Adiorik ez
Roberto Bolaño hil zenean pentsatu nuen beharbada eztabaida klasikoa aldatu beharra zegoela, apika galdera ez dela “Jainkorik, bai ala ez?”, baizik eta agian onartu beharko genukeela izan badela jainko bat, baina gaiztoa dela. Edo, kasik gauza bera dena, ez dakiela literaturaz. Nola ulertu, bertzenaz, batzuen heriotza? Nola, hiltzeko modu batzuk, tupustean, desorduan, sasoi betean gaudelarik?
Gure txikian, Joxemiel handia zen, eta haren lana izanen dugu beti horren oroigarri, benetan egindakoa eta dudarik gabe eginen zukeena, bizitzak aukera eman izan balio. Eta, hau bezalako idazki batean, hori nahikoa dela erran beharko nuke, nahikoa haren oroitzapenak bizirik jarrai dezan, nahikoa, berak utzitako hutsunea pixka bat betetzeko.
Baina ez da egia, ez da nahikoa izanen. Idazlea ez ezik, gizona ere ezagutzeko parada izan nuen, eta gazte argi, bizi, eskuzabal hura joan zaigula jakiteak iheskorrago egin du nire gaurko loa, goibelago, goiza, eta handiago bihurtu barnean aspalditik daramadan amorrua. Ez, ez da jainkorik, edo, baldin bada, gaiztoa da, bertzenaz nola ulertu bat ez, hainbertze Joxemiel eraman izana, lagun ona, langile fina, hizlari trebea, idazle nekaezina? Galdera erretorikoa da, jakina, heriotza ez baita ulertzen. Onartu egiten dugu eta, hondarrean, ohitu egiten gara estomakan daramagun hutsunera.
Behin erreportaje txiki bat idatzi nuen Joxemielekin eta Patxi Larrionekin batera, Argia aldizkarirako. Gehiago ere etortzekoak ziren, edo hori zen gure asmoa. Bigarrenean, Orreagaz aritu behar genuen. Ez genuen inoiz gauzatu. Joxemielek baino ez zuen bere partea prestatu. Nirea ez nuen egin nirea, beti lanpeturik, beti aitzakiaren bat edo bertze zela medio. Damu dut orain, damu dut, nahiago nuke egin izan banu, nahiago nukeen bezala lerrook izkiriatu behar izan ez banitu. Ez, ez da jainkorik, edo, baldin bada, gaiztoa da, umezurtz ginenok are umezurtzago utzi baikaitu, babesgabe eta ahul ginenon indarrak are gehiago ahitu dizkigulako. Nork defendatuko du orain Nafarroako euskaldunon duintasuna? Nork, euskarak gure lurrean utzitako arrastoa? Erran nahi baita, nork eginen du hori, Joxemielek bezain xume eta aldi berean bezain ongi, bezain fin?
Bizitza, memento batetik aitzinat, hutsunez betetzen hasten zaigu. Handiago, batzuk, txikiago, bertze batzuk. Barnean sentitu arren, kanpoan ere ikusten ditugu. Duela jada urte franko, Joxemielek, bertze bi lagunek eta laurok Zaldikoko sotoan afaldu genuen. Gau hura iltzaturik gelditu zitzaidan gogoan, auskalo zergatik: giro ona, ondoan nituen mintzakide iaioak, solas atsegina. Egunen batean, beharbada, berriz elkartuko gara Zaldikon, sotoan, menturaz, hutsune bat lagun dugularik.
Adiorik ez, Joxemiel.
Santi Leone
Erantzunak:
Erantzun: