Edukira joan | Menura joan | Bilaketara joan

jurtzixabi blog

Gogoko tokian aldaparik ez

Artxiboak: Urtarrila 2008

Pa' que pienses en Agudo

Eguneroko zurrunbiloan galduta edo, oharkabean edo desagertu da "Costa Vasca", gaueko tren zaharra. Agian gai horrek aipamen luzeagorik mereziko luke, baina gaurkoz haren ordezkoa izango Alvia trenera, edo hobeto esan, Alviaren iragarkira.

Egunotan Renfe-k plama osoko iragarki bat ipinarazi du BERRIAn. Madrilgo Administrazio batek euskara bultzatzen ikustea beti harrigarria bada ere (dena den, euskaratu gabe hortxe utzi dute iragarkiaren beraren arduraduna: "Gobierno de España / Ministerio de Fomento", garbi izan dezagun nork agintzen duen eta zein hizkuntzatan) harridura zerbait ozpintzen da beheko testutxoa irakurrita:

"JADA EZ DA GARRANTZITSUA BI PUNTUREN ARTEKO DISTANTZIA, DISTANTZIA HORI EGITEKO BEHAR DUZUN DENBORA BAIZIK".

Distantziak, egiten al dira euskaraz? (Gaztelaniaz ere, ez daukat oso garbi si se hacen o se recorren).

Baina jarraitu dezagun:

 "Donostia eta Madril artean orain 5 ordu eta 19 minutuko bidaia baino ez dago. Alvia tren berriekin. Eta egunean 2 irteeraraino. Eta guztiek goza ditzagun pentsatutako prezioekin. Zure bidaiaren zergatia bat edo beste izanik ere, Abiadura Handian pentsa dezazun".

 Ufffff.... Jatorrizko iragarkia ez dut ikusi, baina egingo nuke honelakoxea dela:

"Ahora entre San Sebastián (Donosti?) y Madrid hay un viaje de sólo 5 horas y 19 minutos. Con los nuevos trenes Alvia. Y hasta dos salidas diarías. Y con precios pensados para que todos podamos disfrutarlos. Sea este o aquel el por qué de tu viaje, para que pienses en Alta Velocidad".

Beno, euskal itzulpenarekin pendant ederra egiteko hona hemen gure proposamen apala:

"Ahora de Donosti a madrid un viaje de dos hora y diesinuebe miñutos tendrás. Así son las nuevas trenes Alvia y. Y dos que sales al día. Y los presios bonitos ya tendremos. Que sea lo que tu vayas a Madrid, pa' que pienses en Agudo".

 

Hillary-ren heriotza dela-eta

Sir Edmund Hillary zendu izanak oihartzun zabala sortu du bazterrotan, noski. Hala ere, oso adierazgarria iruditzen zait BERRIAn Montxok plazaratutako marrazkia:

 

Bai, azken urteotan Hillary oso kezkatuta ageri zen, eta gupida gabe salatu zuen Himalaiako masifikazioa. Dena den, hein handi batean, eta hau kontraesan tristea da, bera izan da horren masifikazioaren erantzuleetako bat. Nahiz eta publikoki esan ez, dirudienez halaxe sentzitzen zen. Argi eta argi esan du Yangkila Sherpak, Nepaleko Turismo Ministro ohiak: "Nepal turismoari zabaldu zion". Eta laudorio gisa esan du, gainera. Gero ñabardurak ere eman ditu, noski, eta "jasangarritasunarekiko" kezka handia" zuela bota du. Hori da, nere ustez, Hillary-ren ideiak manipulatzea. Berak ozenki salatu zituen gaur egun Himalaian gertatzen diren endemasiak.

Hitz gakoa: jasangarritasuna edo sostenibilitatea. Haren izenean Espelunchieta-ko bazter eder zoragarria suntsituko dizute Formigaleko eski-pistak handitzeko, edo joko-hiri haluzinantea paratuko dizute Los Monegros-eko basamortuan, Aquapark eta guzti, Penintsulako lurralde lehorrenean. Eta gurera ekarrita, hor daukagu Pasaiako Superportua...

Erantzulea bazen ere, berak ez zuen inolako errurik, inondik ere. Saihestezina da: norbait toki ezezagun eder batera ailegatuta, haren atzetik datoz txerri-samaldak. Hillary Antarktikan ere ibilia zen. Bada, atzo bertan albiste harrigarria entzun genuen, hara lehen hegazkin komertziala iritsi da. Horrela zientifikoek azkarrago joatea edukiko omen dute, baina turistak ez ziren falta. Auskalo noiz ipiniko duten lehedabiziko hotela.

Argilunak argilun, natura eta orohar bizi gareneko mundua maite dugunok beti ere eredu izango dugu Sir Edmund Hillary. Ahaztezina izan zen haren noblezia: ea nor ailegatu zen aurrena Everesteko tontorrera , bera ala Tensing Norgay, galdetzen zioten bakoitzean beti erantzun berbera ematen zuen: "Biok batera iritsi ginen".

Edmund Hillary hil da

Egun zital hauetan ustekabeko berri bat: Edmund Hillary hil da 88 urte zituela. Ia-ia pertsonaia mitikoa da, izan ere errege edo tirano izan gabe gutxik ikusi dutena ikustera iritsi zen: haren aurpegia Zelanda Berriko billete batean azaltzen zen.

Berak eta Tensig Norgaik burututako Everesteko lehen eskalada betiko geratuko da gizakien hazainen artean.

 

Ondo bili bestaldean! "As you wish!"

Storia della colonna infame, edo torturarena

Torturaren kiratsa inoiz baino sarkorragoa delarik gure artean (askotan ematen du infernutik ateratako sorgin-gurpil batetik bira eta bira baino ez dugula egiten euskaldunok), ohiko salaketa antzuak egin gabe ausaz pausu pare bat atzerantz egitea komenigarriagoa izango zaigu.

Garai batean, gure Europa ilustratu eta kultoan, tortura eginkizun guztiz zilegi eta bidezkoa zen. Eta badirudi orain ere askok eta askok halaxe onartzen dutela. Zoazte EL País-en gaurko edizio ditigitalera eta Portu Juanenaren torturen berri ematen duen albistean azpian dauden irakurleen oharrak irakur itzazue. Espainia guztiz demokratikoan herritar zintzorik ez da falta, nozki, baina GUREEN bortizkeria onartzen dutenak, BESTEENA gogor gaitzesten dutelarik, horiek ere askotxo dira.

Haiei irakurketa bat proposatuko diet: Alessandro Manzoni-ren Storia della colonna infame. Italierazko testua eta haren gaineko beste xehetasun batzuk hemen aurki ditzakete/ditzakezue. Gaztelaniaz eta frantsesez ere argitaraturik dago, noski.

 Nik orain duela usrte dezente irakurri nuen, italiera irakasleak klaserako irakurketa gisa agindu baitzigun unibertsitatean, eta zirrara ezin handiagoa eragin zidan. Legeak babestutako astakeriaren deskripzio ankerra.  Ez ahaztu, bide batez, Manzoni Cesare de Beccaria-ren iloba zela.

ANNUS OVIDIANUS

Urteurrenen zibilizazioan bizi omen gara, eta hasia den urterako iragarrita dauzkagu, besteak beste, Jurgi Oteizaren askotariko omenaldiak. Ikuskizun dago, hori bai, Municheko Ituna ospatuko ote duten, Ebroko Bataila odoltsua ahantzi bagerik, noski.

Beharbada beste urteurren bat ia-ia oharkabean pasako da: Ovidio (edo Ovidius, ez naiz gogoratzen zein aldaera hobesten duen Euskaltzaindiak) poeta erromatarraren deserriratzearen 2. mileurrena.

Kontua ezaguna da: K.o. 8. urtean Augusto (ala Augustus?) enperadoreak Inperioko txoko ilun batera bidali zuen erbesteraturik, Tomis muga-hirira, hain zuzen. gaur egun, Antzinateko Tomisen gainean Constanza hiria dago, Errumanian, Danubioko bokaletik gertu. Hor hil zen 17. urtean, ez Augustoren ez Tiberio haren oinordekoaren barkamena lortu gabe.

Asko eta asko idatzi da erbestaratzearen zioei buruz: Ovidiok berak dioenez, carmen et error, olerki bat eta hutsegite bat, izan ziren. Olerkia Ars Amatoria zela ez du gaur egun inorok ezbaian ipintzen, baina hura aitzakia izanik (K.o. 2. urtean argitaratu omen zuen, inongo arazorik gabe, nonbait), eztabaida eta hipotesi franko suertatu dira error taxutzeko orduan. Dena den, badirudi Ovidio hala edo hola familia inperialaren inguruko kopspirazioren batan sartu zela. Azpimarratu behar da Ovidiorena ez zela exilium bat izan, hots, deserriratze fisikoaz gain ondasunen bahiketa eta eskubide zibilen galera zekartzan zigorra, baizik eta relegatio zelakoa: deserriratze hutsa, ondasunak eta hiritar eskubideak galdu gabe.

Hala ere, Erroma gabe bizi ezin zen Ovidiorentzat zigorra ezin gogorrragoa izan zen: Tomis hiri erdi barbaroa omen zen, Geta eta Esziten mehatxupean, ez zeukan norekin latinez hitz egin... Baina haren jario poetiko agortezina ez zen eten: hor bi olerki liburu idatzi zituen, Tristia (Tristeziak) eta Ponthica (Pontokoarenak, edo Itsaso Beltzekoarenak, ez ahaztu Tomis/Constanza Itsaso Beltzaren ertzean dagoela). Interesgarriena aurrena da, bigarrenean hein handi batean zegoeneko esandakoa errepikatzen baitu.

Marie darrieussecqen web-gunean (hemen klikatu) irakurri dudanez, Tristezien itzulpen bat prestatzen ari da, zeina aurtengo abenduan argitaratuko omen baitute. Dena den, interesgarriena haren hitzeko hona ekartzea delakoan nago:

"Pour Marie Darrieussecq, il s'agit d' "Un écrivain mondain qui se retrouve du jour au lendemain chez les Barbares, au bout du monde connu (l'actuel delta du Danube), il y a exactement 2000 ans. Un rapport à la fois féroce et servile au politique, et une grande de liberté dans la tête. Belles lettres d'amour à sa femme, belles lettres d'amitié aussi. Et tout ça jusque là était traduit façon 'latiniste', avec des phrases pas possibles en français, alors que c'est de la très belle poésie, fluide, limpide."

 Euskaraz, eta nik dakidala, ez dago Tristezien itzulpenik, jakina.

...ETA MAMU GALEGOAK EUSKAL HERRIAN

Hurrengo pasadizoa Nafarroan, Bidasoa aldeko herri batean kontatu zidaten. Protagonista herriko xelebreetako bat zen, Juanito el Rebelde esaten zioten agure pertxenta. Gaitzizena aspaldi batean herriko abadeak paratu omen zion: izan ere, Gerra Zibilaren garaian, Juanito mutil koskorra baino ez zelarik, herriko abade jauna jipoitu omen zuen, plazan, denen aurrean... baina Juanitori buruzkoak e4ta Juanitoren beraren esanak beste baterako...

Kontua da herritik gertu, mendiaren magalean, orain esistitzen ez duen gaztainadi eder-eder bat zegoela... Urtero-urtero Galizia aldeko jornaleruak joaten omen ziren gaztainatara, eta egun batez, egurdi minean edo, haietako bat gaztainondoaltu eta mardul batetik erori eta hil egin zela. halako istripuak maiz gertatzen omen ziren.

Udakena pasa, udaberria etorri eta pasa ere, hurrengo udan zurrumurru bat zabaldu zen herrian. Eguerdiz, galegoa hil zen aldirietan, arnas baten hotsa entzuten omen zen. Eta beldurrak airean, jende askok utzi zion handik igarotzeari... Eta amaika meza atera ziren hildako gizarajoaren alde, noski.

Handik Mendaur aldera doan bidea pasa da, horregatik jende asko zebilen egunero. Eta galegoa hil zen tokia osin sakon eta ospel bat zen, eta da, mamuak, sorginak edo dena delakoak azal daitezen ezin aprposagoa berau. Oraindik ere gaztainondo bakan batzuk badaude, garai bateko aberastasunaren oroigarri.

Herriko kristau basatia izanda, Joanitok behin zer bota zuen tabernan, berak ez zuela sinesten halako istorioetan, eta ziola batere beldurrik ematen. Harik eta egun batez malaparteko tokitik pasa eta berak ere arnasa entzun zuen arte.

Gizon bipila izango zen gure Juanito, zeren eta arras beldurtu gabe arnasa nondik zetorren ikertzea erabaki baitzuen. Berahala konturatu zen hotsa toki batzuetan besteetan baino ozenkiago aditzen zela. Han eta hona ibiliz sasi batzuetaraino iritsi zen. Hor arnas hotsa inon baino bortitzagoa zen. Makilaren laguntzaz sasietara erdizka sartu zen eta horra non mamu madarikatuarekin egin zuen topo.

Sasi horiek beheko partean bide aldera zeuden, eta goian zegoen soro bat zedarritzen zuten. Eguerdi minean, eguzki galdatan, haien itzalpearen abaroan etzatzen zen astotzar bat... sakon egiten zuen arnas.

MAMUAK GALIZIAN...

Ezaguna da galegoek hildakoekiko daukaten aiurri berezia. Izan ere, mamu hitza bera ez dakit oso egokia ote den... Askotan ematen du Galiziako herri-sinesmenaren arabera hila egotea bizitzaren beste aldi bat baino ez dela, ezkonduta egotea edo soldaduskan egotea bezalaxe.

Horren erakusgarri, hona hemen lagun batek aspaldi ez dela kontatu zidana. Bera ere galiziarra da, eta medikua. Pasadizioa ez zitzaion berari gertatu noski, baizik eta eta lagun bati...

Ourense aldeko herriska batean andre zahar bat medikuagana joan zen:

-Egun on, andrea, zer daukagu?

-Baita zeuri ere. Bada, arazotxo bat daukat: azkenaldi honetan gaizki egiten dut lo...

-Urduri zabiltza, ala?

-Ez, ez, zera gertatzen da, gauero oheratutakoan Pepe neurea topatzen dudala ohean, hor, lasai asko...

Andrea alarguna zen, eta izango ziren hogei urte edo Pepe hil zitzaiola.

-A... Sentitzen dut, baina nik ezin dezaket ezer egin. Beharbada abadeagana jo behar zenuke...

-Hori ez da arazoa.

-Orduan?

-Koño, zurrunga egiten duela! Eta ja ez dakit zer egin isildu dadin.

NAZIONALISMO ESPAINOLAZ

Esan liteke gaur egun txikitxoen nazionalismoari buruzko liburuek azpi-genero literario bat osatzen dutela. Gureari mugatuz, denok badakigu zer-nolako arrakasta izan duten kiribil melankoniatsuek, Nemesi sagaratuek, arbolek eta intxaurrek, eta abar eta abar...

Liburuok ez dira guztiak maila berekoak, noski, eta halako multzoan tesi eztabaidarri baina aldi berean errespetagarririk badago ere, panfleto zital hutsak ere ugari dira. Hala ere, guztiek badute zerbait amankomunean: euskal nazionalismoaren aurka idatzita daude.

Gellner eta beste autore askoren arrastoan, helburua ia beti berbera da: euskal nazionalismoa intrintsekoki arbuiagarria, antidemokratikoa eta totalitarioa dela erakustea. Aldi berean, egile berberek normalean zera ukatzen dute, nazionalismo espainolik dagoenik ere. Dagoena oso bestelakoa omen da: abertzaletasun ("patriotismo") zeharo osasuntsua, konstituzionala.

Bada, guztiz alderantziakoa erakusten digu irakurri berri dudan liburuak: Nacionalismo español: Esencias, Memoria, e Instituciones, (Madril Libros de la Caratata, 2007). Carlos Taibo-ren zuzendaritzapean -bera ere lehen atalaren egilea da: "Sobre el nacionalismo español"), hamahiru egilek beste hainbeste kapitulo eskaintzen dizkigute nazionalismo espainiarraren alde askotarikoen argi-ilunak argitzeko asmoz: politika, "patriotismo constitucional" delakoa, historia eta historiaren irakaskuntza, oroimen historiakoaren sinboloak, hizkuntza, kirola, etab. Atal guztiek ez daukate kalitate berbera, baina orokorrean oso liburu interesgarri eta pizgarria osatzen dute.

Nabarmentzekoa da, halaber, egileen jatorria: "periferikoak" falta ez badira ere (katalandarrak eta galegoak, euskaldunik ez baitago), asko eta asko "mesetarioak" dira, hitzaurrean Carlos Taibok berak ohartarazten duenez.

Nire irudikoz, liburuak baditu bi alde positibo nabarmen. Batetik, errespetuz idatzita dagoela, helburua erakustea eta ulertaraztea baita, ez inor iraintzea, eta bestetik ikergai nagusia bere burua nazionalistatzat jotzen ez duen nazionalismo espainol eta printzipioz demokratikoa ikertzea dela. "Nazionalismo espainol basatia" (frankismoarena eta, oro har, gaur egun PPk eta haren bozero akademiko eta mediatikoek ordezkatzen dutena) etengabe aipatzen da (zaila bestela izan), baina bistan da egileek errazkeriatan erortzea saihestu izan nahi dutela (baita askotan lortu ere).

Asko gustatu zaizkidan hiru atal komentatuko ditut. lehena, Oviedoko Unibertsitatean Zuzenbide-Filosofiaren katedraduna den Xacobe Bastidaren "La senda constitucional. La Nación Española y la Constitución". Hor, 1978 Konstituzioaren atzean dagoen lurralde-nazionalismoa aztertzeaz gain, Habermasen "abertzaletasun konstituzional"aren kontzeptuari behako luzea eskaintzen dio, nazionalismo espainolak filosofo alemaniarraren dotrina nola erabili eta manipulatu duen argiro azalduz.

Era berean, faszinagarria gertatu zait Gaztela-Mantxako Unibertsitatean Historia irakaslea den Sisinio Pérezen "La nación contra sí misma: Nacionalismos españoles durante la Guerra Civil (1936-39)", zeren eta erakusten baitigu nola Gerra Zibilean bi aldeek askotan sinbolo nazional berberak erabili zituzten.

Eta bukatzeko, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Hizkuntzalaritza katedraduna den Juan Carlos Moreno Cabreraren "El nacionalismo lingüístico español", non erakusten baitu nola betiko ideiak zahato berrietan sartzen dituzten. Gogoangarria da hor egiten duen "diasistema" kontzeptuaren analisia.

Azpimarratu behar da liburua Madrilgo argitaletxe txiki batek plazaratu duela. Hitzaurrean Carlos Taibok kaleratzeko izan dituzten oztopoak aipatzen ditu, batez ere argitaletxe nagusien errefus bortitza. Hedabide nagusien isiltasuna gorabehera, oso denbora gutxian bi argitalpen izan ditu dagoeneko: lehena aurtengo urrian, eta bigarrena -esku artean daukadana- azaroan.

This site works better with web standards! Original skin design courtesy of Tristan NITOT.