Mezua: Biktimarena

2008-12-11

Permalink 10:33:27, Atalak: jurtzixabi  

Biktimarena

Bete betean asmatu du Uxue Apaolazak joan den asteko asteazkenean TeleMadridek eskainitako Buruagaren "debate" programaren ale berezia komentatzean: Argazkia izena du zutabeak. Saioan ez dakit zenbat aldiz errepikatu zuten betiko leloa: euskal gizartea gaixorik dago, sendatu beharra daukagu, etab. Hitz horiek beldurgarriak dira: Alguien voló sobre el nido del cuco ekartzen didate gogora. Beharbada egunen batean elektroshoka ezarriko digute sendatze aldera.

Egun bertsuan berri arras xelebrea irakurri nuen debalde banatzen diren egunkari horietako batean.

Orain duela aste pare bat Madrilgo diskoteka baten atarian Avaro Ussia gaztetxoa hil zuten atezain batzuek, ongi dakigunez, ze mutila familia oneko semea izanda bai sendikoek, bai lagunek, bai hedabideek, hauts guztiak dexente harrotu zituzten. Bide batez esanda, egunotan beste mutiko bat ostikoka lehertu dute Kanariak aldean, baina albistea etorri bezain pronto ahaztua izan da. Ez zen aberaskumea, ez inoren iloba, ez guapoa.

Kontua da Alvaro Ussia erail zuteneko diskoteka itxi egin zuela Madrilgo Udalak. Ba, berriak zioenez, lokalean liburutegi bat egiteko asmoa dauka orain villa y corteko erakunde txit gorenak, eta hildakoaren izena jarriko omen diote.

Lehen liburutegi baten bataioan ohorezko tokian egoteko bide nagusia zerbait idatzi izana izaten zen, edo sos batzuk xahutu izana herritarren kultura-maila hobetzearen alde, herrialde anglo-saxoniarretan gertatu ohi den bezala.

Berdintsu ikusten da gazte-koadrilla bat igande bateko ordu txikietan auto-istripuz hiltzen denean: kanposantuaren sarreran atabutak kotxetik ateratzen dituztenean txaloka hasiko zaizu jendea, farlaz eta alkoholez polito pasata bizia galtzea egite loriosa balitz bezala.

Lagun baten aburuz, gure gizartean hain zabalduta dagoen biktimakeria hori ETAren ondorio kolateral bat -beste bat- baino ez da.

Bada, biktimakeria horrek mutu utzi ohi nau: ez diot inori zoritxarrekorik opatzen, baina ezin ahaztu biktima bihurtzeak -beti ere biktimaren beraren gogoz kontra, noski- ez duela inor zintzoago, ez jakintsuago, ez gogoangarriago bihurtzen. Lotsaz isildu ohi naiz, ordea. Zertarako hitz egin, zertarako arbuiatu, zergatik oihuka adierazi barneko poza edo maitemina bezain intimoak diren harridura eta tristura? Harridura edo tristurarik baldin badago, gainera.

Nago horrelakoetan Quevedoren esakune ospetsua egia bihurtzen dela askotxorentzat: sentitzen dena ezin esan, eta esan dena sentitu behar.

Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
----------

jurtzixabi blog

Sortzailearen profila

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Atalak

    Blog hau sindikatu

    Zer da hau?

    Zure bloga eraman

    1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
    2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    powered by
    b2evolution