2010-12-09

Permalink 01:42:21, Atalak: jurtzixabi  

Lapurre san, baia lapur honradue...

Hondartzetan noizik behin azaltzen diren baleen gorputz tzarrak nola, halaxe gero eta sarkorragoa da usteltzen ari den demokrazia mendebaldarraren kiratsa.

Denok dakigu Suitza eta Suedia direla Europako herrialderik pefektuenak, giza-eskubideen babesleku eta pausaleku, euren herritarrei sekulako bizi-maila eta bizi-kalitatea eskaintzen dizkieten paradisu txikiak... edo ez.

Ez dut Stieg Larsson-en trilogia irakurri, alferra naizenez liburutzarron arrastoan egindako filmekin konformatu naiz. Suedia ez dela beti izan paradisu hori bagenekien Bille August zinegilearen "Pelle the conqueror" film zoragarriari esker, baina Larsson-en liburuen adaptazioak bestelako ertzak erakutsi dizkigute. Adibidez, naziak suelto ibili zirela han, lasai asko, Olof Palme-ren jaioterrian, hain zuzen.

Eta, naziak aipatuta, ez legoke gaizki gogora ekartzea kuku-erlojuaren herrialdeak nazien diru-kontuak babestu zituela 90. hamarkadara arte, gutxienez. Edo bestela esanda, milioika europar eraili lapurtutakoak ezkutatu zituela, ze klaro, bestela hango banketxeen isilpekotasun legendarioa kolokan geratuko zen, eta mundu osoko lapur berriagoek ez zuten jarraituko botin berriak han gordetzen...

Hortaz, ez da hain arraroa batak AEBen lan zikina egitea, eta besteak Assangeren kontuak di-da batean blokeatzea. Kontxo, naziekin biek ala biek eduki zuten begirunearen izpitxo bat gorde izan baliote sikiera australiar gizajoari!

Hori Suedian eta Suitzan gertatzen bada, zer ez dute egingo demokraziaren fotokopia narrats bat besterik ez daukan gure Espainia maite zoragarrian!

Beste Patakon bat beharko genuke, gutxienez. Hura ere lapurra zen, baia lapur onrradue.

----------

2010-12-06

Permalink 00:03:36, Atalak: jurtzixabi  

Ezkor abertzale baten gogoetak

Oso interesgarria iruditzen zait gaurko Berrian Pako Aristik argitaratu duen Ezkor abertzale baten gogoetak.
----------

2010-02-23

Permalink 13:28:11, Atalak: jurtzixabi  

Behaztoparriak

1. Atxiloketak. Espainiak ez du nahi euskal independentismo funtzionala mugimendu politiko huts bihurtzea, hau da, borroka armatuaren garaiari uztea. Beraz, baliteke errepresio basatia hemendik aurrera are eta basatiagoa izatea. Gainera, euskal presoak bahituta edukita, karta guztiak bere alde markaturik dauzka.

2. Borrokari armatuari utzita ere, independentsimoak ETAri buruzko "gaitzespen sendoa" erakutsi beharko du; atzeranzko gaitezpesna ere bai, jakina. Igoal, Santa Kruz apaiza edo Matalas ere "gaitzesteko" eskatuko diote, batek daki.

3. "Gaitzespen sendoa" eginda ere, ETAk armak entregatu beharko ditu. Formula hori Paisley apaizak asmatu zuen Belfasten. Nik ez dut inoiz ulertu zertan datzan armen entregatze hori, ETA edo IRA bezalako armada klandestino bat tanke, misil eta hegazkinak dauzkan "benetako" armada bat izango balitz bezala, baina tira, behaztoparri gisa berdin balio du.

4. Armak entregatuta ere (tiragomak barne), euskaldun jendeak jakin beharko luke berea ez dela nazio bat; hortaz, ez daukala inongo eskubide "kolektiborik". Gehien jota, eta txinxo portatuz gero, eskubide "pertsonalak" izango ditu, beti ere 1978ko Konstituzioaren baitan. Orain lezio hori esplikatzen ari zaio katalandar jendeari, zeinak "bide baketsu eta demokratikoak" baino ez dituen erabili berea erreibindikatzeko.

Oraingoz, besterik ez.

----------

2009-01-31

Permalink 00:40:23, Atalak: jurtzixabi  

Euskara, nafar jendearen berezko hizkuntza XV. mendean

Nonbait irakurri nion Koldo Mitxelenari euskararen gaineko aipu zahar guztiak bildu behar direla, nahiz eta xumeak edo itxuraz garrantzi gutxikoak izan uste baino garrantzitsuagoak gerta daitezkeelako, are gehiago Nafarroari baldin bagatzaizkio. Hona hemen, beraz, euskarari buruzko aipu bat, XV. mendekoa berau. Ez nuke esango guztiz ezezaguna denik, baina nik behintzat ez dut inon aipaturik ikusi.

Haren berri orain duela gutxi izan nuen, Michel Mollat du Jourdin historialari frantsesaren liburutto ederra irakurtzean: La guerre de Cents Ans vue par ceux qui l'ont vecue (Paris, Éditions du Seuil, 1992; Points Histoire bilduma, 164). 156. orrialdean, garai urrun haietan hizkuntzek zeukaten garrantzia iruzkintzen ari delarik, Mollat du Jourdin-ek Gilles Le Bouvier heraldoaren lekukotza dakar plazara, hark paristarrek Midi-ko hizkerak ulertzeko zeukaten zailtasuna azpimarratzen duelarik: "Or il ne s'agissait pas du basque, qui est una langue et dont Gilles Le Bouvier, en sa Description des pays, avait bien observé l'originalité".

Aiputxo horrek akuilaturik bibliografiara jo eta bertan liburu eder horren erreferentzia aurkitu nuen: Gilles Le Bouvier, dit le Héraut Berry: Le Livre de la Description des Pays, zeinaren bi edizio aipatzen diren: T.-H Hamy-rena (Paris, 1908), eta H. Courteault et L. Celier, paris, 1979.

Kontsultatu izan aha dudana aurrenekoa da, eta hauxe da deskripzio bibliografiko osoa: Le Livre de La Description des Pays de Gilles Le Bouvier, dit Berry... Paris, Ernest Leroux Éditeur, 1908. Edizioa apailatu zuena E.-T Hamy izan zen, goian esan bezala. Beherago aipatuko ditudan orrialde guztiak edizio honi dagozkio.

Le Bouvier Berry aldeko noblezia txikiko leinu baten baitan jaio zen 1386ean inguru, eta 1456. urtean hil, omen. Lanbidez heraldoa izan zen -hau da, gerraz alderdien arteko halako bitartekaritza egiten zuena, baita kontu geraldikoetan aditua- eta Frantziako Karlos VII.aren lehen "arma-errege" izatera iritsi zen. Aipatutako liburua 1440 inguru idatzi zuen, beti ere 1451a baino lehenago (urte hartan frantsesek ingelesei Baiona hartu zieten, hain zuzen). Frantziaren eta oro har Europako herri gehienen deskripzio bitxia egin zuen. 124. orrialdean "Espainien" deskripzioa hasten da. Inor ez dadila asalda, arren! Hemen Espainiak -prural eta guzti- zentzu geografikoan erabiltzen da, batik bat, nahiz eta frantsesen begietan Gaztela izena bereganatzen hasia zen:

"Orain Espainiez mintzatu nahi dizuet, eta hor diren jendeez. Espainietako erresuma, zeinari Gaztela ere esaten zaion, mugakidea da Nafarroarekin eta Frantziarekin, Akitaniako partetik. Ho badaude mendiak, Baiona hiritik Narbona hiriraino [Pirinioez ari da, noski]."

Gero Espainietan zortzi erresuma daudela diosku, zeinen artean Gaztela lehena den Frantziaren partetik:

"Aipaturiko Frantziako erresumaren ondoan Gaztela dago, zeina Baionatik lau legoara hasten den, Hondarribia ["Front Arabiez"!] izeneko tokian. Hor Bizkaia izeneko lurraldea hasten da. (...) Bizkaiko lurralde hau menditsua da oso, goian esan bezala. Itsas portu franko dago. Mendi hauetan oso gari gutxi biltzen da, eta oro har denetarik falta da, eta itsasoarengatik ez balitz oso lur txiroa izango litzateke. Itsas portu horietatik Flandres eta Frantziara burdina kantidadean daramate, baita "delete" eta "bastard" motako ardoak, oso ugariak baitira Espainietan. Eta Bizkaiko lurraldearen ondoren Asturias dago..."

Aurrerago Nafarroaren deskripzioa daukagu (131-132. or):

"Aragoiko erresumaren ondoan Nafarroako erresuma dago, berez erresuma txikia dena. Nolakoak diren nafar jendeen moldeak? Bada, jende arina dira, eta beti ere ingelesen aldekoak: ez dituzte gertutik ezagutu, noski! Erresuma honek lau bide-egun luze dauka, eta beste hainbeste zabal, hegoaldetik Aragoiko erresumak mugatzen du, sartaldetik Espainiak eta Bizkaiak eta Frantziak Akitaniako partetik, ekialdetik. Nafarroako erresuma honetan baso handiak daude, eta gari nahiz ardo ugari dauka. Hiri nagusia Iruñea da. Erresuma honetako jendeek berezko hizkuntza daukate, euskara izenekoa [ont langage à par eulx, qui s'appelle basque]".

Hortaz, XV. mendeko frantziar batek ikusita Nafarroa erresuma txikia zen... eta euskalduna.

----------

2009-01-16

Permalink 02:32:24, Atalak: jurtzixabi  

Chinua Achebe: Gainbehera dator dena

Orain euskaraz irakurri dudan azken liburua iruzkintzea tokatzen da: Chinua Achebe idazle nigeriarraren Gainbehera dator dena (Things Fall Apart, 1958), Alberto Martinez de la Cuadraren itzulpen bikainean (juzgatu ahal dudan neurrian, bederen, jatorrizkoa ez baitut irakurri).

Bikaina diot, zeren eta Martinez de la Cuadrak egindako itzulpenak euskaraz irakurtzen gozatzeko aukera eman dit, eta hori oso eskuarki oso ohikoa ez bada, are gutxiago itzulpenetan. Bejondeiola, beraz.

Achebek ibo herriko Umuofia klanaren gainbehera kontatzen digu, Okonkwo pertsonaia indartsua ardatz hartuta: istorioa 1860 aldean hasi eta 1890 inguru amaitzen da, hots, ingelesak eta haiek ekarritako kristautasuna azaldu arte (bide batez esanda, garai latzak izan ziren haiek Euskal Herrian ere).

Istorioan pertsonaien haria galtzen ez bada ere, ibotarren antzinako bizimoduaren ikuspegi polita eskaintzen digu Achebek; ez da, ordea, eleberri kostunbrista bat, non narrazioa ohitura zaharrak erakusteko aitzakia hutsa den. Achebek maisuki marrazturiko pertsonaiak haragizkoak dira, bizi-biziak.

Nostalgiarik badago, noski, baina ez idealizaziorik: Achebek ibotarren kultura zaharra erakustean ez ditu alderdi ilunenak ezkutatzen, hala nola emakumeen menpekotasuna eta batez ere gizonezkoek haiek jotzeko zeukaten eskubide osoa. Gauza bertsua esan genezake kultura zaharraren eta kristautasunaren arteko talka deskribatzen digunean (Acheben gurasoak kristau ebangelista sutsuak omen ziren).

Acheberen lezioa hauxe da, hain zuen, Afrikako herriek euren kultura zeukatela gizon zuriak azaldu orduko, ez hobea, ez txarragoa, baina bai beren-beregia, eta zeuek, hain zuzen, kultura hori hein handi baten suntsitu zenuten (Achebek ingelesa adierazpide nagusi hartzea oso esanguratsua da, nori zuzentzen zitzaion ebakitzeko orduan), eta hori gutxi izan balitz, inoiz ulertu ez dituzuen kontuez aritzeko ausardia izan duzue gero.

Halaxe, liburuaren amaiera arranguratsua kontatu ondoren, halaxe bukatzen du:

"Idazteko asmoak zuen liburuan azpimarratuko zuen kontu hori [Komisario zuriak]. Epaitegira zihoan bitartean, liburu horretan pentsatu zuen. Egun guztiek ematen zioten gai berriren bat (...) Ia artikulu oso bat idatz zitekeen hari buruz. beharbada kapitulu oso bat ez, baina tamaina ederreko paragrafo bat, zalantzarik. Beste hainbat gai baziren sartzeko, eta zorrotza izan beharra zegoen xehetasunak baztertzen. Hautatua zuen liburuaren izenburua, asko pentsatu ondoren: Niger behereko tribu primitiboen baketzea."

Chinua Achebe, Gainbehera dator dena. Alfonso Martinez de la Cuadraren itzulpena. Alberdania eta Elkar, 2007.

 

----------

:: Hurrengo orrialdea >>

jurtzixabi blog

Sortzailearen profila

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Atalak

    Blog hau sindikatu

    Zer da hau?

    Zure bloga eraman

    1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
    2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    powered by
    b2evolution