Joxemi, gareno gugana zara
Artikan gaude, Joxemiel, oroitzen? Felix Sarasa “Txolin”-en sortherrian, Espoz y Minarekin XIX. mendeko hastapenean gerlari ibilitako laboraria. Eta nola ez oroit hartaz eta hizkuntz lekukotasunaz. Espoz y Mina Txolinez mintzo zelarik: “No sabía escribir, leer ni hablar castellano; comprendía sí la lengua castellana, más nunca pudo decir en ella una expresión enteramente ajustada. Era el vascongado más cerrado que había existido en Navarra”. Eta Hermilio Olorizek Espoz y Minaz du eransten: “…aborrecía el vascuence, la lengua de sus padres, la suya propia… pues era natural de Idocin”. Euskararen inguruko lekukotasuna… eta drama, zuk hain bizitu eta aztertuak, Joxemiel, hain ezagun eta pairatuak.
Baina hemen biltzen gaituena, min eta atsekabez zeharkaturik biltzen, zure ustekabeko aldegite bortitz eta bidegabea da. Horrengatik, egiari zor, injustua dela-eta, norbaiten madarikazioa bailitzan, biraoka eta zikina, arnegatzera edota kontuak eskatzera bultzatuak izan gara, bai. Nahiz segidan ohartu zentzubakoa dela, naski, umekeria; ez dagoela noren aurka jotzerik, ez bizitza eta heriotzaren gainetik agintzen duenik.
Ez gara, haatik, etsiak hartuak kalipurik gabe ergelki abaildurik geldituko, negar eta lantu. Eros-ek bainoago Thanatos-ek habitatuak, bizirik izanik ere hilik.
Ez. Duela abantxu 2.000 urte Lukrezioak zioenari jarraiki, nahiago dugu “ikuspegia zabaldu eta kontuan hartu osotasuna bere alderdi guztietarik, oroituz osotasunak ez duela mugarik. (…) Eta dena materia dela, natura. (…) Laster ikusiz natura libre dela, tiranoz aske, jainkozko laguntzarik gabe bere baitarik ari dela”. Edota antzera dena, Joxemiel, zure idera existentzia osoaren hatsa sentituz, bere handi eta ttikian, eta gisa berean, oinak lurrean, inguruaren hats, taupada eta urratsa unean une eta tokian toki bizitza bilakatuz. Bide mehar eta jori horretan dantzari trebea zinen; eta oinak arin zeneuzkan ber, burua gora, bihotza emankor, begiak jakin-minez zorrotz, eskuak zabal eta zauli. Gu oro ohartu orduko naturaltasunez gora egiten zenuen hegan, jauzi batez zikoizkeriak gainditzen laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik. Bai, gure mundua oparo zeharkatu duen euskalzale handi eta langile dohaitsua zinen, hainbat bidetan kausitu edota ukan dugun bidaide emankorra, adiskidea beti.
Argitaratu gabeko “Heriotzari erregua” poemaren bukaeran honela diozu, Joxemiel: Herio soraio betorkit / berak aukera duenean, / baina ailetorkidan berant, / baikor nagoenean.
Ondikotz, ez da hala gertatu. Dama beltzak, zure giza mailaz seduziturik, alu alaena, berarekin eraman zaitu, gupidagabeki ustekabean erauziz bizitzatik; ez, ordea, gutartetik, gutiago gugandik. Nahiz nekez berdinduko dugun zure ausentzia: gure letretan zenuen behako jantzia ments, eransten zenuen naturaltasuna eskas, lagunartean txertatu ohi zenituen ironia eta irria izozturik, familian zinen zutabe eta arnasa doloroski faltan… Gure soka higatuan, eta hala ere bizian, esku zabal eta oin dantzari alai eta trebearen tokia hutsik gelditu zaigularik. Beharrik zure bizi-pozaren itzalak argituko gaituen, lagungarri gertatuko zure obra, plazan dagoena eta plazaratuko dena.
Eta zu gabe jarraitu beharko dugu, zu bizituz dantza eta jaietan, lagunartekoan, literaturan, poesian…, gu ororen atsekabean, Idoia bizi-lagunaren eta Ilazki eta Maddi alaben minean…, bizi gareno, gugan baitzara, Joxemiel.
Jose Angel Irigaray
Artikako Kultur-Etxea, 2010-03-05ean
Artika, 2010-03-05ean
Erantzunak:
Erantzun: