Badire lau urte ez garenetik etxe berean bizi, ez dugunetik urteroko besta gurean ospatzen, mihi gaiztoren batek edo bertzek bidali genituela erran arren, bakoitzak besta bere etxean ospatzeko momentua zela erabaki genuen. Bagenekien hasieran kostako zitzaiela eurena antolatzen familia ttikia zelako,baina bagenekien familia haunditzen joan ahala kapaz izanen zirela hortarako eta zorionez, ezkeunden nasiak.Gertuko bizilagun bezala, pozten gara, pozten gara lehen aldia dela eta ilusioz daudelako ,pozten gara ikusten dugulako larunbatekoa historikoa izanen dela, pozten gara…pozgarria delako batzutan, bizilagunari hain ongi doakiola ikustea.iparraldeko txapelketaz ari naiz, bai,larunbatean da final haundia eta aurreikuspen guziak betetzen badira, egun haundia izanen dela dudarik ez dago.
Prest dago txokoa, prest daude protagonistak, prest gaiak, prest sariak, prest entzuleak…tamalez , dena ezta arroxa kolorekoa.kanporaketak pasa ondotik,txapelketak, arnas pixkot hartzeko edo, asteburu bateko atsedena hartu duen hontan, familiako kide batek ere betirako atseden hartu eta agur erran digu: Ernest Alkat-ek, hain zuzen ere besta gurean ospatzen zenean bi aldiz txapel batekin etxeratu zen bertsolariak. Txomin Ezpondarekin batera iparraldeko bertsolaritzan, bere belaunaldiko ordezkari izan zen Ernest . hameka kontu dire berari buruz aditu ditugunak:Nafarroako txapel bat Beran bertan irabazi , eta txapeldunaren agurrerako bat nahikoa ez eta 3 bertso bota omen zituen. Behin erdaraz ere kantatu omen zuen bertso bat…hura moskeoa hartu omen zuena Xalbadorrek! Xabi paiari ere Xabi “paella” deitu zion gaijartzaile gisa jardun zen saio batean, a ze irriak, xabik anekdota hori kontatzen digun aldiro,…
Azken urtetan ixilik egon bada ere, bere ixiltasuna ordezkatzeko edo, Xan semeak, aitak irekitako bidea segitu eta txapelketan parte hartu du. Aurten ez da oholtzan egonen baina espero dugu bidean aintzinera egin eta egunen batean finalean ikusiko dugula.
Asteburu hontako gertaera latzgarri hau tarteko, zaila izanen da larunbatekoa egun borobila izatea baina esperantza badut, oholtzan ariko den zortzikoteak berea emanen duela eta finala besta haundi bat izanen dela,azken finean hori baita Alkat-i egin diezaioketen omenaldirik onena!...eta txapeldunak kanta ditzala 3, 4 , 5 edo behar diren adina agur!
Goian bego Ernest! Animo Xan!
Ta zuei ongi segi!
Julen Zelaietaren txokoa
