Egunotan Bill VanPatten-en liburuaren euskarazko bertsioa irakurtzen ibili naiz (INPUTetik OUTPUTera. Bigarren hinkuntzaren eskurapena: Irakasleeantzako gidaliburua, Donostia, HABE, 2007). Izenburua irakurrita, gauza astun eta ulergaitza dela pentsatuko duzue beharbada, baina oso liburu interesgarria da hizkuntzaren irakaskuntzan dihardugunontzat, inondik inora. Liburua edozein irakasleri gomendatzeko nioke (baita ikasleri ere, hizkuntzen irakuskantzari buruzko liburu espezializatuak irakurrita askotan ematen du tontoak direla), baina hemen komentatu nahi dudana bestelako kontua da.
38. orrialdean, egilea hizkuntzaren arau inplizituen eta esplizituen eskurapenaz ari dela honako pasarte bat aurkitu dut:
Gogoan hartu zure hizkuntzan dauzkazun beste arau esplizitu batzuk. Zergatik eman dizkizute arau horiek? Zer esan dizute irakasleek (edo gurasoek) erailera horietaz?
Halaxe "euskaraz gauza bat ikusi gabe batzuk ikusita ikusi duzu ez baina ikusi dituzu esan behar duzu" tankerako esaldiek jendea akatu ahal dute, hortaz. Horren susmoa bageneukan, baina tira, VanPatten gizon jakintsuak badio...
Joaquin Navarro in memoriam
Gaurko imaginarium-ean oso ohikoa da sorginen kontrako jazarraldia Erdi Aroko ustezko garai ilunekin lotzea. Hamaika filmetan ikusi dugunez, mende urrun haietan sorginen bat bizirik erretzea ia eguneroko jarduera omen zen. Egia esateko, sorginkeriari buruzko sinesmena –edo sineskeria- oso aspaldiko kontua da, Antzinateko Grezian edo Erroman zegoeneko sorginkeria-auziak ezagutzen baititugu, baina sorgin-ehiza ohi deritzogun hori askoz gerokoagoa da: Behe Erdi Aroan baino ez zen sortu, eta haren hedadura handiena Ernazimenduaren ustezko garai distiratsuetan gertatu zen, XVI. eta XVII. mendeetan, 1630. urtean inguru puntu gorena jotzen zelarik, hain zuzen ere. Hots, Europako lehen protoestatu nazionalak –Ingalaterra, Frantzia eta Espainia, batez ere- garatzen hasi ari ziren garai berberean.
Sorgin ehiza ez zen aldi eta alde guztietan berdina izan, baina beti ere berdintsua den gutxieneko corpus bat aurkitzen dugu: herri eta erresuma kristauen bakea kolokan jar zezakeen halako konspirazio unibertsal bat, Deabruak berak gidaturik. Kontua ez zen ea Sandia edo Berendia sorginak ziren eta ondorioz begizkoa jo, haur txikiei odola zurrupatu eta haziendak zein uztak gal zitzaketen, halaxe uste baitzuen orduko herri xumeak, baita askoz geroagoak ere Eibarren eskopetak asmatu zituzten arte, behintzat, baizik eta agintarien ustez Sandia eta Berendia edo haien hatzaparretan erortzen zen beste edozein gizagaixo ere konspirazio unibertsal horren partaideak zirela, euren kabuz eta kontzienteki Deabrua zerbitzatzea erabaki baitzuten kristau jendeari ahalik eta kalterik handiena egite aldera. Horregatik, tokian tokiko berezitasunen bat kenduta, sorginkeria-auzien deklarazioak beti berdinak dira, Alpes inguruko Italiako eta Suitzako ibar galdu batzuetan –hor gertatu baitziren lehendabiziko sorgin-ehizak XV. mendearen hastapenetan-, Erronkarin, Lapurdin, Bavieran edo Ingalaterra Berriko Salemen. Ironikoki, sorginkeria-delitu berrian jaso zituzten aldrebeskeria franko ez ziren batere berriak, gauza bertsuak esan ohi baitzituzten erromatarrek kristauei buruz...
XX. mendeko ikerlariren batek zera uste izan du, horren atzean zegoena Neolitikotik omen zetorren nekazari-kultu bat zela, geroagoko agintariek gaizki interpretatu zutena, eta bizirik kiskalitako emakume gaixoak Naturaren Erlijioaren sazerdotesak-edo zirela esaten duenik ere ez da falta izan. Ustezko sabbath edo akelarretan parte hartzen zutenek halako askapen sexual bat bilatzen zutelako ustea ere oso zabaldurik dago, Erdi Aroko sexu-bideak geroago etorri zirenen aldean askoz ere libreagoak eta desinhibituak zirela ahaztuta. Egia oso bestelakoa da, ordea: deklarazioak beti ere berdintsuak dira inkisidoreek eta epaile zibilek sorginkeriaren gaineko dotrina osoa aldez aurretik ikasia baitzuten Malleus Maleficarum eta beste liburu ikaragarri askotan. Sorginkeriaren kontrako predikuak eta sermoiak, baita epaien irakurketa publikoak ere, ikasbide polita ziren herriak zein pentsatu behar zuen ikas zezan. Eta tortura ere, noski, zeren torturarik gabe ez baitago ezer ulertzerik. Aise imajina dezakegu garai haietako Rubalcararen bat: “A, zoragarri, den-dena aitortu dute, xehetasunik ñimiñoenak ere barne!”.
Seguru aski, Europa Modernoaren sorgin-ehiza inoiz ezagutu den montajerik handienetariko bat izan zen. Eta handiena dela esatera ausartzen ez bagara, judutarren konspirazioa hor daukagulako da; iragaitzaz esanik, azken hori ez zen sortu Alemanian, nahiz eta hor zabalkunderik handiena eta ondorio latzenak iritsi, baizik eta Errusian eta Frantzian: Sarkozy jaunak kontuan hartu beharko luke inori arrazismoa leporatu baino lehenago. Sorginen balizko konspirazioaren montajera itzulita, baina, horren erakusgarri gisa gogora dezagun beharbada euskal hitz unibertsalena dugua: akelarre. Joan den mendearen hasieran, landa-turismo asmatzeko zegoen garai batean, hain zuzen, Fermin Irigarai “Larreko” mediku eta euskaltzalea asko harritu omen zen, zeren eta Zugarramurdi inguruan inor ez baitzuen ezagutzen Akelarre izeneko tokirik. Bai ordea Alkelarre zeritzotena, hau da, gaur egun ere artzainek ongitxo estimatzen duten alke-belarra (Dactylis glomerata) ugari zen larre inuxente bat, alegia. Izen zaharra, inondik inora, XVI. mendean zegoeneko halaxe esaten baitzioten Zugarramurdiko herritarrek orain gida turistikoen arabera “Prado del Akelarre” den toki berberari. Dirudienez, akelarrearen izena eta izana asmakizuna baino ez zen izan, asmakizun interesatua, jakina. Asmatzailea nor izan zen ez dakigu, ordea, baina ez litzateke batere zentzugabea Berako Uharte erretore sinistroa edota Urdazubiko komentuaren abadea izan zitekeela, haiexek izan baitziren, besteak bete, Zugarramurdiko sorginkeria-auzia piztu zutenak, Inkisizioaren gurpil ankerra ibilarazi zutenak. Biak ala biak euskaldunak, auzipetuak bezainbeste. Inkisizioa eta garai hartako euskal handi-mandiak aipatu dugunez, ez da lekuz kanpo bien jokabidea gogoratzea.
Sorgin ehizaz jarduterakoan inkisizio eta inkisizio hitzak aipatzea ia derrigorrezkoa da. Alabaina, Europan barrena sorginkeria epaitzearen eginkizuna epaile zibilen esku egon zen maizago, izan ere, orokorrean epaile nahiz agintari zibilek askoz gogorrago jokatu ohi zuten Aro Modernoko Inkisizio “berriek” baino: Espainiako Monarkiarena lehenik, eta haren arrastoan Portugalekoa eta Erromakoa. Salbuespenak salbuespen, sorginkeriak ez zituen XVI eta XVII. mendeetako inkisidoreak arras kezkatzen, bai aitzitik benetan arriskutsutzat jotzen ziren dotrina ukitzen zuten heterodoxiek: bortxazko bataioaren ondoren ere euren sinesbide zaharrari eusten zioten judutar ohi zein judutar leinukoak (haien kontra propio sortu zuten Inkisizioa Errege-erregina katolikoek 1477an) gero gauza bera egiten zuten musulmanak, eta batez ere protestanteak, edota katolizismotik atera gabe ere ortodoxia katoliko zurrunenetik urruntzen ziren pentsamoldeak (erasmismoa, mistizismoa, Elizaren beraren gehiegikerien kontrako kritikak, etb.), askotariko jardunbide moralak ahaztu gabe, hala nola sexuarekin zerikusia zeukan bekatu oro, biraoak...
Ez gara gu Espainiako Inkisizioaren alde aterako garenak izango, noski, baina uste dugu arras ongi letorkigukeela gehiegitan ahazten dugun gauza zierto bat gogora ekartzea: Logroñoko auzi famatuan, zeinetan Zugarramurdiko hainbat herritar epaituak (eta kondenatuak) izan baitziren, epaimahaia osatzen zuten hiru epaileetako batek, Alonso de Salazar y Frias-ek, kontrako botoa eman zuela sorginkeriatan-eta ez baitzuen sinesten. Gero inkisidore horrek Suprema (Inkisizioaren organo gorena) delakoaren baimen eta botere bereziak eskuratuta ikerketa erraldoi bat egin zuen Nafarroaren iparraldean, baita Araba eta Gipuzkoako zenbait tokitan ere, zeinetan sorginen gaineko kontu oro ameskeria, faltsukeria eta eliza-jendeak zabaldutako beldurra baino ez zirela frogatu baitzuen. Inkisizioak ez zuen bere hanka-sartzea publikoki aitortu, zer esanik ez, baina “edicto de silencio” delako bat eman zuen: handik aurrera sorginkeriaz ez zen gehiago mintzatuko. Europako beste hainbat herrialdeetan XVII. mendean zehar sorginak ehizatzen jarraitu zuten, harik eta agintariek kopla-buru berriak aurkitu zituzten arte.
Bada, Salazar y Frias inkisidorearen aburuz Inkisizioak hartutako deliberoa ez zen Euskal Herriko tokian tokiko agintarien gustuko, inondik inora. Inkisizioak sorginei buruz erakutsiriko epelkeriaren aurrean behin eta berriz jakinarazi izan zuten euren desadostasuna eta atsekabea. Izan ere, batzuk goiztiar ibili ziren, zeren eta 1466. urtean Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gaztelako Enrike IV.ari baimena eskatu baitzioten sorginak jazartzeko, Fernando eta Isabelek Inkisizioa sortu baino hamaika urte lehenago, hain justu ere. 1611n inguru Gipuzkoako Batzar Nagusiak, XVII. mendeko gure erakundeak, berriro izan ziren zarata handiena atera zutenak Inkisizioaren deliberoaren aurka. Eta ezaguna da Hondarribin gertatutakoa ere: hiriko agintariek hainbat emakume gaixo auzipetu zituzten. “Dijeron que a su noticia era venido de como (...) había alguna personas, en particular forasteras del reino de Francia residentes en esta dicha villa y en su jurisdicción, brujas maestras que embrujaban muchas criaturas....”. Frantziatik etorritako kanpotarrak euskaldunak ziren, bide batez esanda. Hondarribiko jauntxoek Inkisizioarekiko erronkari eutsi zioten harik eta eskumikuaren mehatxupean amore eman zuten arte. Eta orduan ere lehengo lepotik burua, auzipetuak aske utzi gabe txalupa batean sartu eta Txungudiren beste aldean abandonatu baitzituzten: “Frantzia” heretikoan, hain zuzen ere. Gipuzkoako agintarien odol-goseak adierazle bikaina aurkitu zuen, ordea, Lope Martinez Isastiko apaiz lezoarrarengan. Urte batzuk geroago Gipuzkoaren loriak kantatuko zituenak idazki bat plazaratu zuen Inkisizioaren koldarkeria salatzeko. Gipuzkoa, zioen, sorginez bete-beteta zegoen, Infernuko kutsadurak zikinduta. Errudun gehienak atzerritarrak (hots, nafarrak eta “frantsesak”, hau da, Iparraldekoak) baziren ere, sorginkeriaren saltsetan sartua omen zebiltzan gipuzkoar kapare eta odol-garbiak ere ez ziren falta, noski. Eta guzti-guztiek Inkisizioak uko egiten zion zigorra merezi zuten: “Desea la gente común y temerosa de Dios que se haga visita [Inkisizioarena] en Guipúzcoa, y claman por los señores inquisidores, que vayan allá porque sean castigadas las apóstatas que tanto mal hacen, y se limpie aquella tierra, que la sospecha es de los estrangeros franceses y navarros...”. Esan behar da, hori bai, Bidasoaz haraindian afera ez zela arras desberdina: Pierre de Lancre epaile literaturazale eta sadikoaz askotan akordatzen bagara, Frantziako Enrike IV.ak Urtubiako jaunaren eskariz, besteak beste, bidali zuela ahaztu ohi dugu: Lapurdiko agintariek ere euren kuota nahi zuten, odolez eta giza-haragi erreaz ordaintzekoa.
McCarthy-ren garaitik orain artekoan eguneroko hizketaren esamoldea bihurtu zaigu “sorgin-ehiza”. Arthur Miller Salemgo auziaz baliatu zen (ustezko) komunisten kontrako jazarraldia salatzen zuen antzerki famatu bat oholtzara eramateko. Eta azken urteotan askotxok konparatu dizkigu sorginkeriaren gaineko delitu-corpusa eta haren ordezkari modernoa, terrorismoarena. Gogora ditzagun Estatu Batuetatik etorritako film horiek, zeinen protagonista gaiztoa askotan Terrorista bat baita: ez zaigu esaten zer errebindikatzen duen, ezta ezer errebindikatzen duen ere, gaizkia zabaltzeko gertu dagoen izaki (gizaki izena ere ez baitu merezi, nonbait) ezin gaizkiagoa da, eta listo. Bi delitu-corpusen arteko antzekotasunak begi-bistakoak dira, hain begi-bistakoak ze ez baitu merezi berriro errepikatzea. Eta oso urrutira joan gabe, orain duela urte batzuk Gustavo Buenok etakidea ez-pertsona bat dela gogorarazi zigun. Aipatu ez zituenez, torturatzaileak –Galindoren mutikoak, kasu- bai, pertsonak direla ondorioztatu behar dugu. Oso gauza antzekoa bota zuen De Lancre-k, sorgin-euskaldun haiek altzari zaharrak bezalakoak direla esanez: erre egiten dira, ez baitu merezi haien inbentarioa egitea ere.
Bi aro historiko desberdin erkatzea beti ere arriskutsua izan daiteke, eta agian arriskurik handiena axalekeriatan ibiltzea da, baina XVII. mendeko hastapenetan Euskal Herrian gertatu zena eta oraingoa alderatuta berehala bi gauza nabarmenduko ditugu: Espainiako judikaturan nekez aurkituko dugula Salazar y Friasen ezpalekorik, eta gainera beldur gara Martinez Isastiren ildokoak askotxo ez ote diren gure artean. Pintada bat edota AHTren aurka manifestazio bat egitea terrorismotzat jotzen ari diren garai honetan zaila bestelakorik esan, zoritxarrez.