bakarrik isilduko dira sasidemokrata eta frankistakume horiek!

Horrela bakarrik ikasiko dute etsai politikoa errespetatzen!

Bukatu dira edozein gauza jasateko garaiak!

Kanpora irain astunak, gezur beltzak eta difamazioak oro!

Irain bat bera ere ez!

 

                                    (K.S.)

 

----------

2011-06-23

Permalink 00:01:02, Atalak: klig  

Txiste bat hiru ataletan

1.- Hitz-inkontinentziak galtzen du gizakia baina, batik bat, politikariak.

Eta horrelako zerbait gertatu zaio EAJko Erkorekari ere Negoziazio kolektiboaren erreformaren aferan Espainiako Gobernuaren aldekoa izan den abstentzioa esplikatzen hasi denean.

 Erkorekak, burua zuritzeko unean, argi eta garbi esan du inoiz ez duela hain gutxi eman hainbesteren truke.

 Gaztelania batuan esan du eta mikrofonoen aurrean.

Baina esan bezain azkar damutu da esandakoaz eta, azalpen berriekin, gehiago nahastu du esandakoa: “En ningún momento he dicho que ‘nunca habíamos conseguido tanto por una abstención […] lo único que pretendía era poner en valor el importante acuerdo alcanzado esta mañana con el Gobierno Español y el Grupo Socialista”. Alegia, esan dudana ez dut esan baina, guztiok entzun duzuenez, argitu nahi dut horrekin lortu nahi nuen gauza bakarra zera zela…”.

Guzti-guztiaren errua, beraz, literalki entzundakoaz “interpretazio gaiztoa” egin dutenena izan omen da.

2.- Egia da Erkorekak abstenitu besterik ez duela egin Kongresuan eta, horren truk, hamaika (bai, 11) “transferentzia” oparitu dizkiola espainiar Gobernu psozialistak Eusko Jaurlaritza psozialistari.

Eta hemen dago txistearen bigarren muina, zeren ematen baitu EAJ azpiegitura guztia prestatzen ari  dela Jaurlaritzara itzultzen denerako.

Hori bai, aberri-herenarekiko erantzukizun-zentzu osoarekin egiten ari da gerorako lana, jakin inork ez badaki ere independentzia-bidea sustatzeko asmoarekin dabilen ala une honetan langabezian dituen leialtasunei zuzendaritza berri bana eskaini ahal izateko premiarekin.

Edozein modutan ere, PaLopez bere buruarentzat errebindikatzen ari da transferentziak etorri izanaren ardura. Zerbaitegatik eta zerbaitetarako da-eta lehendakari…

Bidenabar: bikaina, benetan, hark eta Chaves ministroak taularatutako “epestakulua”, etengabe aritu izan baitira “los intereses de la ciudadanía” goraipatzen, “las estrategias frentistas y  los conflictos permanentes del pasado reciente” arbuiatzen, Gobernuak “zubiak eraikitzeko” (“tender puentes” diote haiek) dituen asmo onak erakusten, etab.

Denak asmoak eta orgasmoak, alajainkoa!

3.- Eta txistearen hirugarren atala transferentziak edo direnak zehaztean etorri da, zeren eta haien artean ezin zen falta aspaldi Madrileko Gobernuak gogo onez oparituko zuen bat, haren ezkerreko eskua erretzeko besterik balio ez duena.

Alegia, nori bururatu ote zitzaion Haur eta Lehen Hezkuntzan erlijioa irakasteko 215 irakasleen “transferentzia” egitea? Madrili ala EAJri? Ez ote zen izango transferentzia hori beste hamarrak jaso ahal izateko “zerga” berezia?

Madrilek transferentzia horri erantsiko dizkion 16,4 miloi eurorengatik ez balitz, guk ere egingo genioke transferentziaren bat Jaurlaritzari: hipotekak, zergak, gastuak…

                                                      (K.M.)

 

----------

2011-06-21

Permalink 12:19:20, Atalak: klig  

Dominique! nique! nique!

[Soeur_sourire.png] 

Zorionerako jaioak gara mundu honetara! Hori da gure egiazko erlijioa erakargarri eta moderno bilakatu nahi diguten batzuen azken asmazio teologikoa.

Jakina, “negar-haran” kontzeptua funtsezko ez bailitzan, mezu berri horrekin erlijio-axiomen arabera gizakiak berezko duen sufrikarioa estalirik geratzen da -areago, ezabaturik- sadikoa eta masokismoaren bultzatzailea den erlijio horretan.

Nonbait ahatzi egiten da teologian -zaharrean, bederen- hasierako klaseetan irakatsi ohi zen paradisu zoriontsuaren galeraren lezioa. Eta ahantzi, aldi berean, berori berreskuratzeko -beste bizitza post mortem delakoan, hain zuzen- zenbat sufritu beharko dugun honako honetan, sufrimendua izango baita galdutakoa berreskuratzeko giltza bakarra (oinazeen artean erdituko dira emakumeak, “nekearen nekez” eta “bekokiko izerdiz” jango dugu ogia “bizitzako egun guztietan”...). Eta ahantzi egiten da, halaber,  beste teologia-lezioren bat ere, guri sufrimendu-poxirik aurrezteko jainkoak bere semea gugatik hiltzera (“ba ote sufrimendu handiagorik haren heriotzean izandakoa baino?” esango zuketen behialako predikariek) bidali zuela irakasten zuena.

Bat-batean, hankaz gora utzi dizkigute sinesmen berdaderoaren zutabeak. Baina, egia esan, badu alderdi interesgarririk mundu honetan zoriontsu izateko jaioak garela entzuteak.

Batetik, ez da gutxi harri-mugerraren eboluzio-ahalmenean sinestea eta haren progresismoa bultzatu nahi izatea. Ez da gutxi, bestalde, bizitza (dugun eta izango dugun bakarra, portzierto!) disfrutatzeko eta zoriontsu izateko toki eta garai bat bezala erreibindikatu nahi izatea. Eta ez da gutxi, ezta hurrik ere, aldarri berri horrekin injustizia eta sufrimendu ororen aurkako garrasi iraultzailea eraiki nahi izatea. Ez da gutxi eta ongi dago. Eta egoki da eta zuzen, sufritzen duen gizakiaren ikuspuntutik.

Baina kontua da erlijioz konfundituta dabiltzala aldarrikatzaile horiek, lurreko zoriona inolaz ere ez baita jainko bakarra duten ohiko erlijioen xede. Haietan lurreko bizitza pasabidea da, pasabide huts. Jadanik zeruetako ateen aurretik kendu den “purgatorioa” da lur honetako bizitza, jaiotzeagatik beragatik paradisuratzeko ditugun “eragozpenak”, sufrimenduaren bitartez, desegiten joateko purga-tokia (zenbat eta txiroago, eta justiziak jazarriago, eta bidegabekeriak pairatzeko emeago eta mantsoago, eta negar gehiago..., orduan eta zeruko erresuma ziurrago...). Izan ere, besterik demostratu bitartean, zoriona eta monoteismoa kontzeptu ezkontezinak dira, contra natura religionum deorumque. Are gehiago: etengabe belarrondokoka ari zaizkigun jainko eta gizakiak maitatzeko agindu jainkotiarraren kalibrea fintzeko premia ere aspaldi ikusi izan dute askok zoriona baztertu nahi ez lukeen bide horretan...

Badirudi, beraz, horrelako uztarketak egin ahal izateko oinarri teorikoak ere berregokitu beharko liratekeela... Baina, edonola ere, urrats handia da erlijioz konfunditu direla ikustea. Jainkoak lagun, etorriko da hurrengo pausurik ere.

Momentuz haien zientzia-zintzotasunak ez die onartzen uzten finalitaterik gabekoa dela gu guztion presentzia ilaun hau unibertsoaren bizitzan. Giza-zintzotasunak onartzen uzten ez dien bezala gizakiak ez duela nork bere buruari ezartzen dizkion espektatibak besterik.

                                                        (Aita S. Otana)

----------

2011-06-16

Permalink 23:59:27, Atalak: klig  

Detaile bat!

1935 Syria (French) 5 Piastres coin KM#70

 

Libia erasotzeko arrazoi nagusiak, Obamak zioenez, gizakien eskubideak errespetaraztea zuen helburu.

Alderdi propagandistikotik begiratuta bederen (antza, inori ez zitzaion gogora etorri Libiak 2009an petrolio-konpainia atzerritarrak nazionalizatuko zituela esan zueneko hura), UNO-k Gadaffiri leporatzen zizkion 2.000 hildakoetan oinarritu zen erasoaldia. Gizarte libiarraren defentsa hutsa baino ez zen izango kontua. Zeharo defentsiboa eta, nola ez, azkar-azkarra. Martxoan hasita, hor segitzen dute oraindik nola bukatu ez dakitela. Bitartean, defentsa izan behar zuen hartatik haratago joan dira “aliatu onak” eta, ondorioz, espioiak eta mertzenarioak eta infiltratuak eta piloturik gabeko hegazkinak eta bonbardaketa indiskriminatuak, etab. erabili dituzte giza-arrazoiak aldarrikatzeko. Eta kasualitatez bezala edo, petrolio-poltsen gaineko basamortu-zatien araberako mapa berria marraztu dute.

Bitartean, Bahrein eta beste.

Eta, azkenaldian, Siria.

Martxotik hona 1.600 baino gehiago dira Sirian eraildakoak.

Une honetan 10.000 siriar inguru dira Turkian erbesteratuta daudenak; beste 20.000 daude mugako kanpalekuetan, erbesteratzeko zain, gerta dakiekeenaz beldur.

Nonbait egoerak kezkatuta, Ban Ki-moon-ek “jendea hiltzeari uzteko” eskatu omen dio Bachar Al-Assad lehendakari siriarrari:

"I again strongly urge President Assad to stop killing people and engage in inclusive dialogue and to take bold measures before it's too late".

Detaile bat UNOko idazkari nagusiaren aldetik!

                               (K.S)

----------

2011-06-02

Permalink 17:31:27, Atalak: klig  

Falokratak

Atzo italiar gantz-lapikoa, gaur frantziar obsexoa eta ministro milikaria, egunero sotanadun pederastak… kontua da ez dagoela egunik non “gure” mandatari politiko-ekonomiko-erlijiosoek euren zintzilikarioen berri ematen ez diguten.

Petit mort delakoa xede, gauez eta egunez, bulegoan, hotelean, sakristian zein hegazkinean, haien apeta antonomasikoarena da ezagutzen duten mintzo bakarra.

Hankartekoa iparrorratz, garbi erabaki dute haien aginduetara dagoela mundu guztia, berdin lagun, lagunen ahaide zein adingabe. Oro da txortagai.

Haien apetak asetzeko zulo umelen inguruan moldaturiko tresna hutsak baino ez dira azafatak, bulegariak, haurrak , langileak, gizaki guztiak…  Fisikoki eta sinbolikoki.

Botereak eta prestigioak eman ohi dien erakarpenaz baliatuz hasieran, eta arras naturala iruditzen zaien bortxakeria erabiliz zahartzean, txortan egitean dute etengabe gogoa gure etorkizuna eta gure diruak euren ardurapean dituzten handi-mandi  horiek.

Hartan eta jaten eta lo egiten ematen dituzte eguneko ordurik gehienak. Idiskoen gisan, animalia hutsak bailiran.

Eta txortan-edo egin bitartean, izorratu besterik ez dute egiten menpekotzat duten jendea eta gizartea. Sinbolikoki batzuetan, fisikoki eta errealki gehienetan.

Erriberako hark zioen moduan: “Sólo piensan en follar y lo único que hacen es joder”.

Txortan egitea dute xede, baina izorratu besterik ez dagite!

                                                    (K.S.)

 

----------

klig blog

Honetaz, horretaz eta hartaz.

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution