Mezua: Biba Bidador

2010-03-02

Permalink 16:39:30, Atalak: joxemiel  

Biba Bidador


Argazkiak.org | joxe miel Bidador © cc-by-sa: gara.net

Zer anker den bizitza, adiskideak!

Adiskidea genuen Joxe Miel, ezer baino lehen. Adiskide-adiskidea, parrandarako bezala katxondeorako. Umore onekoa eta zorrotza, sekula zakarra izan gabe. Fina, ironia leun eta maitagarrikoa. Batek ikusten zuen Joxe Miel eta pìxka bat gehiago gelditzeko gogoa etortzen zitzaion. Batek ikusten zituen San Lorentzoko dantzanteak, eta dantzan egiteko gogoa etortzen zitzaion.

Gero genuen euskaltzale. Pentsatzen hasita, eta batek daki zergatik den euskaltzalea inor gaur den egunean hemen. Hemen. Alegia, jakin badakigu, baina kemena behar dela. Sobra Joxe Mielek.

Gero genuen eruditoa. Hemen serio jarri beharko dugu, ganora piska batekin ariko bagara. Esaterako, Joxe Miel bezalakorik ez zegoen Iruñeko –eta Nafarroako– euskara biziaren eta idatziaren azken aztarnen bila aritzeko. Gogoratzen Tapia Perurena? Gogoratzen Mikelestorena exitosoa edo arrakastatsua? Basamortuan putzua ateratzeko zale, jakinik putzuak badirena, eta bilatu egin behar direna. Ez ohi dugu sinesten zerbait ostu digutela, ez eta sinesten dugulako plantak egiten ditugunean ere. Joxe Mielek gure buruarengan sinisteko indarra ematen zuen bere jakinduriaz.

Horregatik dator mina, eta dolua.

Gero beste kontsiderazio batzuk datoz. Hain ahul izanik, eta Joxe Miel galdu. A ze galera! Ordezkatu ezina. Ez dugu, gaur egun, Joxe Mielen ordezkorik. Ez gara ari ezkila jotze merkean, nahiago genuke halako bi bihar bertan bagenitu.

Gero beste konsiderazio batzuk datoz. Zer erraz jartzen diogun trapu handia pupu txikiari, hainbeste ze zoritxarra, egiazkoa, datorrenean, ez daukagula trapu nahikorik. Zer balio gutxi ematen diogun eguneroko poz arruntari, zer barru eskasa daukagun gure baitan dagokeen argiari kanporarako bidea zabaltzeko. Erakutsi beharko geniela gure ondorengoei guk gozatu dugunarekin gozatzen, hainbeste tontakeriarik gabe.

Maite zaitugu, Joxe Miel.


Jon Alonso eta Patxi Larrion

Erantzunak:

Bidaltzailea: Itxaro Borda [Bisitaria]
Bai, arrazoi duzue, handia zen Jose Miel, handiagoa oraino adiskide gisa. Doluminak familiari Baionatik.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-02 @ 19:18
Bidaltzailea: Mikel Belasko [Bisitaria]
Ederrak zuen hitzak. Bihotzez eginak. Doluminak bai, Joxe Mielen etxekoei.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-02 @ 20:07
Bidaltzailea: zizurko ikasle ohia [Bisitaria]
batek ikusten zuen joxemiel eta galditzeko gogoa etortzen zitzaion bai,izan dudan irakaslerik onena izan da, ikasle zirikatzaileak izan arren maite zigun ta guk maite dugu, aspaldi ikusi gabe ginen ta zurekin topatzeko gogo asko nituen urte hauetan pasatutakoak kontatzeko,gogorra izan da baina zutaz oroitzen naizen bakoitzean oroitzapen on bat datorkit,ez zaitut ahaztuko...beti bihotzean izango zaitut.Agur eta eskerrik asko bihotzez.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-02 @ 21:24
Bidaltzailea: Gidor Bilbao [Bisitaria]
Ikaslea izan genuen Filologian, bistan denez ikasle ona; gero ere lezio on asko eman zigun.
Doluminak Bidadorren hurbilekoei.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-02 @ 22:22
Bidaltzailea: Zizurko beste ikasle ohi bat [Bisitaria]
Hala da!!!ikasle ona ta irakasle hobea!!lortu zuen zailena, gure bihotzetan sartzea ta betiko bertan geratzea!!
Mil esker guztiagatik...
Doluminak hurbilekoi
Permalink-a mezu RSS 2010-03-02 @ 23:39
Bidaltzailea: Mikel Taberna [Bisitaria]
Beti atsegina tratuan. Harrigarria eta miresgarria, egin zituen lanengatik. Harribitxia. Nola erreskatatu zizkigun ahanzturaren eta gure ezjakintasunaren azpian lo zeuden idazleak, gure aitzinekoak! Eskerrik asko, utzi diguzun ondareagatik! Alde guzietatik begiraturik, pena, eta hagitz galera handia izanen den irudipena. Doluminak familiari!
Permalink-a mezu RSS 2010-03-02 @ 23:56
Bidaltzailea: inma errea [Bisitaria]
Uste dut esan daitekeen dena esan duzuela, baina ez dakit hitzak noraino diren kontsolamendu.
Nik sentitzen dudan mina besterik ezin dut adierazi gaur.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-03 @ 08:38
Bidaltzailea: Jose Luis Erdozia [Bisitaria] · http://irakasle.net
Denbora luzean ezagutu ez bahaugu ere, arrasto sakona utzi duk gure baitan. Eskerrik asko izan haizen modukoa izateagatik. Eta familiari... Osasuna enkomendatzeko!
Permalink-a mezu RSS 2010-03-03 @ 08:54
Bidaltzailea: Jokin Muñoz [Bisitaria]
Literatur lanek bainoago, aita lanek elkarganatuta topo egiten genuen, noiz edo noiz, Etxauriko jaietan. Hitzaspertu goxoak izaten ziren haiek, umeei begira, umeei buruz.Besarkada handi bat familiari momentu zail hauetan.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-03 @ 10:09
Bidaltzailea: BIERRIK fundazioa [Bisitaria] · http://www.guaixe.net
Sakanako Euskal Idazleen Antologia (I)
BIERRIKek egindako proposamenari gogoz erantzunez, Sakanako idazleek euskaraz argitaratutako lanak ezagutzera eman eta jasotzeko lana hartu zuen, lan interesgarri eta mardula gure eskura utziz.
Mila esker guztiagatik

Permalink-a mezu RSS 2010-03-03 @ 10:30
Bidaltzailea: Muthiko Alaiak Elkartea [Bisitaria]
Aipatu izan dira bere lan egiteko gaitasuna, arlo askotan erakutsi duen konpromezu handia, euskararekiko zaletasuna, ikertzeko gaitasun ikaragarria. Baina batez ere bere jatortasuna izan da, guretzat nagusi.
Oso gogoan izanen ditugu gure peñan emandako hizaldiak eta dantzen inguruan bizitako uneak.
Zein bizitza motza, eta zein zabala eta emankorra!
Momentu zailotan gure doluminak familiekoei.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-03 @ 10:39
Bidaltzailea: Juan Vélez [Bisitaria]
Gutxi ezagutu arren, berarekin elkartzen nintzen aldioro zerbait ikasten nuen, eguraldiaz mintzatuta ere beti zuen hitz bat, pasadizo bat oparitzeko. Euskal Kultura ezagutzen ez dutenek ez dakite nor galdu dugun, zeren gaztea izanda ere zenbat lan egin zuen eta zenbat zituen egiteke. Dena esana dago. Sekulako mina hartu dut eta ez dakit nola adierazi.
Doluminak eta besarkada handi bat familiari.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-03 @ 10:59
Bidaltzailea: Juankar LOPEZ-MUGARTZA [Bisitaria] · http://aspaldiku.blogspot.com/
Joxemiel Bidador joan zaigu...

Euskara gaur atzo baino tristeago dago Nafarroan... Atzo arte Euskara, kanpotiko erasoei erantzunez bazihoan aurrera, beti aurrera, aldarramarkan bazen ere... Kanpotiko erasoei ez zien beldurrik... Laguntzarik ez zuen, oztopoak baizik... konparazio baterako, bere irratiarentzat, Euskalerria Irratiarentzat, zangartekoak besterik ez, ez lizentziarik, ez deus... trabak matrikulazio garaietan... oztopoak euskal ereduak zabaltzeko... lotsagabekeriak edonon euskararen kontra... mixeriak... mixeriak edonon... glotozidioaren sastakaiak iltzatu nahi zizkioten egunero... orduoro... euskarak aurrera egin nahi zuen segundu bakoitzean... baina, halaz ere, euskara ez zen beldurtzen, ez zuen atzera egiten... aiztoak eta orratzak gorputzean sartuta ere, Iruñeko Sanferminetako zezenak bezala aurrera zihoan karriketan eta estietan barna... hain pozik, hain alai... zezen hiltzaileek noiznahi gurutzeraino sartzen zioten ezpata euskara hiltzeko nahikoa ez zela erakutsiz... Baina, oraingoa, larriagoa da... Euskaldun euskaltzale gutxi gara Nafarroan... Komunitate txikia osatzen dugu euskaldunok eta horregatik ez dugu inor ere sobera, denok gara beharrezkoak, eta gutariko bat betiko joaten delarik ez dugu joan denaren bezalako ordezkorik... behin baino gehiagotan, ezta ordezkorik ere...!! Joxemiel joan da... umezurtz utzi gaitu, errekanbiorik gabe... Euskara negarrez dago... eta euskararen etsaiak pozik, oso pozik. Bestela, ez baleude, euskararen alde eginen zuten berehala. Eta gu, nola gaude gu? Lo belarra eman digutela dirudi... Gure artean elkar joka... Neurria hartu digutela nabaritzen da...

Ez adiorik...!

Juankar LOPEZ-MUGARTZA

Permalink-a mezu RSS 2010-03-03 @ 14:29
Bidaltzailea: fito rodriguez [Bisitaria]
Aio, jakintsu eta leial hori.

Inor, herioak eramana, desagertzen denean, ordezkaezina zela errepikatzen ohi du topikoak. Halere, topikoak topiko, honela esango nuke nik utzi berri gaituen Joxemiel Bidador idazleaz eta, halaber, adiskide kirmenaz.
Izan ere, ingurukoak hil egiten direla, haietaz agertarazten ditugun sentimenduak bizitzearen aldeko sentikizun ere badira, eta horregatik sentitu egiten ditugun zure hutsunean zureak izan diren sentiberatasun poetikoa eta jakinmin gogaberaren galera, utzi dizkiguzun olerkietan nahiz entseguetan ondua.
Baina bizitza, itzulezina izan arren, haren emariak badihardu, iraun ere, eta hura da ordezkaezin bihurtzen dena. Zuk bizitutakoa, eta zuk idatzitakoa ordeztezinak baitira.
Ez zaitu, halere, herioak hartu behar bezalako barrerik egin gabe. Kontrakoa eman arren, Euskal Idazleen Elkartearen arduretan ez dago beti literaturarako astirik. Aitzitik, nahiz eta askotan idazleon habia atsekabearen eskergaiztxoko bilakatu zure alegeratasunak zabaldutako pozaldia izan da maiz gure aterpe onena, eta ahaztezina. Lanean nahiz kezketan, bileretan nahiz buruhaustetan burukomina irriberaz ezabatzen bazenekien. Maitekorra izan zarelako. Eta, agian, maitasunak, ezinbestean, norberaren heriotzara eramaten gaituelako neurri batean, eraman zaitu zu bere altzora horren azkar.
Herioa, dantzari trebea, eta hitza, dardaratia, elkartu dira zure sorkuntzan, zure emarian. Ez zen zurea denbora galduaren bila aritzea eta zure denbora ez da bukatu, agortu arren, gurekin dantzan dabilelako zure idazkietan.
Gu baino azkarrago izan zara, hala nafarreraz nola batuerazko adieretan, denok egin beharreko bidea jadanik burutu duzulako, eta opari oparoak utzita.
Zureak irakurtzerakoan orain aldian egongo zara, iraganerako kondena gainditurik, bai eta geroan ere, gure munduko, gure Euskal Herriko iragana, orainaldia eta etorkizuna hobeto ulertzen lagunduko diguzularik.
Eta hiltzeko garai onik inoiz ez badago ere bizitzan zerbait emana utzi duzula ezin da ukatu.
Hunkituta gaude, zure jakinduria eta leialtasuna ez dugu hemendik aurrera bidaide izango baina, izan dugu, ordea, eta plazera izan da…
Agonia luzeak izaten diren garratzenak, eta zu ez zara inoiz garratz izan, jakintsu eta leiala baizik.



Hil zarela esan zidatenean
hartu nuen hotzlarria,
zure falta eta egarria,
utzi baikaituzu bat-batean…

Eta ezin egon bakean
zure izaera apala
nahiz jakinduri zabala
betiko galdu dugunean

Eragin duzun arrakala
ezin da izan makala.
Aio, jakintsu eta leiala.

Fito Rdz

Permalink-a mezu RSS 2010-03-03 @ 19:50
Bidaltzailea: Ana , Miren eta Balma [Bisitaria]
Beti izango zara Tuterakoa. Biba zu!
Permalink-a mezu RSS 2010-03-03 @ 22:41
Bidaltzailea: iban Amotxategi [Bisitaria]
Gipuzkoarra, Tuteran eta Irakasle hasi berria. Sei hilabetez ezagutu eta lankide izan zaitut. Eta sei hilbetez jator eta beti laguntzeko prest. Eskerrikasko Miel, eta izenez ezagutzen bazaitut ere, zorionak Idoia izandako senarragatik.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-03 @ 23:55
Bidaltzailea: Jerardo Elortza [Bisitaria]
Arrazoi osoa duzue. A zer galera! Joxemielen idazlanak aspalditxotik ezagutu eta irakurri nituen, baina ez nuen berarekin traturik Euskal Idazleen Elkarteko Zuzendaritza Batzordean batera aritu ginen arte. Denbora gutxian izan arren, harreman oso estua eta leiala izan genuen, ondotxo dakigun bezala, Joxemik adiskideak erraz egiten baitzituen.

Zenbat solasaldi gozo elkarrekin gustuko genituen gaiei buruz! Euskal Herriko literatura, geografia, dantza eta beste hainbat konturen gainean. Besteak beste, ez ditut ahaztuko Lugoko Galeuscan izandako berriketaldi luzeak, ezta, duela gutxi, Irurtzunen, EIEren azken Batzar Nagusiaren ondoren, bazkari denborakoa.

Besarkada bat etxekoei eta mila esker, Joxemiel, ezer eskatu gabe, hain eskuzabal utzi eta eman diguan guztiagatik!

Jerardo Elortza















Permalink-a mezu RSS 2010-03-04 @ 15:51
Bidaltzailea: Karlos eta Itziar [Bisitaria]
Se ha ido sin avisar, otra vez. No os lamentéis, volverá. A la Ribera él siempre quiso y supo volver.
¿No me creéis?
Pues habéis de saber que cualquier primavera, cuando estemos en la huerta comiendo cordero, él vendrá (sin avisar) se sentará en la silla más vieja y se pondrá a cortar queso y cuando ya nos hayamos bebido un par o tres de botellas de vino, le retaremos con una jota y el nos contestará, con unos bertsos. Y el que no lo crea, es que no conoce o no ama esta tierra, como esta tierra conoce y ama a Joxemiel, nuestro Joxemi.
Baziren, bagara.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-04 @ 18:08
Bidaltzailea: Xanti Begiristain Madotz [Bisitaria]
Aspaldian ezagutu genuen elkar, dantzak zirela, txistua zela, literatura zela, euskara zela, eta abar. Beti harritu nau zure lan egiteko ahalmen izugarri handiak; niretzat nahi nuke.

Nafarkarian idazten zenuenean, Iruñean, behin batean, UEUko garaian, Pierres Xarritonek esan zidan: . Ez dakit inoiz kontatu ote nizun pasadizo hau. Badaezpada ere, hemen gelditzen da esana, denbora luzea pasatu bada ere.

Euskaltzale guztiek bezala, pena handia sentitzen dut horren bat-batean utzi gaituzulako, baina kontsolamenduzko poza ere bai, Iruñerriak zu bezalako pertsona handi, apal, alai, jakintsu, langile, eta abar eman digulako, eta zu ezagutzeko zorte ona izan dugulako. Beti arte, Joxemiel jakintsua, eta eskerrik asko zure lan erraldoiarengatik!

Idoiari eta hurbileko guztiei, atsekabean lagun!

Xanti Begiristain Madotz.

Permalink-a mezu RSS 2010-03-04 @ 19:44
Bidaltzailea: Xanti Begiristain Madotz [Bisitaria]
Pasadizoa ezabatu da, barkatu; hauxe izan zen,alegia, Pierresek galdetu zidan ea ezagutzen ote nuen Joxemiel Bidador izeneko idazlea. Esan nion baietz, eta orduan harriturik galdegin zidan ea Iruñekoa ote zen. Nik baietz. Jarraian esan zidan irakurtzen zituela zure idazlan guztiak, eta mesedez eskatu zidan zuri esateko arrunt onak iruditzen zitzaizkiola. Hori guztia, Takonera ondoan. Beti arte!

Xanti Begiristain Madotz.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-04 @ 20:08
Bidaltzailea: patirke ( lankidea) [Bisitaria]
Joxemiel,asko poztu ninduen zu ezagutzeak.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-04 @ 23:13
Bidaltzailea: Lagun bat [Bisitaria]
Idoiarentzat

CANT DE L’ENYOR
Ni que només fos
per veure’t la claror dels ulls mirant el mar.
Ni que només fos
per sentir el frec d’una presència.
Ni que només fos
poder-nos dir un altre adéu serenament.

Ni que només fos
pel suau lliscar d’un temps perdut al teu costat.
Ni que només fos
recórrer junts el bell jardí del teu passat.
Ni que només fos
perquè sentissis com t’enyoro.
Ni que només fos
per riure junts la mort.

Ni que només fos
poder-nos dir un altre adéu serenament.
Ni que només fos
perquè sentissis com t’enyoro.
Ni que només fos
per riure junts la mort.
Lluis Llach

CANCIÓN DE AÑORANZA
Aunque solo fuese
para ver la claridad de tus ojos mirando al mar.
Aunque solo fuese
por sentir el roce de una presencia.
Aunque solo fuese
para poder decirnos otro adiós serenamente.

Aunque solo fuese
por el suave deslizar de un tiempo perdido a tu lado.
Aunque solo fuese
recorrer juntos el bello jardín de tu pasado.
Aunque solo fuese
para que sintieses cómo te añoro.
Aunque solo fuese
para reír juntos la muerte.

Aunque solo fuese
para decirnos otro adiós serenamente.
Aunque solo fuese
para que sintieses cómo te añoro.
Aunque solo fuese
para reír juntos la muerte.
Lluis Llach
Permalink-a mezu RSS 2010-03-04 @ 23:54
Bidaltzailea: Zaldiko Maldiko kultur elkartea [Bisitaria]
Euskaltzale handi bat joan zaigu ustekabean. Izan ere, ezer baino lehen euskaltzalea baitzen Joxemiel. eta euskaltzaletasun horrek Zaldiko Maldikora ekarri zuen, gazte-gazterik bazkidetu baitzen. Geroztik, beti prest egon da bere herri-jakiduria zabaldu eta konpartitzeko, baina modu didaktikoan, jende guztiak ulertzeko maneran, ezin atseginago, irribarre ahaztezin hori ahoan zuela. Hari entzunez eta bere idazkiak irakurriz, gauzak ia oharkabean ikasten genituen, hain atsegina baitzen bere solasa! Eta eguneroko bizitzan ere halaxekoa zen: goxoa, zintzoa eta xumea, bere handitasunean.
Besarkada handi bat eta gure doluminik zintzoenak bere etxekoei, bihotz-bihotzez.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-05 @ 08:32
Bidaltzailea: albokaria [Bisitaria]
Lurpera lagundu zintuen azken alboka-nota urratuak,
lur hau zanpatzen duen behialako espirituaren oihuak,
errealitate fisikoa zeharkatu zuen
unibertsoaz haratago
esanezinaren bila
hitzak iristen ez diren ezlekura
gure mina, harridura eta beldurraren mezulari
kasik ikusi eta guzti egin genuen, partitzen,
Etxauri aldeko laino-errezela herabea zulatuz
Etxaurik malko lotsatiez zeuzkalako bustita begiak
negar iturri izatera deliberatzen ez zen ahalkeaz
ausaz gure nolako onenen laburpena zen giza on bat hil da
albokaren disonantzia primitiboak
hala iragartzen zuen
esanezinaren ezlekura lekutu da
hitzak iristen ez diren tokira
eta gure hitzaren ezina
eta gure hitz-ezina
iltzatuta dago gure baitan
galderak baizik ez baititugu
eta erantzun bakar bat ere ez
Permalink-a mezu RSS 2010-03-05 @ 14:21
Bidaltzailea: Marian Antoñana [Bisitaria]
Joxemiel hizlari, hedatzaile paregabea, jendea txunditzeko modukoa. Langile, ikertzaile, idazle nekaezina,eredugarria. Euskaldunontzat eta euskaltzaleontzat galera zinez handia!

Doluminak etxekoei, momentu latz hauetan, bihotz-bihotzez.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-07 @ 21:09
Bidaltzailea: Angel Elizalde [Bisitaria]
Zure laguntzaren ezker ni orain euskalduna naiz. Hain gutxi eta hainbeste. Esker mila Joxemiel.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-08 @ 00:31
Bidaltzailea: tukutuku [Bisitaria]
Iruñera ailagatu, Iruña deskubritu nahian, 19 urte. Norekin topatu behar? bada ixiltzen ez zen gaztetxo erdaldun batekin. 16 urte izanen zituen eta alde zaharrarako bidean, dantzen entsaioa eta gero, aho zabalik uzten ninduen. Taberna guzien historia eta inguruko komertzioak eta nola ez karriken historia ba bai zekien. hau garai batean ez dakit norena zela, bertzea garai batean ez dakit zerena zela, karrika honetan ez dakit zer gertatu zela.... nik egia erran, dudetan jartzen nuen erten zuen guztia, gauza ttikienak ere zekizkien. Asmatuko zituela pentsatzen nuen. Trago batzuk hartu eta gero, imajinatuko duzuen bezala, aunitz hartu eta gero, baino aunitz, ba galtzen nintzen. hori bai, irriz lehertzen nintzen ez baitzen inondik ere lagun aspergarria. Pare bat urte izan ginen ikusi gabe eta a ze kolpea hartu nuen! beti zebilen euskara ikasi behar zuela baino, alajina! erderaz hiz egitem zuen guzti hura euskaraz aditzea... tira! Joxemi beti egon zinen laguntzeko prest eta gozada bat izan da zu ezagutzea, baikor zentzu guztietan, beti bihotzean.
Permalink-a mezu RSS 2010-03-13 @ 13:51
Bidaltzailea: ikaslea [Bisitaria]
Beti alai, beti lagun. Oparia, zu ezagutzea.
Betiko zure ikasle.

familiakoei animoak, bihotzez
Permalink-a mezu RSS 2010-03-18 @ 21:09

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
----------

joxemiel bidador

Ez adiorik, Joxemiel

Bilaketa

Atalak

Artxiboak

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution