Analfabetoak izan daitezke. Eta ez da analfabetorik falta haien artean. Gure hizkuntza eta kulturarekiko analfabeto axolagabeak. Analfabeto larriak, profundoak.
Baina estrategia politikoak borondate politikoek eraikitzen dituzte, ez analfabetismoek. Eta borondate politiko argia erakusten dute herri-ahotsaren bahitzaile huts diren horiek.
Historiaren bilakaeragatik, gure Herria, EUSKAL HERRIA, ez da inguruko estatu guztiak bezala eraikitako aberria (aba-herria = aita-herria, aiterria). Gurea, EUSKAL HERRIA, mintzo-herria da, izatez; Hizkuntzaren gainean eraikitako Herria, Euskarak artikulatu duen Herria. Eta horrela erakutsi izan dute gure idazle zaharrek eta gure literaturak. Ez dute besterik adierazten XVI. mendeko Leizarragak eta Lazarragak eta ez du besterik zehazten hurrengo urteetako Axularrek ere: “Anitz moldez eta diferenteki mintzatzen dira Euskal Herrian: Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Lapurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba herrian, eta bertze anitz lekutan”.
Herri-eraketa honek, baina, arazo politiko latza dakar ondorio: Euskarak egiten duela herria, eta ez lurralde hutsak. Eta hori arazo latza da EUSKAL HERRIA hiru lurraldetara mugatu nahi duen estrategia politiko batentzat. Hirutara hertsiki mugatu ezean, beti gera liteke beste lau lurraldeetara hedatzeko aukera politikoa.
Hortik, beraz, EUSKAL HERRIA kontzeptu linguistiko eta kultural huts bezala tratatu nahi izatea.
Gure Herriaren identifikazio-hitza bastart bilakatu nahi izateak gure herri-izaera eta herri-perspektibak ezabatzea du helburu. Zeren eta, EUSKAL HERRIA ezer bada, esanahi linguistiko-kulturala eta politiko-administratiboa duen hitz elkarketa da. Eta horrela ulertzen du egungo euskaldunak ere, bai Hegoaldekoak, bai Iparraldekoak eta bai itsasoaz bestaldekoak.
Eta hori da inperialismo espainolaren estrategiak hautsi nahi duena: Herri honek EUSKARAREN HERRIA > EUSKAL HERRIA izaten segi dezan.
Erantsi behar al da, aldi berean garatzen ari diren “Euskara-gaztelania orekatua” delakoaren hizkuntz estrategiak erabateko glotofagia duela helburu?
Politikarien ezpainetatik azken orduan isuritako adierazpenen sarkasmoak (nola ulertu, bestela, komunikabide guztietan gaztelania hutsez pontifikaturiko “que ninguna lengua esté debajo de la otra”?) ezin ditzake ezkutatu glotofagia lasterrerako gogoa eta estrategia.
Baina hori gertatu bitartean, noski, bestelako munstro batzuen jaiotzaren lekuko izatera ere kondena gaitzakete. Bat, esate baterako, honako hau: gure hizkuntza, haienaren antzera izendatzera derrigortzea. Hau da, hizkuntza identifikatzeko, egitura politikoaren araberako izena erabiltzera derrigortzea:
ESPAINIA > ESPAINERA
PORTUGAL > PORTUGALERA
ITALIA > ITALIERA
Ergo,
EUSKADI > EUSKADIERA
(K.D.)
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Honetaz, horretaz eta hartaz.
