Euskal hedabieetan usnaka ibili ondoren, halako ezinegon bat sumatu dut Baltasar Garzon epaileren auziperatzea dela-eta. Egingo nuke ezinegon hori 1978ko konstituzioaren aurrean askok izan zuenaren antzekoa dela; hartakoan, baietza onespena ematea zen gero etorriko zen kaka guztiari ; ezetza, aldiz, frankismoaren alde egitea. Halatan, euskaldun jende gehienak ez arre eta ez so, eta zuen botorik eman.
Berez, baina modu abstraktuan, aldrebeskeria hutsa da talde ultraeskuindar batzuen ekimenez epaile bat epaitzea frankismoaren gizadiaren kontrako krimenak ikerketzeagatik. Bai, baina gauzak ez dira gertatzen modu abstraktuan: badauzkate noiz, nork, nola zehatzak.
Garzon bezalako pikaro gazki hezi batek eskua sartzea Francoren biktimen auzian zorigaitz handia izan zen, goitik behera kakaztu baitzuen aurreantzean egin litekeen ekimen oro eta, ohi bezala, ezerezean bukatu zen. Alde horretatik, mesede galanta egin zien Garzoni frankismoaren kumeei.
Suposatzen dut Garzonen asmo nagusia bere ego erraldoia elikatzea zela, baina, hain harroputza izanda, ez zuen kontuan hartu judikaturaren baitan mundu guztiak dakiena: instruktore gisa desastre hutsa da mutila, autoetan egiten dituen akatsak zuzenbideko lehen mailako edozein ikasle lotsaraztekoak modukoak direla.
Normalean hori ez da arazo Auzitegi Nazionalean, Euskal Herriko egunkari bat ixteko edo "todo es ETA" leloaren arabera jende andana espetxerazteko ez baitira behar ezagutza juridiko sakonak, baizik eta nahasketa bitxi bat: gorrotoa, azal gogorra eta, batez ere, eskalafoian gora egiteko gogo bizia, horretarako erabilitako bideak edozein izanda ere. Franco-eta auzipetzeko auto narratsa egin zuenean hori kontuan hartu beharko zukeen mutilak. Nik, egia esan, ez diot inolako errukirik zor. Azken finean, oso gauza espainiarra egingo diote orain: "lo van a poner en su sitio".
Bestalde, progreak oso asaldatuta dabiltza, nola demontre den posible ultraeskuindarrek jendea han aise auziperatzea. Gainera, progre horiek hilaren 13an biltzekoak omen dira euren haserre gorria plazaratzeko edo. Akordatuko ahal dira sikiera aurreneko egunean gizon zintzo batzuei epaia jakinaraziko zaiela, eta haien kalbarioa luzatu dutenak izan direla, hain preseski, ultraeskuindar horiei men egin dieten epaileak, Garzonen pelajeko epaileak, hain zuzen.
Otamendi, Uria, Torrealdai eta besteen zorteak kezkatzen nau, bai, baina Baltasar Garzon jaun txit gorenari gertatu dakiokeenaz ez naiz batere arduratzen. Badakizue: artzainak liskartu, eta lapurtutako gaztak azaldu ziren.
1. Atxiloketak. Espainiak ez du nahi euskal independentismo funtzionala mugimendu politiko huts bihurtzea, hau da, borroka armatuaren garaiari uztea. Beraz, baliteke errepresio basatia hemendik aurrera are eta basatiagoa izatea. Gainera, euskal presoak bahituta edukita, karta guztiak bere alde markaturik dauzka.
2. Borrokari armatuari utzita ere, independentsimoak ETAri buruzko "gaitzespen sendoa" erakutsi beharko du; atzeranzko gaitezpesna ere bai, jakina. Igoal, Santa Kruz apaiza edo Matalas ere "gaitzesteko" eskatuko diote, batek daki.
3. "Gaitzespen sendoa" eginda ere, ETAk armak entregatu beharko ditu. Formula hori Paisley apaizak asmatu zuen Belfasten. Nik ez dut inoiz ulertu zertan datzan armen entregatze hori, ETA edo IRA bezalako armada klandestino bat tanke, misil eta hegazkinak dauzkan "benetako" armada bat izango balitz bezala, baina tira, behaztoparri gisa berdin balio du.
4. Armak entregatuta ere (tiragomak barne), euskaldun jendeak jakin beharko luke berea ez dela nazio bat; hortaz, ez daukala inongo eskubide "kolektiborik". Gehien jota, eta txinxo portatuz gero, eskubide "pertsonalak" izango ditu, beti ere 1978ko Konstituzioaren baitan. Orain lezio hori esplikatzen ari zaio katalandar jendeari, zeinak "bide baketsu eta demokratikoak" baino ez dituen erabili berea erreibindikatzeko.
Oraingoz, besterik ez.
Batzuok Pirinio alderako txangoa prestatzen ari garelarik, eta beste batzuk euren prozesioak eta abarrak -nor bere debozioari atxikitzen zaio- munduko bolborategia lehertzeko zorian dagoelako albisteak bata bestearen ondotik datozkigu. Gaur irakurri dudanez, misil amerikar batek 13 lagun -zoritxarreko zenbakia, ezin aproposagoa Aste Sainturako!- garbitu ditu Pakistanen, Afganistango mugatik hurbil. Izan ere, azken boladan 350 bat lagun garbitu omen dituzte, denak "pilotik gabeko hegalaldi kontrolatuak" erabilita. Ez daukagu zertan kezkatu, gainera, hildako gehientsuenak "estremistak" baitira.
Ez daukat oso argi zer den estremista izate hori, bai gure agintari jakintsuek ere Afganistango saltsa hartan parte hartzen dutela, ordea. Eta gure agintari jakintsu horiek jende txit demokratikoa direnez, estremista direlako horiek jende ezin zitalagoa izango da. Terroristak edo.
Baina, hara non bat-batean zerekin akordatu naizen, aspaldi ez dela Patxi Lapurrak esan zuela "bortizkeriaz ez dela inora ere joaten". Gero pentsatu nuen Patxi Lapurra PSEkoa dela, hots, PSOEren adar vascongadistaren kidea, eta PSOE nazioaren -gure nazio bakarraren, noski- gobernuan dagoela, eta gobernu horrek igoal soldadito español gehiago (tira, gero eta hegoamerikar gehiago dago) bidaliko dituela Afganistanera, "estremista" gehiago garbitzen laguntzera bidali ere. Eta hortxe galdu naiz.
Baina ez genioen bortizkeriaz ez dela inora ere joaten? Nortaz, zerez ari zen Patxi Lapurra, orduan? Euskal Herriaz eta ETAz bakarrik? Edo hemen balio ez duenak bestetan balio al du?
Eta gero akordatu naiz beste Patxi batek arestian esandakoarekin, bortizkeria gaitzesten ez dutenekin ez dagoela inolako fronte subiranistarik osatzerik. Bai eta betidanik "abertzale eta demokrata" omen diren beste horiek atzo arte PSOE delako horrekin eskutik hartuta ibiltzeko prest zeudela (eta orain ere prest leudeke baldin eta PSOEk nahiko balu). Horiek ere, zer bortizkeriaz ari dira bortizkeria bera eta bortizkeria gaitzesten omen ez dugunok gaitzesten gaituztenean? ETArenaz bakarrik? ETArenaz eta estremista talibanenaz? Edo bortizkeria oro gaitzesten dute? Baina, bortizkeria ororen gaitzespen teorikoaz gain, zergatik enfasi askoz handiagoa jartzen dute kasu batzuetan bestetan baino? Ez dira bortizkeria guztiak berdinak izaten? Edo batzuek ez dute inora eramaten, eta besteek bai?
Urtzi jainkoa, hek bezala izatetik libra nazazu, faxista bihurtu behar banaiz ere!
Nonbait irakurri nion Koldo Mitxelenari euskararen gaineko aipu zahar guztiak bildu behar direla, nahiz eta xumeak edo itxuraz garrantzi gutxikoak izan uste baino garrantzitsuagoak gerta daitezkeelako, are gehiago Nafarroari baldin bagatzaizkio. Hona hemen, beraz, euskarari buruzko aipu bat, XV. mendekoa berau. Ez nuke esango guztiz ezezaguna denik, baina nik behintzat ez dut inon aipaturik ikusi.
Haren berri orain duela gutxi izan nuen, Michel Mollat du Jourdin historialari frantsesaren liburutto ederra irakurtzean: La guerre de Cents Ans vue par ceux qui l'ont vecue (Paris, Éditions du Seuil, 1992; Points Histoire bilduma, 164). 156. orrialdean, garai urrun haietan hizkuntzek zeukaten garrantzia iruzkintzen ari delarik, Mollat du Jourdin-ek Gilles Le Bouvier heraldoaren lekukotza dakar plazara, hark paristarrek Midi-ko hizkerak ulertzeko zeukaten zailtasuna azpimarratzen duelarik: "Or il ne s'agissait pas du basque, qui est una langue et dont Gilles Le Bouvier, en sa Description des pays, avait bien observé l'originalité".
Aiputxo horrek akuilaturik bibliografiara jo eta bertan liburu eder horren erreferentzia aurkitu nuen: Gilles Le Bouvier, dit le Héraut Berry: Le Livre de la Description des Pays, zeinaren bi edizio aipatzen diren: T.-H Hamy-rena (Paris, 1908), eta H. Courteault et L. Celier, paris, 1979.
Kontsultatu izan aha dudana aurrenekoa da, eta hauxe da deskripzio bibliografiko osoa: Le Livre de La Description des Pays de Gilles Le Bouvier, dit Berry... Paris, Ernest Leroux Éditeur, 1908. Edizioa apailatu zuena E.-T Hamy izan zen, goian esan bezala. Beherago aipatuko ditudan orrialde guztiak edizio honi dagozkio.
Le Bouvier Berry aldeko noblezia txikiko leinu baten baitan jaio zen 1386ean inguru, eta 1456. urtean hil, omen. Lanbidez heraldoa izan zen -hau da, gerraz alderdien arteko halako bitartekaritza egiten zuena, baita kontu geraldikoetan aditua- eta Frantziako Karlos VII.aren lehen "arma-errege" izatera iritsi zen. Aipatutako liburua 1440 inguru idatzi zuen, beti ere 1451a baino lehenago (urte hartan frantsesek ingelesei Baiona hartu zieten, hain zuzen). Frantziaren eta oro har Europako herri gehienen deskripzio bitxia egin zuen. 124. orrialdean "Espainien" deskripzioa hasten da. Inor ez dadila asalda, arren! Hemen Espainiak -prural eta guzti- zentzu geografikoan erabiltzen da, batik bat, nahiz eta frantsesen begietan Gaztela izena bereganatzen hasia zen:
"Orain Espainiez mintzatu nahi dizuet, eta hor diren jendeez. Espainietako erresuma, zeinari Gaztela ere esaten zaion, mugakidea da Nafarroarekin eta Frantziarekin, Akitaniako partetik. Ho badaude mendiak, Baiona hiritik Narbona hiriraino [Pirinioez ari da, noski]."
Gero Espainietan zortzi erresuma daudela diosku, zeinen artean Gaztela lehena den Frantziaren partetik:
"Aipaturiko Frantziako erresumaren ondoan Gaztela dago, zeina Baionatik lau legoara hasten den, Hondarribia ["Front Arabiez"!] izeneko tokian. Hor Bizkaia izeneko lurraldea hasten da. (...) Bizkaiko lurralde hau menditsua da oso, goian esan bezala. Itsas portu franko dago. Mendi hauetan oso gari gutxi biltzen da, eta oro har denetarik falta da, eta itsasoarengatik ez balitz oso lur txiroa izango litzateke. Itsas portu horietatik Flandres eta Frantziara burdina kantidadean daramate, baita "delete" eta "bastard" motako ardoak, oso ugariak baitira Espainietan. Eta Bizkaiko lurraldearen ondoren Asturias dago..."
Aurrerago Nafarroaren deskripzioa daukagu (131-132. or):
"Aragoiko erresumaren ondoan Nafarroako erresuma dago, berez erresuma txikia dena. Nolakoak diren nafar jendeen moldeak? Bada, jende arina dira, eta beti ere ingelesen aldekoak: ez dituzte gertutik ezagutu, noski! Erresuma honek lau bide-egun luze dauka, eta beste hainbeste zabal, hegoaldetik Aragoiko erresumak mugatzen du, sartaldetik Espainiak eta Bizkaiak eta Frantziak Akitaniako partetik, ekialdetik. Nafarroako erresuma honetan baso handiak daude, eta gari nahiz ardo ugari dauka. Hiri nagusia Iruñea da. Erresuma honetako jendeek berezko hizkuntza daukate, euskara izenekoa [ont langage à par eulx, qui s'appelle basque]".
Hortaz, XV. mendeko frantziar batek ikusita Nafarroa erresuma txikia zen... eta euskalduna.
Orain euskaraz irakurri dudan azken liburua iruzkintzea tokatzen da: Chinua Achebe idazle nigeriarraren Gainbehera dator dena (Things Fall Apart, 1958), Alberto Martinez de la Cuadraren itzulpen bikainean (juzgatu ahal dudan neurrian, bederen, jatorrizkoa ez baitut irakurri).
Bikaina diot, zeren eta Martinez de la Cuadrak egindako itzulpenak euskaraz irakurtzen gozatzeko aukera eman dit, eta hori oso eskuarki oso ohikoa ez bada, are gutxiago itzulpenetan. Bejondeiola, beraz.
Achebek ibo herriko Umuofia klanaren gainbehera kontatzen digu, Okonkwo pertsonaia indartsua ardatz hartuta: istorioa 1860 aldean hasi eta 1890 inguru amaitzen da, hots, ingelesak eta haiek ekarritako kristautasuna azaldu arte (bide batez esanda, garai latzak izan ziren haiek Euskal Herrian ere).
Istorioan pertsonaien haria galtzen ez bada ere, ibotarren antzinako bizimoduaren ikuspegi polita eskaintzen digu Achebek; ez da, ordea, eleberri kostunbrista bat, non narrazioa ohitura zaharrak erakusteko aitzakia hutsa den. Achebek maisuki marrazturiko pertsonaiak haragizkoak dira, bizi-biziak.
Nostalgiarik badago, noski, baina ez idealizaziorik: Achebek ibotarren kultura zaharra erakustean ez ditu alderdi ilunenak ezkutatzen, hala nola emakumeen menpekotasuna eta batez ere gizonezkoek haiek jotzeko zeukaten eskubide osoa. Gauza bertsua esan genezake kultura zaharraren eta kristautasunaren arteko talka deskribatzen digunean (Acheben gurasoak kristau ebangelista sutsuak omen ziren).
Acheberen lezioa hauxe da, hain zuen, Afrikako herriek euren kultura zeukatela gizon zuriak azaldu orduko, ez hobea, ez txarragoa, baina bai beren-beregia, eta zeuek, hain zuzen, kultura hori hein handi baten suntsitu zenuten (Achebek ingelesa adierazpide nagusi hartzea oso esanguratsua da, nori zuzentzen zitzaion ebakitzeko orduan), eta hori gutxi izan balitz, inoiz ulertu ez dituzuen kontuez aritzeko ausardia izan duzue gero.
Halaxe, liburuaren amaiera arranguratsua kontatu ondoren, halaxe bukatzen du:
"Idazteko asmoak zuen liburuan azpimarratuko zuen kontu hori [Komisario zuriak]. Epaitegira zihoan bitartean, liburu horretan pentsatu zuen. Egun guztiek ematen zioten gai berriren bat (...) Ia artikulu oso bat idatz zitekeen hari buruz. beharbada kapitulu oso bat ez, baina tamaina ederreko paragrafo bat, zalantzarik. Beste hainbat gai baziren sartzeko, eta zorrotza izan beharra zegoen xehetasunak baztertzen. Hautatua zuen liburuaren izenburua, asko pentsatu ondoren: Niger behereko tribu primitiboen baketzea."
Chinua Achebe, Gainbehera dator dena. Alfonso Martinez de la Cuadraren itzulpena. Alberdania eta Elkar, 2007.
