Elkar disketxeak euskal musikagintzarentzako udazken mingots honetan nobedade dexente ekarri dizkigu Durangokoa dagoeneko begien alkantzuan daukagula; batzuk Durangerriko hiriburura joan gabe geratuko bagara ere, parada hobea nobedade horietako politenenetako bat patxadaz iruzkintzeko.
Halatan, Pier Paul Berzaitz euskal musikan oso ohikoa ez den lan batekin: Arnaud Oihenart zuberotarraren olerkiak musikatuak: Arnaud d'Oihénart (1592-1667), Poèmes de jeunesse (Elkar, 2008).
Erdal izenburua gorabehera (Oihenarten liburutik beretik omen dator: Lazarragak ere erdarazko izenburuak jarri zizkion bere euskarazko olerkiei) diskoaren barrenak ezin euskaldunagoak dira. Izan ere, idazle eta historiagile zuberotarraren nondik norakoen berri ematen duen sarrera euskaraz dago, frantsesez nahiz gaztelaniazko laburpen banak lagundurik; olerkien hitzak ere euskaraz daude, ortografia gaurkoturik ulermena errazte aldera, baina ez dira itzuli: erdaldunak frantsesez edo gaztelaniazko laburpentxoarekin konformatu behar. Bide batez esanda: guk bide horri askoz egokiago deritzogu % 50eko ezein elebitasuni baino.
XVII. mendeko olerkari bat musikatzerakoan interpretazio historizista bide erraza izango zen, agian, eta Berzaitzek halakorik saihestu du, hain juxtu ere, interpretazio pertsonalago baten alde egin baitu, baita bete-betean asmatu ere, guk uste. Hainbatetan doinu herrikoiez baliatu da, baina folklorismoari beti ere itzuri eginez. Guztira 16 kanta bildu ditu, nahiz eta azkena -Ezkontidearen hil-kexua ospetsua- errezitatu egiten duen, Joël Merah-en musikaren laguntzaz.
Musika-heziketa eskasa daukagunok intuizioarekin fida behar, nonbait, horregatik ederrenak iruditu zaizkigun kantak nabarmenduko ditugu. Maitenaren gal-kexua lazgarria oso gauza ederra iruditu zaigu; hala ere, maitasunean dena sumina ez da izango, eta Xuria daritzanari delakoak pendant ederra egiten dio. Hala eta guztiz ere, gehien hunkitu gaituena -disko bikain honek baitu hunkidurarik- Joanaren betheginzarrea izan da: mauletarraren hitzak aspaldiko garai batetik heltzen zaizkigu, fonografo zahar batetik atereak balira bezala.
Ikuskizun dago, dena dela, ea muskildiarrak egingo dion Oihernarti Valverdek Lauaxetari egin zion mesede berbera, erudizioaren ifernutik libratzea, alegia. Bide batez esanda, bi olerkariek gauza askotan antz handia daukate.
Lazarraga azaldu arte euskal literaturaren lehen idazle laikoa omen zen Oineharti denetarik egotzi zaio, izan ere. Haren perfekzio edo betegintzarre formala aitortu bazaio ere, zailtasuna eta, batez ere, sentimendu-falta nabarmendu izan dira.
Bigarrenari buruz, halako kritikei sasi-erromantizismoaren txatxukeria dariela esan behar da: dirudienez, oraindik ere askotxok uste du amodio-poesia ona ontzeko maitemindurik egon behar dela. Berzaitzek, ordea, hitz zahar horietan zetzan poesia ederki atera die.
Lehenaz den bezainbatean, nabarmen egiten da Berzaitz bere herrikidearen hitzen musikaltasun apartaz ohartu dela. halatan, diskoa entzutean Mitxelenaren hitzak berretsi egiten dira, errenteriarra hemen sartu ez den olerki bati buruz ari bada ere 8Zalgiz euskal poetaren omenezko hamalaukoa):
"Hamalauko hau lehenbiziko aldiz ikusi nuenean, miraz gelditu nintzen, txundituta, ezertaz ere jabetu gabe, ahuntz-erdara harrigarriren batean ote zegoelako beldurrez. Norbaiti horixe gertatu bide zaio entzutean. Hala balitz, eske bat egingo nioke holako horri: behin eta berriro irakurtzeko. Aurki ohartuko baitzarete ilun zirudiena kristala bezain argi dela eta ahuntz-erdara zelakoa euskara garbi-garbia."
Gaizki hasi dugu aste berria.
Betiko topikoak bota gabe, agian onena izango da norberari zer eman zion gogoratzea.
A ereduko biktima izanik, orain duela hainbat urte "pro patria" euskaldundu nintzen, baina euskara ikasi ahala jende askori esker euskaltzaletu ere egin nintzen, eta haien artean Mikel Laboak toki garrantzitsua izan zuen.
Nire ustez Laboa kantautorea izan zen hitzaren zentzurik onenean: haren musika hein handi batean hitzari lotuta egon da, hitzak joko hutsa zirenean ere bai, edo hitzek hitz izateari uzten ziotenean... Laboak inor gutxik bezala sentimendua atera zien gure poeten hitzei. Bere egin zituen, eta horri esker euskaldun guztiok ere geureganatu genituen. Askotan jendeak "A, bai, hori Laboaren kanta da...", nahiz eta besrez kanta Zuberoako, Baxenafarroako anonimo bat edo Arestiren zerbait izan.
Izan ere, berari esker, Bedabioko jaunaren edo Bereterretxen patu tristearen berri izan genuen, eta Iturengo arotzaren kontura barre egin genuen. Beste batzuetan, aldiz, gure garaiko poetak ziren Laboak musikatu zituenak: Brecht, Aresti, Artze, Xalbador, Atxaga, Sarri...
Pasternak errusiarrak zioen herriak bere poetak maite ohi dituela, eta bere poetak maite ez dituen herria galduta dagoela. Eta horixe da niri eman zidan opari politena: gure poetak -edo gure hitzak- maitatzera eraman ninduela. Eta beste asko ere bai, nik uste.
Orain duela urte batzuk bera ezagutzeko parada izan nuen. Lankide baten ezkontzako osaba zen, eta lankide horrek, lagun batzuk Baztan aldean ibiltzekoak ginela gaztigatuta, ikusten baldin bagenuen haren partez eskumuinak emateko enkargua eman zigun, aspaldiko partez ez baitzuen ikusi.
Laboa kasualitatez Arizkungo plazan ikusi genuen. Berarengana uzkur hurbildu baginen ere -euskal kulturako "handieneteko" bat zen!- oso gizon maitagarria eta apala zela ikasi genuen laster. Trago batera gonbidatu gintuen eta berak galdetu zigun geure nondik norakoei buruz: ea zer ikasten genuen, zer irakurri... Bazeukan hunkitu ninduen zerbait, halako hauskortasun bat.
Adiorik ez, Mikel, eta orduko hartan hik erran higun bezala, sarri artio!
2006ean Iruña-Veleia hiri zaharrean egindako aurkikuntzak –edo haren filtrazioak- hautsak harrotu zituen: Araba, aitaren zazpigarren alaba, “lehen alaba” bihurtzeko bidean zegoen. Susmo txarrak aurki azaleratu ziren, eta egunotan oraindik su eta gar dirauen eskandalua lehertu da. Ez gara gu ausartuko ostraken egiazkotasuna –beno, zerbait fisiko direnez gero egiazkoak badira: kontua bestelakoa da, ea noizkoak diren- epaitzera, batez ere ez baikara halakorik egiteko gauza. Hala eta guztiz ere, aurkikuntza miresgarria –eta ondokoak- inguratu dituen betiko aurre-iritzien manipulazio galanta salatzekoa delakoan gaude. Eta hor zerikusia handia izan du Araban asko saltzen den egunkari batek, euskara inoiz maiteegi izan ez badu ere azken boladan gerra-edo deklaratu diona.
Ostrakak azaldu zirenean jende askok eta askok bere harridura erakutsi zuen: euskara egiten zela, noiz eta orain duela mila eta zazpiehun (edo seiehun... , berdin dio), non eta Arabako hiri erromatar zaharrean. Geroago, askotxorentzat idazkunen faltsutasuna honezkero gauza jakina (eta desiratua?) delarik, zera gogorarazi digute, Arabako euskaltasuna ez dagoela frogatuta Kristoren ondorengo VIII. mendea baino lehen. Aldi berean, euskararen galera oso gauza goiztiarra izan zela xuxurlatzen digute belarrira. Ondorioa: euskara gauza iragankorra, pisurik gabekoa, udaberriko elurtea bezalakoa izan da Araban, non betidanik hizkuntza zeltikoren bat (edo “indoeuropearra”, besterik gabe), edo latina, edo gaztelania mintzatua izan den.
Berez, idazkunak “egiazkoak” izatera, gauza harrigarri bakarra norbaitek latinaz ez beste hizkuntza batez idatzi izana izango litzateke: izan ere, Mendebaldeko Inperio Erromatarrean latinaz ez beste hizkuntzen idatzizko erabilera poliki-poliki iraungiz joan zen K.a. I. Mendearen eta K.o. II.aren artean: etruskera eta Italiako beste hizkuntza indoeuropearrak, mezzogiornoko eta Siziliako greziera barne, galoa, iberiera, zeltiberiera... Beste hizkuntza asko, berriz, ez ziren inoiz idatziak izan, hala nola gure euskara, orduan gaur baino zabalkunde askoz handiagoa zeukana Pirinioan zehar. Inoiz idatziak ez zirela esatean, ez dagoela berezko testurik ulertu behar da, zeren eta latinezko inskripzio askotan euskararekin erraz asko erlazionatu diren hitzak azaltzen baitira, vasco-aquitánicas direlako inskripzioak, hain zuzen ere. Haietako oso gutxi aurkitu dira Euskal Herri historikoan, nahiz eta bat gutxienez –Selatse izeneko jainkosari eskainia berau- Araban bertan azaldu zen.
Hala eta guztiz ere, hizkuntza haietako askok luzaz iraun zuten: euskara berriro ez aipatzeagatik, esan dezagun, adibidez, jakin badakigula nola K.o. IV. mendearen azkenaldian, Veleia edo Pompaelo edo, zer esanik ez, Oiasso baino askoz hiri erromanizatuagoa zen Barcino hiriko aldirietan nekazariek euren hizkuntza zaharra –seguru aski, laietanoen hizkera iberiar bat- gordetzen zuten, baita hizkuntza hori ez zela guztiz ezezaguna kalean bizi ziren andre nobleen artean. Hori Bartzelonan gertatzen bazen, ordurako itxuraz Erroma bezain erromatarra zen hiri batean, alegia, ez litzateke batere harrigarria antzeko zerbait gertatzea gure Iruñetako batean.
Hortaz, gauza harrigarri bakarra norbaitek seguraski nekazari gehienen hizkuntza eta noble togadun dexenteren hizkera zen hura idatziz erabili izana. Ez ahaztu, bestalde, ailegatu zaizkigun idazkun ia bakarrak (Veleiako aurkikuntzak arte, behintzat) harriz landutako inskripzioak direla, gauza publikoa eta agerikoa zirenak, ezta ia XX. mendera arte Euskal Herri gehienean (salbuespen ia bakarrak Ipar Euskal Herrikoak dira) idazkun publiko gehientsuenak (hilobiak, monumentuen eskaintzak...) erdaraz idatziak izan direla. Eta XX. mendean ere bai, noski.
Veleiako idazkunak gabe, egia da Arabako euskaltasuna frogatzea ia gauza ezinezkoa dela ia IX. edo X. Mendera arte. Baina egia da, baita ere, gauza bertsua gertatzen dela Euskal Herri historiko ia osoari dagokionez. Euskararen beraren lehen aipu esplizitua IX. mendekoa da, eta Nafarroako Iruñari dagokio. Ondoren, X. mendetik aurrera batez ere, latin makarronikoz izkiriaturiko agiriek oso material aberatsa (pertsona eta toki izenak) eskaintzen digute: dokumentazio aberatsena hein hain handi batean Arabari zein Errioxa eta Burgosko hainbat eskualderi dagokie, Gipuzkoa eta Bizkaia artean erdi ilunpean ageri zaizkigula. Agiri horien artean famatuena Reja de san Millán delakoa da, 1025 urtekoa, gutxi gorabehera. Ikusten denez, Veleiako idazkunik gabe ere, Arabak lehen alabaren tituluari eutsi diezaioke.
Gaur egun ere askotxok garai batean On Claudio Sánchez Albornoz-ek defendatu zuen teoria absurduaren bertsio leundua defendatzen segitzen dute: probintzia baskongadoak (nahiz eta horrela hirurei bakarrik inor gutxik deitu dien ia XX. mendera arte) vaskonizatuak –hots, euskaldunduak- izen zirela Erromako Inperioa suntsitu eta hurrengo mendeetan, alegia. Aukeran, aurren hori Julio Caro Barojaren hipotesiarekin ere nahasten dute pixka bat: Euskal Herriaren hegoaldeko lurralde eguzkitsuak, Arabako ordoki zabalak eta Nafarroaren erdialdea (hots, erromatarren ager vasconum, gutxi gorabehera) sakonki erromanizatuak izan zirela, iparraldeko lurralde basatiak (Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroaren Mendialdea..., erromatarren saltus vasconum) bere hartan geratzen zirela, euskara, txapela, txalaparta eta guzti, omen. Geroago, Inperioa desagertzean, gure arbasoek “giputxen inperialismoa” avant la lettre asmatu eta saltus delakotik Araba nahiz Nafarroa gehiena (bir)euskaldundu zuten. Azken horrek seguru aski egiaren zati handi bat gordetzen badu ere, azken urteetan ikertzaile frankok azpimarratu egin du gauzak agian ez zirela hain sinpleak izan. Erromaren bizimodu goxoa eramatea eta bertako hizkuntza zaharra gordetzea ez ziren uste bezain bateraezinak –gogoratu Barcinoko kasua- , eta saltus delakoa, antzinako euskaldunen baso ia mitikoa, lehen uste zen baino askoz erromanizatuago zegoen. Hipotesi ekonomikoagoa da, behintzat, Antzinatetik Erdi Arora euskararen halako iraupen bat suposatzea: Ockam-en labana ez da hainbeste kamustu behar, gero!
Kontua Araban euskara ikusezin bihurtzea da, baina. Eta inoiz euskaraz egin zela onartzen bada ere, gauza iragankorra izan zela esango dizute suelto asko, ez dagoela frogaturik oso berandu arte Araban euskararik egin denik, gainera hain ahula zen non “berahala” galdu baitzen, etab. Gaur egun Arabako euskarari buruz dakigunak alderantzizkoa iradokitzen du, ordea: hor aritu dira aspaldiko partez Mitxelena, Apraiz, Endrike Knörr zena eta, berrikiago, Zuazo ere. Azkenak, bide batez, garai batean Araba aldeko euskarak euskalkien mapa egituratzerakoan izan ahal zukeen garrantzia azpimarratu du, argudio linguistiko sendoak erabilita: litekeena da euskarari dagokionez bazter-eremutzat jo izan dena erdigunea izan izana. Aspaldi ez dela, Lazarragaren liburuaren gaineko liburuan Pruden Gartziak ere Arabako euskararen gaineko “isil-ituna” salatu du.
Arabako euskaltasun indartsua, alta, oso deigarria izan zen bertatik pasa ziren bidaiari zaharrentzat. Halatan, Arnold Von Harff zaldun alemaniarrak honelaxe deskribatzen digu Done Jakuetiko itzulera Araban barrena 1499an:
“Item, Galarretatik San Adrianera legoa bat dago (...). Hemen lurralde espainiarra eta haren hizkuntza (Hyspanien lant ind spraich) bukatu eta euskal lurraldea eta hizkuntza (Pascayen lant ind spraich) hasten dira. Hemen gizonezkoen zein andrazkoen janzkera ere bestelakoa da, eta legoak luzeagoak, lehen esan nuen bezala...”.
Mende laurden geroago Andrea Navagero idazle eta diplomatiko veneziarrak honela deskribatzen digu Gasteiz (1528):
“Gasteizen gaztelaniaz hitz egiten da, baina euskara ere ulertzen dute, eta herrixketan gehienak euskaraz mintzatzen dira”.
Pasarte hori ia-ia kontsakratua izan da, askotxoren ustez Gasteizeko erdalduntze goiztiarra frogatu bailezake, hirian euskara ezezaguna ez zela esan arren. Horregatik hain zuzen, Araban euskara arrotza delako, eta zer esanik ez Gasteizen, oso gutxik aintzat hartu dute beste italiar baten testigantza, Giovanni Battista Venturino-rena (1572), hain zuzen, agian Gasteiz euskaldunegi bat erakusten duelako:
“Gasteiz Bizkaiko hiriburuetako bat da [ez ahaztu “Vizcaya” esaten ziotela Euskal herriari gaztelauek]. Azpimarratzekoa da herri xehea euskaraz [“Biscaino o Bascongado, come dicono” dio italiarrak] mintzatzen dela; nobleek, ordea, gaztelania garbiz egiten dute”.
Bai Navagero (goi mailako enbaxadore bat, ez ahaztu), bai Venturino, biak erromantzeaz baliatuko ziren nobleekin hitz egiteko, baina horrek ez du esan nahi nobleek euskaraz ez zekitenik, Lazarragak ederki frogatzen digunez. Orduko hamaika agirik erakusten dutenez, herri xehearen zati handi euskaldun hutsa zen: orduko terminologian, “vascongado”, hau da, ez hainbeste “euskalduna, euskaraz dakiena”, baizik eta “euskaraz baino ez dakiena”. Nobleak eta oro har goi mailako jendea elebiduna izaten ziren gehienetan, eta nobleen artean gizonezkoak batez ere, ze orduko andre noble edo urenek gehiago eutsi ohi zioten euskarari.
Zenbait interes politikoz haraindian, badira Arabaren euskaldungoaren ikusezintasuna areagotu duten bestelako faktoreak, noski. Euskaldunon imaginarioa batez ere azken bi mendeetan hezurmamitu da, eta imaginario horren arabera euskaldun arketipikoa Peru Abarka izan da, hots, isuri atlantiarreko baserritarra, adoratua (Mogelen Peru Abarca berau, Txomin Agirreren Garoa...) bezain iraindua (arlotadak, Txomin del Regato tankerako kantak...) izan dena. Edo, nahi bada, Peruren kostaldeko lehengusua: arrantzalea. Baina azken bi mende hauetan Araba erdi erdaldundua edo erdalduntzeko bidea egon denez, ez da sartu imaginario horretan ergoienetako jendea (“Erri txikiai onela Araban deitzen diete”: Kardaberaz, 1761; ez ahaztu Kardaberazek bazekiela zertaz ari zen, Araban barrena dexente predikatu baitzuen... euskaraz).
Bitartean, oso agerikoak diren arrazoiengatik, ikerketa askori dagokienez Nafarroak lehoiaren zatia harrapatu du: Erresuma zaharrean euskararen galera ia herriz herri eta hamarkadaz hamarkada irudikatu ahal badugu ere, ez da gauza bera gertatzen Araban, han euskara jende askok uste baino beranduago galdu bazen ere: oraindik gogoratzen dut gasteiztar leinuko bilbotar baten harridura (berriro ere) Arabako lautadaren zati handi bat XVIII. mendearen bukaeran artean euskalduna zela esan nionean, edo Trebiñu aldean euskaraz egiten zela Napoleonen gerren garaian: ia iraindua sentitu zen, eta modu kategorikoan zera zidan, XVI edo XVII. menderako, beranduenez, erromantzea jau eta alkate zela Araban barrena. Izan ere, Araban, ordea, euskara ixilka-mixilka joan zitzaigun, inolako Sociedad Eúscara-rik sorrarazi gabe.
Hala ere, eta erromatarren garaia arte joan behar izan gabe, harriren batek ezusteko polita eman diezaguke. Eztabaidatxo hori orain duela hainbat urte Gaubean barrena egindako txango batean izan genuen. Gesaltza-Añana bisitatzen ari ginela lagun hura benetan harrituta geratu zen etxe erdo erori batean leinu arabar zahar baten armarria erakutsi nionean: orla batean leinuaren lelo zaharra artean irakurtzekoa zen nahiz eta erdizka ezabaturik egon: avRera beti bere.
Araban noizbait euskaraz egin zela jakiteak ez luke harridurarik eragin behar, beraz.
Laket zaizkit antigualeko izkribuak
(Hurrutirean boluara dator ura)
gure mintzairako lehen poeten gauzak
(Hurrutirean boluara dator ura)
ez haien esanahia ulertzen dudalako
baizik eta batez ere
zeresana iragan menderen edozein kantoitan
galdu zutelako.
(J. Sarrionandia)
![]()
Egunotan aurtengo Mikel Zarate Sarirako aukeraturiko saioa ibili dut esku artean: Julen Arriolabengoaren Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan. Testu zaharren ediziorako kontribuzioa (Euskaltzaindia-BBK Fundazioa, 2008).
Egia esan, eta lanaren meritua zalantzan jarri gabe, sari honekin saiakeraren mugak aski zabalak direla ulertu behar dugu, zeren Arriolabengoren liburuak historia-filologia ikerketatik saio literariotik baino askoz gehiago baitauka.
Gaur gutxik ezagutuko badute ere, Ibarguen-Cachopin kronika (berez, Crónica General Española y Sumaria de la Casa Vizcaína zuen izena) mito bilakatzera iritsi zen garai bateko euskalaritzaren barruan, batez ere Leloren Kanta edo Kantabriarren Kanta apokrifo ospetsua jaso zuelako, Humboldtengandik aurrera sona handikoa berau.
Izan ere, Cachopin kantabriarrak eta Juan Iñiguez de Ibarguen bizkaitarrak XVI. mendea amaitzera zihoanean idatzitako kronika honek euskararen gaineko nahiz euskarazko aipu dexente biltzen ditu, eta horixe da, hain zuzen, Arriolabengoak plazaratu eta batik bat zabaldu nahi izan duena.
Zabaldu, diot, ze hemen jasotako testuetako batzuk 1996ko artikulu batean argitaratu baitzituen Arriolabengoak berak: "Erdi Aroko kanta ezezagunak Ibarguen-Cachopin kronikan (1570-1620)", ASJU, 30-1 (1996), 71-98 or. Hor azaldu zen lehendabiziko aldiz Arriolabengoak egindako irakurketaren harribitxi preziatuena: Errodrigo Zaratekoaren eresia, hain zuzen.
Eta erudizio-artikulua aipatu dudanez, esan dezadan, bide batez, saio honi aurkitu diodan akats nabarmenena hauxe dela, zabalkuntza-lanaren eta erudizio-lanaren arteko mugak nahiko lausoturik daudela. Euskal filologoek eta oro har erudituek ICKren euskal aipu guztiak bilduta eta sailkatuta edukitzea eskertuko dute, baina aipu horien lagun datozen ohar eta iruzkinek ez dituzte guztiz asetuko. Euskal filologoa izan gabe ere antzinako kontu hauetan interesaturik egon litekeen irakurle arruntak, berriz, ez du erraz ulertuko aipatutako kantua, edo Andramendiko Agiriak, eta pena da, testu zahar horiek baitute interesik, eta ederrik (badakit "batez-besteko irakurle arrunta" entelekia dela, baina tira...). Kantu zaharren gaur egungo euskaraz emandako itzulpen edo parafrasi bat oso laguntza handikoa izango zen irakurleria zabalarentzat.
Bestalde, batzuetan ematen du euskarari dagokionez kritika testualaren arte noblea Mitxelenarekin batera joan zela beste mundura. Ez da gauza bera XVI. mendeko euskal testu bat eta gaztelaniazko beste bat argitaratzea, bi hizkuntzoi buruz daukagun jakite maila eta testuen corpusa arras bestelakoak baitira, baina -eta Mitxelena parafraseatzen dut- transkripzio paleografiko hutsa (errenteriarrak faksimilea zioen: berdin dio) ez da inoiz egongo edizio kritiko on baten ordez. Adibidez, 102. orrialdean hala irakurtzen dugu (Errodrigo Zaratekoaren Eresia da):
E[rrodrigo] Çarateco, selan engana sindean
jaun Juane Abendañocogas gudua arçen sanean.
(Gaurko euskaraz: "Errodrigo Zarateko, zelan engainatu zinen / Jaun juane Abendañokogaz gudua hartzen zenean")
Esaldia traketsa da, inondik inora. Gure ustez, bada hor egin beharreko oso zuzenketa erraza: 87. orrialdean, adibidez, ganboar batek Gomez Gontzalez Butroikoaren alarguntsari emandako erantzunean, [ç]erren çeuren Jauna ezçencan enpara esaldia daukagu (ezçencan ordez ezçençan irakurri beharko genuke, Mitxelenak iradoki bezala). Hala izanik, beste eresian kopistak edo kanta ahotik paperera pasarazi zuenak hitzak gaizki ebaki eta jaun Juane Abendañocogas gudua ar çençanean, aoristo arkaikoarekin (hots, "jaun Juane Abendañokogaz gudua hartu zenuenean"), eman behar zukeen.
Baina, irakurle arruntaren entelekiarenganantz itzulita, seguru aski interesgarrien aurkituko dituen atalak Sarrera, non kronikaren eta haren egileen berri ematen den, eta 1. kapitulua ("Hizkuntzari Buruzko Ideiak") izango dira. Agian laburregiak dira, eta hori nahiko bitxia da liburua atera den bildumaren tankera aintzakotzat harturik, zeren "saio" hitzari hobekien egokitzen zaizkionak baitira.
Egia esan, kronikaren egileek (egile nagusia Cachopin izan zela badirudi ere) euskarari buruzko oso ohar interesgarriak dakarzkigu: euskararen status juridikoa, edo status eza, hobeto esateko, hika moldearen erabilera, bizkaieraren hizkerak eta mugak (Bilboko eta Barakaldoko euskararen berri ematen digute), emakumeen rola ohitura zaharrei eusteko ("e las mugeres guardaban con más cuidado y firmeça esto que los honbres", 83. or.) eta, hau oso deigarria egin zait, euskararen galerari buruzko kezka:
...antes de mucho tiempo no habrá bascuençe, hábito ni costumbre naturales ni propias, salbo agenas y estrañas, si no se acuerdan con tiempo a lo remediar, como a interesados les importa y ba mucho en ello... (32-32 or.)
...y según ba esto tan corruto, en brebes años será Vizcaya los mesmo que es Castilla. (42. or.)
Nik dakidala, euskararen heriotza iragartzen duten lehendabiziko aipuak dira. Ez ahaztu, bestalde, ICK idatzia zen kontestua nahasi samarra zela: XVI. mendeko azken hamarkadetan Gortetik hainbat saio egin ziren euskal lurraldeen, baita batez ere Bizkaia eta Gipuzkoaren eite berezia zalantzan jartzeko. Hori dela-eta, Bizkaiko Batzar Orokorrek Ibarguen eskribauari kronika idazteko agindua eman zioten, gero argitaratu gabe geratu bazen ere. Izpiritu berberari jarraiki, nik uste, urte batzuk geroago, 1609an, Batzar Orokorrek beraiek Francisco Mendietari gaur egun Gernikako Juntetxean dagoen margolan ospetsua egiteko agindu zioten (zoritxarrez, altuegi zintzilikaturik dago ezer ere ondo ikusi ahal izateko), Fernando Katolikoaren zina irudikatzen duena. Hor azaltzen diren emakumeen habito bitxiek nahiz euskarazko azalpenak egiazkotasun bizkaitarraren kutsua ematen diote koadroari. Eta hori aintzakotzat hartu behar da beti ICK, baita garaiko euskararen apologisten lan gehientsuenak ere, kanporako idatzitako lanak direla, gaztelauei euskaldunen berezko kaparetasuna eta antzinatasuna erakustekoak.
Ondoren datozen atalek liburuaren azpitituluari ohore egiten diote, zeren ICK-ko euskal material guztiak komentaturik eta sailkaturik azaltzen baitira (sailkapen kontuengatik, batzuek behin baino gehiagotan azaltzen dira): Leloren Kantua/Kantabriarren Kantua, Eresiak eta Kantuak, Andramendiko Eskriturak, Esaerak, Esaldiak, Hiztegiñoak, Testu barneko euskal hitzak, Pertsona izenak eta goitizenak eta azkenik Etimologiak. Segidan, azken kapituluan, testuotatik ateratzen den euskara analizatzen du Arriolabengoak, "Bizkaiera Zaharreko" beste testuekin lotuz (Garibai eta beste kronisten baitan azaltzen diren eresiak eta esaera zaharrak, 1596ko Refranes y sentencias bilduma, Lazarraga, etab.). Hortaz, eta goian adierazitako akatsak gorabehera, euskara zaharraren corpus aski interesgarria bilduta daukagu.
Corpus honen garrantzi linguistikoaz gain, bi gauza nabarmen azaltzen zaizkigu, biak elkarrekin estuki lotuak: alde batetik, Behe Erdi Aroan zer-nolako garrantzia zeukan euskarak nobleziaren baitan. ICKren arabera, euskara ez zen batere hizkuntza arrotza ahaide nagusien ezpainetan: euren armarria apaintzeko erabili ohi zuten... baita erronka egiteko, euren aldekoak adoretzeko batailetan eta, jakina, aurkakoak iraintzeko. Hil ondoren ere, eresiek beraien oroimena gordeko zuten. Eta hori azpimarratu behar da, oraindik ere gure arteko askotxok uste baitute euskara beti baserritarren hizkera izan dela, edo Bilbon ez dela sekula euskararik egin, eta zer esanik ez Barakaldon. Labur esanda, Euskal Herrian "Erdi Aroaren Udazkena" hein handi batean euskaraz gauzatu zen.
Bestalde, ahaide nagusien ondorengoak, kronika hauek idatzi zituztenak, erdaldunago azaltzen bazaizkigu ere (edo "burgesago", mende t'erdi lehenagoko amama-aitite basatiekin alderatzen baditugu), beren diskurtso politiko-historikoan euskarari toki garrantzitsu bat eman zioten, nahiz eta hein handi batean euskara iraganeko gauza bat balitz bezala erakusten diguten, edo hobeto esateko, iraganekiko lokarri gisa, hemen beti izan garela eta noble izan garela adierazten zuen zerbait, alegia. Eta handik euskararen arkeologizaziorako urrats labur bat baino ez dago.
Bukatzeko, eta barka biezat Arriolabengoa jaunak, esanak esan asko gozatu bainaiz bere lanarekin, baina badaude zenbait akats liburuaren distira zertxobait iluntzen dutenak, nire ustez presari egotzi ahal zaizkionak: testuan aipatzen den iturriren bat gero ez da bibliografian azaltzen, orrien zenbaketa osoa gaizki dago -beraz, aurkibidea ezin da apenas erabili- eta ortografia akatsen bat ere ikusten da hor nonbait. Uste dut Euskaltzaindiaren babespean argitaratzen den liburu bat arreta handixeagoz editatu behar dela.
Bretoi bat sorterrira itzuli da
Suerte dorpea izan du bizitzan
Fabriken aurretik dabil Douarnenez alde horretan
Ez du nehor ezagutzen
Ez du nehork ezagutzen
Arras triste da
Kreperia batean sartu da krepeak jatera
Baina ezin bat ere jan
Zerbaitek ez die pasatzera uzten
Ordaindu eta
Atera da
Zigarrotxo bat piztu du
Baina ezin erre
Zerbait dago
Zerbait dauka buruan
Zerbait gaizto
Geroz eta tristeago da
Tupustean oroitzen hasi da:
Txikitan norbaitek erran ziola:
"Urkamendian duzu bukatuko"
Eta urteetan eta urteetan
Ez da ezertara ere ausartu
Ez karrika gurutzatzera
Ezta itsasoan nabigatzera ere
Ez deus ere egitera
Eta oroitu da
Hura iragarri ziona osaba Grésillard zela
Mundu orori zorigaitza ekarri dion osaba Grésillard hura
Arraio!
Eta bretoia arrebaz oroitu da
Vaugirard aldean da lanean
Eta gerlan hil zen anaiaz
Ikusi dituen gauza orotaz oroitu da
Egin dituen gauza orotaz
Tristeziak gogoa bete dio
Eta berriro ere saiatu da
Zigarrotxo bat pizten
Baina ez du erretzeko gogorik
Orduan osaba Grésillarden baitara joatera deliberatu da
Badoa
Atea ireki du
Osabak ez du ezagutu ere
Baina berak du ezagutu
Eta erran dio:
"Egun on, osaba Grésillard"
Eta ondoren lepoa bihurritu dio
Eta urkamendian du bukatu Quimper alde hartan
Bi dozena krepe jan
eta zigarrotxo bat erre eta gero
(Jacques Prévert)
Ez ote gara hil, bizi garela uste dugun arren,
gu, azken greziarrok, zorigaitzak jo baikintuen
bizitzari amets irizten geniola?
Ala bizirik gaude, eta bizitza bera hilik dago?
Alexandriako Paladas (K.o. V. mendea)
Anthologia Palatina, X, 82
Lasai zaudete: ez naiz saiatuko hungarieraren eta euskararen arteko inolako ahaidegorik dagoenik frogatzen... Gainera, ahaidego hori Larry Trask zenak aspaldian zegoeneko frogatu zuen, hungarieraz fitsik jakin gabe, aspertuta omen zegoen arratsalde batez.
Ahaidegorik ez, baina antzekotasunik bai, ordea. Aspaldi ez dela Sándor Márai idazle hungariarraren ¡Tierra, tierra! (hungarieraz: Föld, Föld!...) liburu ederra irakurtzean idazlea hungarieraz eta oro har hungarierazko kulturaz aritzen den oso pasarte ederrak aurkitu nituen. Eta maiz euskararen egoera gogorarazten zidaten: ez hainbeste hizkuntza bakoitzaren egoera soziolinguistikoa (hungarierak sendo dirau gaur egun ere Hungarian, galdutako bste lurraldeetan kolokan badago, batez ere Errumaniako Trantsilvanian), baizik eta kultura europarraren aurreko jarrerari dagokionez. Baita hizkuntzarebganako atxikimendua, noski, kulturan hizkuntzaren beraren auziak daukan rol garrantzitsua.
Liburua espainieraz Salamandra argitaletxeak atera zuen, 2006an.
Autobiografikoa da, bide batez esanda, eta bere sorterrian emandako azken hiru urteen kontakizuna egiten du: Armada Sobietarra 1944/45ko negu ikaragarrian Hungarian sartu zenetik idazleak 1948ko udan betiko erbesteratza erabaki bitartekoak, hain zuzen. handik aurrera, Máraik hungariera aberri bakar izango zuen, eta horrek gure poeta bat ekartzen dit gogora.
Hona hemen pasarte haietako bat, nik euskarara aldaturik (aipatutako edizioaren 140-142. orrialdeei dagokie):
Nire ustez, idazle europarren artean hungariarrak irakurle arretatsuenak izan dira. Hungarian irakurketa oso eginkizun pisutsua izan da idazleentzat, idazketa bera baino are pisutsuagoa, izan, hungariera ez baitzegoen artean kontzientzia literarioaren geruzetan hain finkaturik, nola dauden alemanera, italiera edota frantsesa. Hizkuntza hauek, aldiz, euren hizkuntza periferikoetatik –germaniarra izan, latindarra izan, eslaviarra izan...- elikatu izan dira. Baina hungariera ez da inon gordea izan: mila urtetan zehar bere hitzak bildu behar izan ditu, ele mailegatuak eskuratuz, nahiz eta maiz arrotzak izan, hizkuntzaren izpirituarekiko zerikusirik gabekoak... Poeta hungariarrak, bere kontzientziaren geruza sakonenetan aitzurka aritzen zelarik, ez zuen askotan aurkitzen gertakizun berri bat deskribatzeko hitz edo esaera egokirik: hizkuntza lokarturik, lozorroan geratu balitz bezala, joan den mendearen txokoren batean.
Idazle hungariarrek premiazko egiteko garrantzitsu bat erabakitzeko daukan pertsona baten irrika, jakin-min eta zekentasunez irakurri ohi zuten, XX. mendean ere bai: mila urteko bakardadeak, isiltasunak eta itoaldiak ekarritako hutsuneen ordaina aurkitu behar zuten; izan ere, hitz gutxi zeuzkaten euren buruari sekretu handia –hungariartasun eta kulturaren gainekoa- kontatzeko... Kulturari dagozkion terminoak beste herri eta hizkuntza garrantzitsuagoentzat borborka ateratzen ziren terminoak ziren, termino garaikideak, nahasten zirenak, elkarlaneko prozesuetan elkarrekin batzen zirenak. Baina hungarierak hitzik gabe zirauen. Shakespearek hogeita hamar mila hitz erabili zituela esan ohi da... Baina zenbat erabili zituzten Balassa, Pázmany edo Zrínyi-k? Horregatik, garai guztietako idazleek (...) kontrabandozko hitzak inportatzen zituzten hain mirrin eta anemikoa zen hungarierarentzat, hitz arrotz bakoitza makillatzen saiatzen zirelarik, oharkabean pasa zedin, edo politagoa egiteko... Hori guztia ez zen nahikoa, ordea. Hungariera, hain ederra, hain bakartia berau, babestu, garbitu eta lantzeaz gain, beste hizkuntza batzuen gaiekin bete ere egin behar zelako (mundu osoan, hungarieraren ahaide bakarra finlandiera da, baina ahaidego hori ezpal fino-ugriarrean adituek beste ez du inork ulertzen). Hungarierari bitamina-dosi eder bat eman behar zitzaion, Europan mila urtez egon izanagatik ere beste hizkuntzetatik jasotzen zuen elikaduraren beharra baitzeukan artean. Idazle txekiar bat idazten ari zela esaeraren bat premia larria zeukala ohartzen baldin bazen, auzo hizkuntzetara jotzen zuen, errusiera, poloniera, edo beste hizkera eslaviar batera, hain zuzen, eta behar zuen gauza oro berehalakoan hor aurkitu ohi zuen. Hungarierak, ordea, norengana jo zezakeen? Bada, idazle hungariarrak izpirituaren metabolismo ahul hura irakurriz elikatzen ahalegindu izan dira.
Hauxe da Eguna egunkarian 1937ko urtarrilaren 1ean argitaratu bertsoa, Utarre izenpean (Urkiaga'tar Estepan?). Transkribatzerakoan t, r eta l tiletdunen tokian -tt-, -rr- eta -ll- ipini dugu bokalen artean bada, baita zenbait inprenta-akats zuzendu ere.
BERMEO'TIK
Biotz andiko kistar-betia
txiroen errukarria,
arrokeririk iñoiz ez dozun
jakintsu adin argia.
Edonun ta Edozeñeri
azalduagaz egia;
gaitz egiñaren bi(l)durrik gabe
dago zure arpegia
euzkotarrari, ¿nok emon dausku
zu lako lendakaria?
Urte askotan ostikopian
beti langille txirua,
gose zittalak amurraturik
bide txarretik darua.
Au da merio askok galdu dau
¡Oi! kistartasun berua;
orreik aberats biotz bakuak
daukela onen errua...
oker guztiak zuzenduteko
eldu-ete da ordua?
Erri ta itxaso, solo ta baso,
aberatsaren eskuan,
eta txiruak makillapian
txakurrak geralakuan
Azalez dira katolikuak
Judas dabille kolkuan;
Erruki gara jausten bagara
barriro orrein eskuan,
Joseba Andoni au zuzentzeko
oraintxe zagoz lekuan.
Agur bero bat Joseba Andoni
damozu neure bijotzak,
entzun ondoren mundua-ziar
zuk esan dozuzan hitzak,
Azaldu dozuz guda zittalen
ate ixilleko giltzak,
baita ze asmo darabillen be
gure aurka aberatsak,
au ikusiaz jakittun gara
zer ein biagun bakotxak.
Agur, urte-zar malkoz betia
ta ainbeste euzko-gudari,
barri obea izan daiguntzat
eskatu gure Jaunari.
Euzkera otoitz eta mintzatu
baitta idatzi ugari:
euzko-janzkija emon dayogun
euzkeldun sortu danari,
gorputzik bako arimia da
euzkera bako Euzkadi.
UTARRE
Bertsoa Jose Antonio Agirre lehendakariari eskainita dago. Lauaxetak kopla mota hori gutxi ibili arren, horko pentsamoldea oso ondo egokitzen zaiola ezin uka.
Joseba Tapiaren Agur Intxorta maite diskoan badira "Laban Daukagun opille" izeneko hurrengo koplak:
Estuntza txarrik ezautu bada
sekula Euskal Errian
oraintxe gagoz estu benetan
itsaso bien erdian,
kanpotik daukuz arerijuak
baita etxe barrenian
geuri burua austeko gertu
usterik gitxienian,
augatik gagoz sarri ixillik
itz eiñ biar geunkenian
Batzuentzako miñ andia da
gure gauzak ikustia
itxura danez gure gauzona
eurentzako da kaltia
noizik beiñ jaurti arrikada bat
ta eskuak gordetia
erakusten dau dabiliena
guzurre eta nastia,
usterik bako egunen baten
agertuko da gustia.
Soiñ asko dagoz lutoz jantziak,
begi askotan negarra,
baña ez aztu Larrazabalgo
aita Sabinen diadarra.
Seme leialok gertuak gagoz
zaintzeko gure Ama Zarra,
alperrik dagoz Alemania,
Portugal eta Italiarra,
geu il ezian ez da galduko
Euskalerriko indarra
Gora euskotar abertzaliak
gudari ta eusko langille
iñor ez dua geu ez bagara
gutzat gauzonaren bille.
Begiak argi, adiña garbi
mingaiña ixil-ixille,
garaian gagoz erakusteko
zein dan eiztari abille:
zutik guztiok iñork jan barik
laban daukagun opille.
Diskoan bertan esaten denez, 1937ko otsailean argitaratuak izan ziren. Egilearen izenari dagokionez, akrostiko baten bidez sinatu zuen: UTARRE. Diskako luruxkan ondi dioenez, U'tar. E. bat daukagu. Nor ote? Berehala izen bat datorkigu burura: Urkiaga'tar Estepan, hain zuzen. Gainera, argi dago koplen egilea jeltzalea zela (...baña ez aztu Larrazabalgo / aita Sabinen diadarra). Ez zaigu non atera zen esaten, baina Euzkadi-n edo argitaratu zutelakoan nago.
Armiarman, Euskal prentsaren Lanak atalean arakatuta, Utarre delako baten 18 sarrera aurkitu ditugu. Haietako 16 Donostiako El día egunkarian beste hainbeste artikulu argitaratu zituen kazetari bati dagozkio. Gipuzkeraz daude, eta Oiartzun inguruko kronikak dira. Izengoiti horren atzean ezkutatzen zena nor ere zelarik ere, hura ere jeltzalea zen eta Lauaxetak berak ongitxo ezagutzen zuen, zeren bere prentsa-lanetan behin baino gehiagotan aipatzen baitu, laudorioz aipatu ere.
Gero beste bi sarrera dauzkagu: bi bertso, hain zuzen ere, eta biak Eguna egunkarian plazaratuak. Bata 1937ko urtarrilaren 14an atera zen, eta Bermeo-tik izena du; besta, aldiz, hilaren 28koa da eta Neure adizkide "Basarri-ri" izenekoa dugu. Hemen irakur ditzakezue. Biak ala biak bizkaieraz daude, eta Laban daukagun opille tankerakoak.
Agian, koplok Lauaxetari egozteko zailtasun nagusia zein den, berak Utarre izengotia besterena zela bazekiela. Estiloa ere Lauaxetaren beste lanetatik urrun samar dago, baina kontuan hartu behar da propagandazkoak direla, Euzkadik bizi zuen egoera gorriari aurre egiteko asmatuak.
Dena dela, auzia hor dago irekita...