Artxiboak: Maiatza 2011

2011-05-30

Permalink 00:27:22, Atalak: klig  

PERSPEKTIBA HISTORIKOA ETA ERLATIBITATEAREN TEORIA

Ezaguna da: historialarien artean denetik dago. Batzuk jakintsuak dira, beste batzuk oso azkarrak, ez da falta jakintsu eta azkar izan gabe gutxienez “biziak” edo direnak. Guk, halere, profeziatan ezin hobea den historialari bat dugu ikusmiran.

Historia katedratikoa ofizioz eta Opus-eko numerarioa bokazioz, histori perspektiba zuzenak eta zorrotzak izateko moduan dagoela ematen du, aspaldidanik baita EAko idazkari baten pisukidea, bai, hala da, egun Bildu barnean dagoen partidu horretako idazkari baten pisukidea.

2008ko martxoaren 23an, Espainiako kongresurako hauteskundeak egin berri zirela, Opus-eko numerario ospetsu honek oso garbi ikusi zuen egoera. Izan ere, era profetikoan erantzun zion El País egunkariak egindako galdera garrantzitsuenari:

P. ¿La aproximación electoral indica un fin del ciclo de la hegemonía nacionalista?

R. Eso sí, y a la larga será histórico. Creo que esa hegemonía nacionalista tan exagerada de hace veinte años era artificial. El terrorismo influyó, a ras de pueblo, en eso. Ahora, y a pesar de que ETA siga matando, se ha perdido miedo y eso permite una recuperación de espacios sociales por parte de los no nacionalistas. Está habiendo un cambio a más pluralidad y a un mapa más real”.

Analisi objektiboa eta zorrotza, zinez. Eta profetikoa, agi denez. Hurrengo hauteskundeen aitzakiarekin egin zituenak bezalakoa. Estilo fosilizatu berekoa.

Bildu sortu denetik haren lagunak ez du protagonismo gehiegirik izan komunikabideetan ez eta, antza denez, politika-munduan ere, baina suposatzekoa da lehen eskuko berriak ere izan dituela katedratikoak bere analisi politikoetarako.

Gainera, asko omen daki euskaldunon historiaz, pendulu patriotikoez eta Aitorrez eta Tubalez eta bestez.

Horregatik gaude orain denok zain, haren analisi berrien esperoan.

Penduluaren mugimendua dela eta, akaso bestelako perspektiba objektiboagoak eskainiko dizkio Einsteinen teoriak Euskaldunon Historia larriari.

                                         (A.M.)

 

----------

2011-05-24

Permalink 17:48:40, Atalak: klig  

Hautestontzien irrintzia

Bizi-irauteko bide bakarra.

Zuri-beltza, manikeoa, artifiziala, naturaren kontrakoa edo nahi den bezalakoa, baina kontua da une honetan ez dagoela besterik: nazionalista-abertzale diren alderdiek ituna egin behar dute botere-gune nagusiak kontrolatzeko.

Hori baino ez da izan M-22ko hauteskundeetako emaitzetatik euskal gizarteak aldarrikatu duen mezua.

Hemen ezin da inor hasi mezu horren inguruko hermeneutika eta interpretazio-kirtenkeriekin. Ez dauka horretarako eskubiderik.

Kosta ahala kosta, Euskadi Erkidegoko Biltzar Nagusiek eta ahalik eta hiriburu eta herri gehienek nazionalista-abertzaleen eskuetan egon behar dute. Ez dago bestetarako aitzakiarik.

Ezinbestez egon behar dute euskal mundua eta euskal kultura eta euskara programatikoki bederen erreferentziatzat dituzten alderdien eskuetan.

Eta berdin dio bakoitzak zernolako kolorea duen odolean edota nondik begiratzen dion gizartearen antolamenduari, ezkerretik ala eskuinetik.

 Benetan jokoan dagoena Euskal Herriaren bizirautea da. Eta, jakina, Euskal Herria mehatxupean duen eskuin-ezker espainolisten eraso-estrategiari aurre egitea da lehen eginkizuna.

Espainiar obedientziako horiek, elkarren arteko distantzia ideologiko eta politiko guztiak ahaztuta, Euskal Herrian elkartu diren bezala, euskaldunok ere haien morrontzatik ihes egiteko estrategia bateratu batera eraman behar ditugu geure ahalegin guztiak.

Kosta ahala kosta, gauak beilan pasatu behar badira beilan pasatuz, euskal alderdiek erronka estrategikoa dute hurrengo urteetako arnasaldi soziopolitikoa eta kulturala bermatzeko. Inor ahaztu gabe, baina EAJk eta Bilduk nagusiki.

Kontu praktikoetara joanez, Biltzar Nagusien kontrola da lehendabiziko eginkizuna. Eta marra lodiz irudikatua bada ere, Bizkaiko Biltzar Nagusiak EAJren eskuetan egon beharko lukete, Gipuzkoakoek Bildurenetan eta Arabakoek, azkenik, Ezker Batuarekin itundutako entente batenetan.

Hiriburu nagusietan ere ez litzateke arazorik egon behar Bilboko udala EAJren eskuetan geratzeko eta Donostiakoa, berriz, Bildurenetan.

Jakina, arrisku “abertzalea” ikusita, mass-media espainolak berehala hasi dira EAJrentzat interes estrategikoa omen duten makrolanak bertan behera geldi daitezkeela “abisatzen”: eta azpiegitura handiko trena? Eta auskaloko portua? Eta zabor-erretegia? Eta Eta?

Baina garbi gera bedi guztientzat: itun intrakomunitarioak dira hauteskunde hauek eskatu dutena; frentismo espainolistaren aurkako mezua da zabaldu dutena.

Eta “gureak” edo diren politikariak eta alderdiak horretara iristen ez badira, traizio hutsa besterik ez diote egingo hautestontziek jaurtikitako itxaropen-irrintziari.

                                                   (J.U.)

----------
Permalink 10:55:43, Atalak: klig  

(H)ACEROS BASKOS!

Laudiotik igarotzean, lagunak beti gogorazi behar digu garai bateko pasadizoa, alegia, bilbotar hark “Aceros de Llodio” enpresaren izena urrundik ikustean adiskideei esan zienekoa: “¡Qué!¿Nos hacemos?”.

Maiatzaren 22koa ikusita, estatu espainoleko hiriburu zenbaitetan kaleratu direnek ere garbi izan beharko lukete non gauzatu den benetan aldarrikatzen duten hori: “Egiazko demokrazia, orain!”.

Euskal Herrian, hots, ez Nafarroako Gobernuarentzat, ez ETBrentzat, ez Afrika delako horrentzat existitzen ez den Euskal Herriko Hegoaldean demokrazia errealerako hurbilpen esanguratsu bat burutu da “Bildu”-ren inguruan: ohiko analfabeto politikoen partitokrazia merkeenari aurre eginez, euskal jende-multzo handi batek politika munduan “profesionalizatzea” eta betiko eternizatzea inoiz pentsatu ez duten herritar arruntak hautatu ditu hurrengo lau urteetan res publikoaz arduratu daitezen.

Aurpegi ezezagunekoak, konpromisoari uko egiten ez diotenak, euskal  erro garbiko solidarioak, kaleko herritar xeheak izango ditugu behingoz euskal politika garaiko esparrutan arduradun.

Hain zuzen ere, “Democracia real, ya!”-koek Espainian barrena aldarrikatzen dutenaren ildoko fenomenoa (zentzu bikoitzeko fenomenoa!).

Eta, paradoxikoa lirudikeen arren, Estatu espainolak eta bere indar ideologiko-politikoek behartuta sortua, izan ere, ezkerreko euskal mugimendua burugabetzeko, deuseztatzeko eta antisistema bihurtzeko diseinatutako estrategia bati esker bideratua izan baita Euskal Demokrazia Errealaren lehen urrats hau.

Altzairuzko urratsa!

Euskal altzairua!

Altzairu eredugarria!

Altzairu esportagarria!

ACEROS BASKOS!

¡Ké! ¿Nos hacemos?

                                          (K.S.)

----------

2011-05-06

Permalink 00:32:09, Atalak: klig  

BILDUK IRABAZI DU! EUSKAL HERRIAK IRABAZI DU!

Gaueko hamabiak baino hamar minutu lehenago Euskal Herriak oinarrizkoenak dituen eskubide politikoak onetsiak ikusteko.
Haien demokrazian jolastu ahal izateko!
Haiek jarritako arauekin aritzeko!

INDEPENDENTZIA lortzeko aurrerapausua izan dakigula eta ez haien zurrunbiloan irentsiak izateko!           
                                                               (J.S.)
----------

2011-05-05

Permalink 11:33:10, Atalak: klig  

Tranpa politikoaren zain

 

Begi bistakoa da espainiar gobernuaren ahuleziak ez diola ematen floriturak egiten ibiltzeko, ez arlo ekonomikoan, ez politikoan, ez eta ezin hurbilago duen elektoralean ere.

Azken bi hauek direla eta, BILDUk ekarri dio azken arantza zorrotza bihotzera.

PPren estrategia obtuso-manikeoari segituz, BILDUren zerrenda guztiak inpugnatzea erabaki zuen. Presekin eta panikoekin ez zuen aurrekoan ANVrekin burutu zuen kalkulu elektorala egin, zeinak “demokratikoki” hainbat erakunderen jabetza eskaini baitzion Frente Espainolari , eta , ala!, Konstituzionalera bidali zituen ezker abertzalearenak ziruditen zerrenda guztiak, betirako debekua jaso zezaten.

Azken orduan, halere, Rubalkabaren estrategia segidista itsuarekin egindakoaz damutzen hasi dira PSOEzialistak, Euskal gizartearen parterik handienak (espainiar gobernukoen alderdikide asko barne) alde guztietatik begiratuta injustizia eta kirtenkeria politiko-juridikoa den horren aurka posizionatzeari ekin dionean. Europara errekurritzeko posibilitatearen abisuak ere izan du eraginik, antza, azken orduko damutze horretan.

Horregatik, orain, azken unean, behin prozesu inkisitorial-juridiko guztia abian jarri ondoren eta haren kontrako egoera sozio-politiko larria ikusita, trilema gisara aurkeztu nahi izango dute PSOEzialistek lehen dilema manikeo gisa planteatua zutena: irtenbidea ez datza zerrenda guztiak legeztatzean ala guztiak legez kanpo uztean, ez, izan ere bada hirugarren bide bat, zuzenbidearen espirituarekin lotuagoa, demokratikoagoa, justuagoa… eta elektoralki interesatuagoa ere, hau da, oraingoan ere ANVrekin jokatu zen bezala jokatzea, hots, PPSOEk eskua ezin sar dezakeen lurralde batasunoetako hainbat zerrenda legeztatzea (horrek, gainera, PNVri egingo dio kalterik handiena) eta PPSOErentzat errentabilitate politikoa atera litekeen esparruetan ezker abertzalearen zerrendak legez kanpo uztea.

Konstituzionaleko epaile “aurrerakoiak” ere enteratu dira horretaz eta, hain bereziak omen direnez, auskalo zer egingo duten, baina apustuek hirugarren “irtenbide” demokratiko horren alde jokatuko dutela adierazten dute.

Horrek guztiak, jakina, hiru diskurtso-mota idatzaraziko dizkie alderdi guztiei hauteskunde-kanpainaren hasiera markatuko duen erabaki  apoteosiko horren ondoren: zerrenda guztiak legeztatuko balira, diskurtso bat, “idolo” desberdinen laudatzearekin: sistema demokratikoarena, mobilizazioaren premiarena, manipulazio politikoarena…; zerrenda guztiak legez kanpo geratuko balira, beste diskurtso bat, zeharo PProa, ultramontanoa bezain maniatiko-aluzinantea alde batekoena, eta arras katxondo-sarkastikoa eta aluzinatua beste aldekoena; eta, azkenik, Konstituzionalak trilemaren hirugarren irtenbidea planteatuko balu, PSOEren gustukoa eta, errealismoa dela medio, haren aliatua izango den eusko alderdi pragmatikoren baten erdi gustukoa ere seguruenik, diskurtsoak ikustekoak izango dira, alajainkoa!

Antologia bat egiteko modukoak!

Gaueko 12etan erantzuna.

 

                                                          (K.M.)

----------

2011-05-02

Permalink 00:04:49, Atalak: klig  

¡Españoles todos!

Oso da bitxia espainol praktikanteen kirtenkeria linguistikoa. Psikiatren esparrukoa, alegia.

Egunotan, esaterako, ingeles monarkia areagotu eta zeharo finkatuta geratu omen da Ingalaterrako William printzea Catherine Middleton delakoarekin ezkondu denean.

Espainiar egunkari-aldizkariek, halere, arazo larriak izan dituzte protagonista “historiko” horien izenak ematean, ez baitute ulertzen, antza, nola egon daitekeen beste hizkuntzetan izen propiorik gaztelaniazko ordainak hain argiak, naturalak eta “jainkoak agindu bezalakoak” direnean.

Ildo horretan, lehia latza egon da haien guztien artean protagonisten izenak era jatorrenean (espainol “castizo”-an, esan nahi baita) ematen lehenak izateko orduan.

Aitortu behar da, Noruegako Haakon eta Mette-Marit kenduta (arrazoi ebidenteengatik nonbait), Europako monarka eta monarkagai guztiekin duten jokamoldea baino ez dela hori: Ingalaterrako Isabel , Carlos eta Camila, Suediako Victoria eta Daniel, etab.

Ildo horretan, beraz, protagonisten izenak Cuenca hurbilekoak balira bezala eman behar zirela bururatu zaie medio gehienei (El Mundori , El Paisi, ABCri …), hots, “gaztelania profundoan”: “el príncipe Guillermo de Inglaterra y Catalina Middleton”. Salbuespen txiki batekin: Holako monarkiazaleei gehiago gustatu zaie “Guillermo y Catherine” deitzea, glamour gehiago eskaintzen uste baitie uztarketa horrek aldizkariko testuei eta argazkien oin-oharrei.

Egunkari-aldizkari haietako batzuk, dena den, zalantzak izan dituzte protagonisten izenak eskaintzeko orduan  ez baita falta “Guillermo y Kate ya tienen casa” edo “el príncipe Williams y la princesa Catalina” bezalakorik.

Extranjerismo exotikoak mantentzekotan, halaz ere, “hurbileko” izendapena da gogokoen edo dutena: “Guillermo y Kate” ( “Keit” moñoñoa ahoskatuz, jakina).

Tamalez, oharkabeko arazoa etorri zaie gainerakoen izenak ematean, arrazoi ezezagunen bategatik, ingelesez mantendu baitituzte guzti-guztiak: “los padres de la novia, Michael y Carole Middleton” (ez dira, ez, bistan da, “Miguel” eta “Carolina”), “el hermano de la novia, James”, “la diseñadora Sarah Burton” (ba al da “h” bat ezabatzea baino gauza errazagorik kontu guztiak behar bezala koadratzeko?)… Eta nekez aurkituko da bertan “Eustaquio”-rik, “Paulino”-rik, “Modesto”-rik edota “Eulogia”-rik.

Horregatik, hain zuzen, printzesa berriaren ahizparen izena debekaturik izan bide dute gaztelaniaz ematea, ez baitzaie oso aristokratikoa iruditu “Felipa” deitzea.  Neskatoa “Philippha” bezala geratu behar dela Historiarako erabaki dute espainolek (edo “Pippa” bezala, oso-oso lagun direnentzat).

Ez dute erremediorik!

                                             (J.U.)

----------

2011-05-01

Permalink 00:14:19, Atalak: klig  

Ernesto Sabato

 

"Creo que hay que resistir: éste ha sido mi lema"

 

----------

klig blog

Honetaz, horretaz eta hartaz.

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution