Lehengo batean lagun batek animatu ninduen -ironikoki, ulertu behar da- Euskara21 ekimenean parte hartzera. Ez neukan gogo handirik, egia esan, baina herritar zintzoek egindako ekarpenak irakurri ondoren, honezkero ez daukat batere gogorik.
Hala ere, lehengo batean nire ikasle batek kontatutakoa ez da oharkabean pasatzen uztekoa, gero. Badakit kasuistika beti ere arriskutsua dela, baina kasuak bata bestaren gainean pilatzen direnean, errealitearen zati bat osatu dezakete, ezta?
Eman dezagun ikasle horrek hogeita asko urte dituela eta musikaria dela. Arrantzale herri batean jaiota, euskara du ama hizkuntza, eta gainera ikasketak -lehen nahiz bigarren mailakoak- euskaraz egin zituen. Euskaraz irakurri ohi du, eta hizkera landua dauka. "Euskaldun osoa", esan genezake.
Euskal herritik kanpo lanean aritu ondoren, uste du sorterrira itzultzeko garaia dela. Euskaldun peto-petoa da, eta bere arloan profesional ona, baina oso akats larria dauka: ez dauka ez EGArik, ez perfilik ez HABEko 3. mailako titulu berririk ez kristorik. Iaz saiatu zen Hizkunzta Eskolan, eta idatzizko azterketan oso emaitza onak lortu arren ahozkoa suspenditu zioten, "bizkaierarekin nahasten zuelako" bere jarduna eta denok dakigunez, Biskaiko berbetie gaus motza da, gero! Orain HABEk ateratako azterketa berriarekin saiatuko da.
Kontatu zidanez, aspaldi ez dela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera deitu zuen, Gasteizera, ze interesatzen zitzaion deialdi bat ikusi zuen. Izena emateko epea laster amiatzekoa zen, baina frogak udaran egitekoak direnez gaxoak pentsatu zuen agian baldintzapean izena ematen utziko ziotela, bizkitartean ditxososko titulua eskuratzeko moduan dago-eta. Bai zera!
Telefonoz hasiera batetik erdaraz erantzun zioten. Inuxenteak uste zuen Sail batean euskaraz egingo badute, huraxe izango dela Hezkuntza Saila, baina oker zegoen, guztiz oker. "Ah sí, espera, que te paso con un compañero que sabe euskera...".
Hamaika itxoinaldi ondoren noizbait zegokion funtzionaroarekin hitz egitea lortu zuen: adin bateko andre erdaldun bat, hain zuzen. Hark argi eta garbi utzi zion eskatzen zuela guztiz ezinezkoa zela. Eta are gehiago dena: "Además, ya sabes que para ser profesora aquí sin el EGA no tienes nada que hacer, eh?".
Ikasle horrek galdetu zidan zertarako bailo duen euskaldun izateak, ikasketa guztiak euskaraz egin izanak, gero funtzionario petral eta "belarrimotz" baten ahotik halakoak entzun behar badira.
Berak oso argi dauka: "Pentsatzen hasita nago euskalduntze plan madarikatuak euskararen etsaiek diseinatu dituztela, espilikaziño bakarra da...".
Ez daude Erantzunak mezu honetan...