2008-01-02

Permalink 15:21:34, Atalak: kantujira, 82 hitz  

Auzoetako taldeak




Donostiako kantu jira hilero, hirugarren larunbatean, elkartzen da Parte Zaharreko Fermin Kalbeton kalean, eguerdiko 12:00etan. Baina, horrez gain, zenbait talde elkartzen da hainbat auzotan kantu jirako hitzak eta doinuak ikasteko eta lagun artean tarte goxo bat pasatzeko.

Intxaurrondo kantuz

Larrotxene kultur etxean
Intxaurrondo 57 (tel.: 943 291 954)
Urriaren 3tik maiatzera
Astelehenetan, 20:00etan

Amara Berri kantuz
Ikasbide elkartean
Isabel II. 15.
Bagera elkarteak antolatua
bagera@bagera.net (tel. 943 467 181)
Hilaren 1. eta 3. asteazkenean, 20:00etan

Antigua kantuz
Txirain elkartean
Erregezainak 34.
Hilaren 1. eta 3. asteartean, 20:00etan

Aiete kantuz
Aieteko parrokian
(Bagera elkarteak antolatua)
Hilaren 1. eta 3. ostegunean, 19:30ean

Egia kantuz
Aitor ikastolan
Ostegunetan, 19:00etan

Parte Zaharra kantuz
Kresalan
Hilaren 3. asteazkenean, 20:00etan
Permalink 15:04:11, Atalak: kantujira, 238 hitz  

Kantu Jira kantuen bidez

1
Hilean behingo elkartze horrek
nola baduen distira,
egun batzuek lehenagotik
larunbatari begira.
“Triste bizi naiz” kantuarekin
hasten dugu gure jira,
bainan tristurak kantuen bidez
erraz uxatu ohi dira.    

2
Bilintx dendaren alboan Bilintx
zenaren hitzak egoki,
penak kentzeko modu onena
da aitortzea ozenki.
“Zurekin ,jai,jai!” esango dunik
nahiz ez den faltako noski,
kantuen bidez bizipozari
egingo diogu toki.

3
“Hegoak” kantaz seme-alaben
oroipenek bete naute,
ume izanak haunditu dira
kabitik aldegin dute.
Pena pixka bat emanagatik
kexu naizenik ez uste,
kantuen bidez esaten diet:
“nik txoria nuen maite”.    

4
Zenbait kantutan gure ahotsak
elkarturik entzutean
herri sentipen ukaezina
pizten da gure artean
Kantuen bidez aitorpen hauxe
datorkit bete-betean:
“ez zaigu hilgo Euskal Herria
ni bizi naizen artean”.

5
Kantuen bidez esan nahi dizut
niretzat zaren guztia,
gau ilunean solas isila,
egun argiz eguzkia.
Ezpain dardarti xuxurlariez
doakizu abestia:
“Zure begiek ene maitia
badute … dirdir eztia”    

6
Xiberoako kantuen bidez
datorkigun oihartzuna,
herri bat lotzen duen haria
edo ta amets urruna.
Oihal batetik jantziak gara
herri egiten gaituna,
“Guraiziakin bereIzi arren”
euskara dugu jostuna.

7
Ordu pare bat igaro eta
ase nago eta lasai,
Kantuen bidez hasierako
tristurak joanak dira bai.
Ahal den neurrian bizi nahi nuke
lagunen artean alai,
eta “bestela datozen penai
ez diet surik bota nahi”    

8
Xalbadorrena kantatu eta
gaurkoa bukatua da,
hurrena ere gozatu nahiaz
hemen elkartuko gara.
Eta barruko sentimentuak,
ekarri lasai plazara,
lotsarik gabe, kantuen bidez
bidali “lau haizetara”

Egilea: Xabier Mujika Kasares
Doinua: Erkudengo ama (Altsasu)
Permalink 14:34:30, Atalak: kantujira, 210 hitz  

Kantu Jirako bertsoak

1
Hilero hirugarren
larunbata dela (bis)
jakizu Bilintxera
hurbiltzen naizela.
Kantuan aritzeko
aukera itzela,
ez baitute eskatzen
kantari txartela,
zer eginik ez nuke
izango bestela.    

2
"Kaixo! Zer bizi modu?"
"Hemen gera berriz" (bis)
elkar agurtzen dugu
keinuz eta irriz.
Ordua izan arren
oso lasai gabiltz,
bitartean Joserra
aurpegi urduriz,
"has gaitezen" esanaz
dozenaka aldiz.

3
"Epa, Joxe Mari! ta
zer moduz Ainhoa?", (bis)
sortu ohi den giroa
benetan sanoa.
Hasiko ote gera
behingoz, arranoa!
Joserra esatear
dagola "ba noa",
Itziarrek eman du
hasteko tonoa.    

4
Pare bat abesturik
martxan gera jarri (bis)
berriz ere kontuak
esanaz elkarri.
Bidean goazela
nork ez du igarri
denok umore ona
dugula ekarri?...
Amaiaren soinua
denon gozagarri.

5
Geldialdi guztitan
daiteke ikusi (bis)
fandango, arin-arin,
irrintzi ta guzi.
Gauza bat gertatzen da
pixka bat itsusi,
betiko desoreka
dugu erakutsi,
dantzan andre asko ta
gizonezko gutxi.    

6
Gitarra jotzaileak
dira batzuetan, (bis)
baita dultzaineroak
beste zenbaitetan.
Ordun ibiltzen gera
gustura benetan,
Sabinoren makilak
hartuz eskuetan,
pastoralen itxura
gure urratsetan.

7
Gaur ere "Boga Boga"
zen azken aurrena, (bis)
azkena Xalbadorren
heriotzarena.
"Agur Pepita eta
Joseba Mirena,
orain etxera noa
ahal den azkarrena,
erreko zait bestela
labean detena".    

8
Emana dugu, bada,
kantuz eguerdia (bis)
ezkutarazi gabe
kantuz eguzkia.
Hurrena berriz ere,
Kantuz aitzakia,
bilduko gera denok
kantuz, alegia,
osorik jarri asmoz
kantuz Donostia.

Egilea: Xabier Mujika Kasares
Doinua: Oi, gure antziñako!

Azken erantzunak

kantujira blog

Festarik behar bada bego Donostia, betikoa du fama ondo merezia. Hala zen lehengo Donostian, eta hala da gaur egun ere. Fama horri eutsi nahi diogu hilero, hirugarren larunbatarekin, Parte Zaharreko Fermin Kalbeton kalean, eguerdiko 12:00etan, kantu jiran elkartzen garen donostiar eta kantu zale guztiek.

Maiatza 2012
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Atalak


Artxiboak

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution