Falta zitzaiguna!
Oraingoan euskaltzain bat dugu (ez edozein, ez, Euskaltzaindiko idazkari jauna baizik), mosketariz jantzita eta ezpata beharrean luma eskuan duela, alarguntsak sokorritzera eta bidegabekeriak desegitera plazaratu zaiguna!
Sinestezina bezain patetikoa!
Bai, patetikoa, zinez! Batez ere, harira ekarri nahi duen benetako arazoa zertan datzan ere ez dakielako. Eta patetikoa, orobat, lasto bibliko zenbaiten artean, fariseukeriaz eta hipokrisiaz pontifikatzen ausartzeko ahalkerik ez duelako.
Kontua da, behiala erabili zuen florete dagoeneko herdoilduaren deiak bultzatuta, adiskide edo duen umezurtz gizagaixoa defendatzeko egin duela jauzi mundu makur honetara, eta, bide batez (nola deritzo hiri batetik igaro den ibaiaren aitzakiarekin hartzen den gai berriaren jolasari?), etsipenezko baldintzetan dagien defentsa numantino horretan, bere neurrira irudikatutako erroten kontra ere “ausartu” dela.
Alegia, apaiztu berri dirudien kixote honen errotak “euskara ikasteko eta bertoko kultura propioa landu eta bultzatzeko, sekula santan urratsik mikroskopikoena ere egin ez duten” kakotxen arteko “abertzaleak” direla ematen du lehen begiratuan bederen. Eta logikoki, batek pentsatu nahiko luke Anasagastiak eta Azkunak bezalako politikari monolingueak dituela lumadunak gogoan.
Baina ez, ez da hala; buruan duena beste alor bateko “abertzaleak” bide dira, hots, “ahoz bederen, odola emateko gerturik omen daukaten hipokrita” horiek. Eta, ondorioz, irakurleari berehala ezabatzen zaio Anasagasti-Azkunen irudia argazki horretatik, besteak beste, politikari horien ezpalekoei aspaldi ahaztu zitzaizkielako “Gora Eta Gora” delakoaren konpasak betetzen ez dituzten abestiak, eta bereziki Eusko Gudarien tradiziotik zetozkienak.
Beraz, hori irakurrita, inork ez daki dagoeneko euskaltzainari pitzaduraren bat sortu ote zaion kaskoan ala oraindik ez den ohartu berak hain sutsuki oldartzen duen ezker abertzalea (garai batean herkide izan zituen haiek berak!) dela euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustu handiena egin duen “alderdia”. Kuantitatiboki eta kualitatiboki.
Jakina, Alzheimerra ere izan liteke. Baina ez dirudi hala denik, ez.
Tamalez, beste zerbait izan du euskaltzainak gogoan, hots, olagarroarena egin eta lumatik isuritako tinta ilun eta uherrenarekin nahasi uren gardentasuna eta, bidenabar, euskaldunok arazo honetaz dugun pertzepzio aratza okertu eta ustelarazi. Besterik gabe.
Baina, zorionez, Jon Juaristiren adiskidetasunek eta ustezko bertute pertsonalek ez dute inolaz ere zurituko haren presentzia EUSKARAREN GIZARTE-NORMALKUNTZArako beharko lukeen Euskararen Aholku Batzordean.
Inondik ere ez!
Hamaika urtez mantenduko balute ere!
(A.M.)

Ipar Ameriketako GKE-ONG zenbaitek argitaratu berri duten txosten-rapport batean adierazten denez, lehoia desagertze zorian dago Afrikan.
200.000 baino gehiago izatetik, mende eskas batean, 75.800 izatera pasatu ziren panthera leo leo izeneko lehoi afrikarrak 1980an. Gaur egun 40.000 baino gutxiago dira geratzen direnak. Kalkulu ezkorrenek zehazten dutenaren arabera, 23.000 lehoi besterik ez da bizi afrikar kontinentean.
Lehoiak, izatez, ia zeharo desagertu dira Afrikako 26 estatutatik eta, egun, zazpi estatu baino ez dira beren lurraldeetan mila lehoitik gora gordetzen dituztenak: Botswana, Etiopia, Hegoafrika, Kenya, Tanzania, Zambia eta Zimbawe.
Kolonialismo basatienaren aurretik, ohikoa zen lehoien eta gainontzeko felinoen desagertzearen arrazoiak bertako biztanleen beldurrekin, ohiturekin eta espazioa konpartitzeko arazoekin lotuta aurkitzea.
Baina, harrigarriro, gaur egungo lehoien depredadorerik handienak amerikar ehiztariak dira. Horrela, entzuten den bezala, ipar amerikarrak dira afrikar lehoiak akabatzen ari direnak.
Azken hamar urteotan, esate baterako, bikoiztu egin da ehiztari “handi” horien kopurua eta, datuek diotenez, modu “deportiboan” ehizatutako azken 6.000 lehoietatik bi heren (4.000 inguru) Ipar Ameriketara joan dira, yankiak baitira berdin larruaren zein hanka, hezur edota buruen erosle sutsuenak.
Baina abiadura honetan, tamalez, deporte sanoa egiteko ehizarik gabe geldi daitezke inperialismokumeak laster asko.
Nonbait, riflearen kulturaren eragozpenak.
(K.M.)
Honetaz, horretaz eta hartaz.
