Egunotan esku artean Santi Leoné iruindarraren saiakera laburra irakurri dut: Euskal Herri imajinario baten alde (Elkar, 2008).
Laburra da tamainari begira, 90 orrialde eskas baititu, ez ordea mamiari begira, ze izan liburu mamitsua da. Hein handi batean, Xabier Zabaltzaren Gu, nafarrok (Aberdania, 2007) saioak markaturiko ildotik doa; hala ere, Leonéren liburua ez da Nafarroan hainbeste zentratzen, nahiz eta lurralde hartako kontuek pisu erabatekoa izan. Dena den, pozgarria da euskaltzaletasunari eta abertzaletasunari buruzko bi gogoeta fin eta sakon hain denbora laburrean azaltzea, gainera nondik eta Nafarroatik.
Saioaren abiapuntua hainbestetan -gehiegitan- errepikatu duten leloa da: Euskal Herria irudizko zera bat da, asmatutako zerbait, entelekia bat.
Azken urteotan arrakasta handia izan dute nazionalismoari buruzko teoriek. Esparru anglo-saxoniarrean sortuak, 90. hamarkadako Balkanetako gerrek eta oro har Bloke Komunista ohiaren nazio txikien berpizteak modan jarri zuten, nolabait esateko. Estatu espainiarrean, aldiz, teoria horiek nazionalismo periferikoak direlakoei aplikatu zaizkie. Teoriok historiografiaren baitan sortu baziren ere, bitxi samarra da haren ordezkari espainiar gehientsuenak historiagile ez izatea: Fernándo García de Cortázar salbu, arlo horretan nabarmendu direnen artean filologoak aurkitzen ditugu (Jon Juaristi), filosofia irakasleak (Fernando Savater, Gustavo Bueno, Carlos Martínez Gorriaran), antropologoak (Mikel Azurmendi) eta, noski, kazetari nahiz etologo orojakileak (Iñaki Ezquerra, Isabel Durán eta abar, eta abar, eta abar...). Euskaldunak ez dira falta, ageri denez.
Leoné, berriz, historiagilea da, eta bere liburuak neurri handi batean historiagile batek Historiaren kontra idatzitako liburu bat dela ematen badu ere, benetan Historiaren erabilera bidegabeen kontra idatzita dago.
Halatan, nazionalismoaren gaineko teoriaren ildo nagusiak labur baina sakon aztertu ondoren, honako hau gogorarazten digu Leonék: Euskal Herria bai imajinarioa, irudizkoa, ametsezkoa dela... munduko beste nazio, nortasun eta kolektibitate guztiak bezalaxe, hain zuzen.
Gero, bi kapituluetan historiografia espainiar nazionalistaren zein navarrismoaren nondik norakoen berri ematen du. Ez da falta pasadizo dibertigarririk, adibidez, nola On Jaime del Burgok XVI. mendeko agiri bat "gaizki" interpretatu zuen, Nafarroaren espainiartasun eternala frogatze aldera.
Geroago, ordea, Leonék "Nabarralde" epigrafean biltzen duen joera historiografikoa polito egurtzen du: agian berak ere garai batean sinestu baitzuen Nafarroa Itsastarrarengan, "Euskadi Nafarroa da" leloan, "Navarra, el Estado Vasco", etab.? Nazionalismo espainiarrarengana edota navarrismoarengana erakusten duen jarrera hotza, urrutikoa edo, ez da hemen aurkitzen, behintzat, baizik eta grina eta borrokazaletasun sutsu bat. Kontu jakina da: zauriak mingarriagoak dira etxekoengandik jasotzen ditugunean.
Kapitulu honen izenburua oso egokia da, nire ustez: "Estatu galduaren bila". Horixe baita, hain zuzen, Nabarralde taldeko historiagileen asmoa: noizbait euskal estatu bat (Nafarroa, noski) egon zela frogatzea. Baina, leonék, oso ondo adierazten duenez, hein handi batean nazionalismo espainiarraren/navarrismoaren akats berberak errepikatzen ditu: iraganaren irakurketa politikoa egiten du, gaur egungo herritarren borondatea gure arbasoen balizko borondatearen menpe jartzen du eta, ororen gainetik, gertakizun historikoak lotsagabe manipulatzen ditu. Eta historiak ez du izan behar gaurko politikaren tresna:
"...historia egiteko forma (nire ustez) makur batzuk kritikatu baditut, historiaren garrantzian sinesten dudalako izan da. Gaurko egoera (berdin hemengoa edo Japoniakoa) hobeki ulertzen da iraganari begira, pasa diren garaiak miratuz" (87. or.).
Zer geratzen zaigu sasi-historiaren aitzakiak kenduta? Nire irudikoz, Leonéren proposamen kitzikagarria hauxe izango litzateke: nola gure arbasoek euren burua asmatu zuten, hala egin dezagun geuk ere.
Hortaz, liburu sakona eta aldi berean irakurtzen arina (horrekin zerikusia du idazleak darabilen hizkera zalua), irakurleari galdera franko sorraraziko dizkiona. Gainera, Zaldi Eroaren marrazkiek umorezko kontrapuntua ematen diote eta, ohi bezala, haiek ere zer pentsatua ematen dute.
Ez daude Erantzunak mezu honetan...